Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Apirilak 7

Nafarroako Gobernua premiatzen da emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasuna susta ditzan lan arloan

Berdintasun Batzordea berrabiatu dadin eta jaiotza, adopzio eta harrerengatiko baimenen erreforma osoa egin dadin planteatzen da

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen ebazpen baten bidez Nafarroako Gobernua premiatzen da “behar diren neurriak har ditzan gizon eta emakume langileen artean erantzunkidetasuna sustatzeko, hala esparru publikoan nola sektore pribatuan. Horretarako, beste ekintza batzuen artean, berriz jarri behar du abian Berdintasun Batzordea, orain urtebete Gizarte Elkarrizketaren Kontseiluaren barnean sortua, eta NBI ere lanean jarri behar du, enpresa pribatuetarako proposamen zehatzak egiteko, negoziazio kolektiboaren eta Administrazio publikoaren esparruan”.

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan, berriz, Foru Gobernuari aholkatzen zaio “kontratazio publikoetan pizgarrien sistemak ezar ditzan, halako moduz non balorazio-baremoetan era positiboan baloratuko diren enpresek izan ditzaketen bateragarritasun-planak”.

Hirugarren atalean Nafarroako Parlamentuaren babesa jasotzen da “haurren jaiotza, adopzio edo harrerengatiko baimenen erreforma osoa egiteko, baimenak bi gurasoentzat iraupen berekoak izan daitezen, besterenezinak eta ordainduak, eta haiek elkarren segidan hartzeko aukera izan dadin”.

Horretarako, Espainiako Gobernua premiatzen da “baimenen sistema alda dezan, kronograma zehatz eta egingarri bat ezarriz”. Eta Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio NBIrekin batera azterketa bat egin dezala, 2016a amaitu aurretik, emakumeek haurren eta mendekotasuna duten pertsonen zaintzan aritzeagatik jasaten duten desberdintasun egoerari buruz. Azterketa horrek barruan hartu behar du, gainera, baimenak parekatzeko proiektu pilotua, 2017tik aurrera bera aplikatzeko egutegiarekin eta behar den inbertsioarekin batera, gero hori guztia sektore publikoan eta pribatuan gara dadin, ordezkari sindikalekin adostu ondoren”.

Azkenik, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “sentsibilizazio, sustapen eta erantzunkidetasun kanpainak eta beharrezkotzat jotzen dituen ekintza guztiak gauzatu ditzan, gure gizartean aldaketa kultural baterantz abiarazteko; aldaketa horrek rol eta estereotipo sexistak baztertuko ditu eta ikuspegi partekatu eta berdintasunezko bat ahalbidetuko du, bizitza mantentzeko behar diren lan guztiei (zaintza barne) dagokienez”.

Geroa Bai parlamentu-taldeak sustatu eta EH Bilduk zuzendu duen ebazpenak zioen azalpenean azpimarratzen du emakumeak lan arloan gizonen azpitik daudela bai “jarduera, behin-behinekotasun eta langabezia” tasei dagokienez, bai “soldaten arteko arrail itzela edo langileen eszedentziak” direla-eta. Egoera horietan guztietan “erantzunkidetasun defizita” antzematen da, erantzunkidetasunaren definizioari erreparatuta: “Emakumeek eta gizonek modu ekitatiboan bere gain hartzea etxearen, familiaren eta zaintzaren arloarekin lotutako erantzukizunak, eskubideak, betebeharrak eta aukerak”.

Horregatik, “emakumeek eta gizonek lan aukera berdinak izanen dituzten eta gizonek mendekotasuna duten hurbilekoak zaintzeko eginkizunak dagokien neurrian beren gain hartuko dituzten gizarte baterantz aurrera egiteko”, erakunde publiko eta pribatuen inplikazioa eskatzen da, Espainiako Gobernutik hasita; hain zuzen ere Espainiako Gobernuari kargu hartzen zaio ez duelako garatu nahi izan Haurrak izan edo adoptatzeagatiko baimen berdin eta besterenezinen aldeko Plataformak (PPIINA) aurkeztutako legez besteko proposamena, Diputatuen Kongresuko Berdintasun Batzordeak 2012ko urrian aho batez onetsi zuena.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (47. NPAO, 2016-04-05ekoa)