Noiz argitaratua Asteazkena, 2016.eko Maiatzak 18

Harrera ofiziala egin zaie Kurdistango Herrien Alderdi Demokratikoaren ordezkariei

"Kurdu herriaren nortasuna ukatu eta haien kulturari, hizkuntzari eta ohiturei erasotzen dien errepresio politika" salatu du Ainhoa Aznarezek

Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak lan bilkura egin du, Kurdistango iparraldean giza eskubideak nola urratzen ari diren azaltzeko. Deialdi hori baliatuta, Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak harrera ofiziala egin dio Kurdistango Herrien Alderdi Demokratikoaren (Halklarin Demokratik Partisi) ordezkaritza bati, hain zuzen ere Eyyup Doru eta Delal Gemikli HDPren Europako ordezkariei.

Harrera ekitaldia erakunde-aretoan egin da, eta bertan Ainhoa Aznarezek hitz egin du. Gogora ekarri du nafarrek ohikoa dutela “nazioarteko komunitatearen onarpenaren eta errespetuaren bila borrokan ari diren herrien aldarrikapenen aldeko elkartasuna”, eta Nazio Batuen sorrerako testuaren hitzaurrea aipatu du, non deia egiten baita “gerra saihesteko, tolerantziaz jarduteko eta aurrerapena eta eskubide-berdintasuna sustatzeko”.

Horren ildotik, “kurduen arazoei eta prozesu historikoei buruz argitaratzen den informazioa urria eta, maiz, desitxuratua” dela esan ondoren, lehendakariak deitoratu egin du “auzoko herrialdeen egonkortasunik ezak” jarri dituela agerian “egungo gatazkaren azpian dauden desberdintasunak, ez baitago nazioartearen babes argirik”.

Horiek horrela, Ainhoa Aznarezek, amaitzeko, “kurdu herriaren nortasuna ukatu eta haien kulturari, hizkuntzari eta ohiturei erasotzen dien errepresio politika” salatu du, eta gehitu du “indarrean dirauten beste gatazka askotara” estrapolatu daitekeela kurduen egoera.

Eyyup Doruk, bestalde, eskertu egin du bere herriaren egoera azaltzeko aukera. Mendebaldeko Asiako eskualde menditsua da Kurdistan, eta zatirik handiena Siria, Irak, Turkia eta Iranen artean banatuta dauka. Ordezkariak “elkarrizketan eta sistema demokratikoaren eta nazioarteko legeriaren errespetuan oinarritutako konponbide demokratikoa” eskatu du. “Laguntza behar dugu Turkiako Gobernuarekiko negoziazioa bideragarri egiteko eta gatazkak Europan eta munduko gainerako eskualdeetan eragina izatea saihesteko”.

Turkiako Gobernuaren “intrantsigentziak” eta munduko egoerak ekarri dituzten “ondorio latzen” azalpenean, Doruk Siriako gatazka aipatu du. “Estatu Islamiarraren aurka borrokatzera eraman gaitu, eta, nazioarteko komunitate osoa begira dugula, Turkiaren bonbardaketak jasaten ari gara, kurduon eta beste herri batzuen existentzia ukatzen tematuta baitago. Horrek gerra zibil etnikoa eta exodoa besterik ezin du ekarri”.

Jarraian, Parlamentuko lehendakariak opari bat (osoko bilkuren aretoaren erreprodukzioa) eman dio Eyyup Doru HDPko parlamentariari –Legebiltzarreko hirugarren indarra da, 59 diputaturekin–, eta horrenbestez amaitutzat eman da ekitaldia.

Harrera ekitaldian izan dira Unai Hualde eta Maiorga Ramírez Mahaiko kideak, hainbat parlamentarirekin batera: Iñaki Iriarte (G.P. UPN), Koldo Martínez, Virginia Alemán eta Consuelo Satrustegi (Geroa Bai parlamentu-taldea), Adolfo Araiz (EH Bildu parlamentu-taldea), Laura Pérez, Fátima Andreo eta Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea), Ainhoa Unzu (PSN parlamentu-taldea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea).

Ondoren Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak lan bilkura egin du. Bertan Eyyup Doruk kurdu herriaren berezitasunak azaldu ditu: estatu-nazio gisa eratuta ez dagoen Ekialde Hurbileko gutxiengo etnikorik handiena da.


Kurdu herria 55 - 60 milioi pertsonak osatzen dute. Horietatik % 45 inguru Turkian bizi dira, % 25 Iranen, % 25 Iraken eta % 5 Sirian. Kurduen diaspora ugaria ere badago Alemanian, Erresuma Batuan, Suedian eta beste herrialde batzuetan.


Lehen Mundu Gerran aliatuen alde aritu ondoren, kurduek independentziaren onarpena lortu zuten Sevresko Tratatuan. Hala ere, nazioarteko akordio hura ez zen berretsi eta Lausanako Tratatuak ordeztu zuen. Azken itun horrek egungo estatuen artean banatu zuen lurralde otomanoa.