Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Ekainak 16

Nafarroako Gobernua Aniztasunerako Arretaren Plan Estrategikoa aurkeztera premiatzen duen erabaki bat onetsi da

Hezkuntza inklusiborako eta hezkuntza berezirako berariazko mapa bat eta funts publikoen bidez mantentzen diren hezkuntza bereziko ikastetxeetarako inbertsio-planerako proposamen bat bilduko ditu

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur erabaki bat onetsi du aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita Aniztasunerako Arretaren Plan Estrategikorako proposamen bat aurkez eta hezkuntza komunitatearekin ea eztabaida dezan, eskola inklusibo baten esparruan”.

Onetsitako erabakiak bigarren puntu bat badu, non zehazten baita plan estrategiko horrek gutxienez ere jasoko dituela "Hezkuntza inklusiborako eta hezkuntza berezirako berariazko mapa bat, ezarpen-fase bakoitzean zuzkidurak planifikatzeko eta baliabide-beharrari erantzuna emateko; eta Inbertsio-planerako proposamen bat, funts publikoen bidez mantentzen diren hezkuntza bereziko ikastetxeetarako".

Halaber, hirugarren idatz-zatian, Hezkuntza Departamentua premiatzen da "Haur, lehen eta bigarren hezkuntzan aniztasunerako arreta erregulatzeko araudian sar ditzan ikasle guztien eskola-arrakasta errazteko egiturazko edo/eta antolamenduzko neurriak edo/eta curriculum-neurriak, eta bereziki arrazoi sozio-ekonomiko eta kultural nahiz sexu eta generokoak eta lurraldekoak direla-eta desberdintasunak pairatzen dituzten ikasleen kasuan".

Azkenik, Hezkuntza Departamentuari dei egiten zaio "prozedura bat diseinatu eta gauza dezan kolektibo profesional eta sozialek parte har dezaten Aniztasunerako Arretaren Plan Estrategikoaren prestaketan, garapenean eta jarraipenean".

Azken bi atal horiek Izquierda-Ezkerrak eskatuta gehitu dira, ekimenaren titularra zen PSNk onartu duen gehitzeko zuzenketa baten bitartez.

Plan hori, UNPk eskatuta zehaztu denez "gauzatzeko epe bat edukiko du, halako moduz non 2017/18 ikasturtean praktikan jarri ahalko den".

Zioen azalpenean, PSN parlamentu-taldeak bultzatutako erabakian azaltzen da “asmoa oreka lortzea dela, aldebatetik, oinarrizko inklusio- eta normalizazio-printzipioen eta, beste aldetik, ikaslearen beharrizanekin bat datorren hezkuntza-erantzuna emateko funtsezko printzipioaren artean, eskola-ikaskuntzei dagokienez".

Kontua da "kalitateko hezkuntza-arreta bermatzea beraiei, ikastetxeetan dauden giza baliabide, baliabide material eta antolaketa baliabideen arabera, ikasle horiek dagokien etapako hezkuntza-helburuak lortze aldera".

Testuinguru horretan argitzen da baliabide didaktikotzat jotzen direla "prestakuntza-prozesua hobetzea eragiten duten esku-hartze eta laguntza guztiak, bai eta prozesu hori errazten duten balia-bide pertsonalak, teknikoak eta didaktikoak ere".

Nafarroako hezkuntza-sistemari buruzko txostenek islatzen dute hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak "gero eta gehiago direla ikasturtez ikasturte. Hezkuntza-premia bereziak detektatzen lagundu da, baina ez ebaluazioa eta esku-hartzea; ez, behintzat, neurri berean. Estatistika handitu egin da, baina ez dago hain argi erantzuna hobetu ote den".

Ikasle horiekiko esku-hartzea hobetzeko "beharrezkoa izanen da hezkuntza arretako neurriak azpimarratzea, horiek hobetzen dituzten protokoloak ezartzea, araudia sustatu eta hobetzea–zuzendaritzak eta ikuskatzailetzak jarraipena eginez–, eta Derrigorrezko Hezkuntzaren ondoko etapetan sentsibilizazioa lantzea; izan ere, azken hori araututa badago ere, etapa horietan tradizioz ez ohi zaie arreta bera eskaintzen beharrizan horiei"·

Horri dagokionez, proposamen-egileak gogorarazten du "azken hamarkadetako hezkuntza arloko legeetan kontuan hartu dela Aniztasunerako Arretaren printzipioa, eta horri heltzen joan damodu integratuan bai ikastetxeetan bai berariazko programen bidez –sakonago ala ez hain sakon, azken urteotan indarrean egon diren araudi ezberdinen arabera–".

www.nafarroakoparlamentua.eus
Mozioa (78. NPAO, 2016-05-27koa)