Paradisu fiskalekin lotutako enpresei kontraturik ez esleitzea helburu duen erabakia onetsi da
Kontratu Publikoei buruzko Legea alda dadila eskatzen da, baremazioan zergak saihesten dituzten sozietateak zigortzeko eta zerga-betebeharrak betetzen dituztenei lehentasuna emateko
Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin onetsi duen erabaki batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Nafarroako Kontratazio Publikorako Batzordearengana jo dezan, Nafarroako administrazioen kontratazio-baldintzen etorkizuneko agirietako faseetan sar daitezkeen klausulei buruzko txostena eskatzeko, paradisu fiskaletan jardun eta tributatzen duten enpresa parte-hartzaileen erantzukizun fiskalari dagokionez, indarra duen lege-antolamenduarekin bat etorriz eta lehia librea eta kontratuak eskuratzeko aukera-berdintasuna errespetatuz”.
Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan honako hau eskatzen zaio Foru Gobernuari: “behin oniritzia lortuta, eta horren norainokoa kontuan hartuz, berehala presta dezan behar bezalako araudia, kontratu-klausula horiek sartu ahal izateko kontratazio publikoko prozesuetan, baldin eta enpresa parte-hartzaileek paradisu fiskaletako irizpideak edota jarduera ekonomikoak badituzte, gardentasun publikoa bermatuko duten irizpideak eransteko, dela aurretiazko betekizun gisa, prestakuntza fasean, dela baloraziorako elementu gisa –betiere lehentasuna emanez beren zerga-betebeharrak egokiro betetzen dituzten enpresei–, dela kontratua gauzatzeko baldintzetan ezarritako betebehar gisa”.
Gainera, “baiezko txostena emanez gero”, eskatzen da baldintza-agirietan agerian jar dadila “paradisu fiskaletan tributatzen duten enpresa horiek ez dutela baldintza berdinetan parte hartzen. Ildo horretan, honako informazio hau eskatuko da, filialez filial xehakatuta, hau da, paradisu fiskaltzat jotzen diren lurraldeetako bakoitzean sozietateak dituen filialak banaka hartuta: izena, jarduera, langileen kopurua, negozio-zifra, irabaziak/galerak, ordaindutako zergak, jasotako diru-laguntzak”. Epigrafe horren bozketan UPN eta PPNk aurkako botoa eman dute eta PSN abstenitu egin da.
Hirugarren atalean, bestalde, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Kontratuei buruzko Foru Lege proiektu berrian jaso dezan nola kontratazio publikotik baztertuko diren paradisu fiskaletan kokatuta dauden edo haietan presentzia handia duten enpresak, ez badute beren kokapena justifikatzeko jarduera ekonomikorik, eta lehentasuna emanen zaien beren zerga-betebeharrak egokiro betetzen dituzten enpresei eta, ondorioz, erantzukizun fiskal handiagoa agertzen dutenei”.
Zioen azalpenean, berriz, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak bultzatutako erabakiak eskatzen du irizpide etikoak gehitu daitezela kontratazio publikorako deialdietan, halako moduan non, gardentasunaren eta tratu-berdintasunaren izenean, paradisu fiskalak zergetatik ihes egiteko edo zergak saihesteko erabiltzen dituzten sozietateak zigortzea lortuko baita, eta sarituko baitira iruzurrezko jokabide horiek gauzatzen ez dituzten enpresak.
“Lizitazio publikoen kudeaketan erantzukizun fiskala bermatze aldera” Europako hainbat lurraldetan hartzen ari diren neurriekin bat etorriz, proposatzaileek ezabatu egin nahi dute “lehia desleiala, hots, zerga gutxi ordaindu edo batere ordaintzen ez den paradisu fiskalak baliatuz eskaintza merkeak egiten dituztenek baldintzatutako merkatuaren distortsioa”.
Horrelako kontratuak emateko azken justifikazioa “beti da bera: eskaintza ekonomikorik onuragarriena. Ez dago klausula sozialik, langileentzako lan-baldintzarik edo giza eskubideen nahiz ingurumenaren inolako errespeturik, eta are kezka txikiagoa eragiten du askotan enpresa handi horien atzean egon ohi den sare finantzarioak, zeina sarritan paradisu fiskaltzat jotzen den herrialderen bateraino heltzen baita”.
Hori guztia dela eta, “Nafarroak bere burua paradisu fiskalik gabeko lurraldetzat deklara dezan lortzeko, eta lizitazio prozesu batean parte hartzen duten enpresei exiji diezaien erakuts dezatela loturarik ote duten paradisu fiskalekin, gardentasun publikorako neurri batzuk ezarri behar dira lehenbailehen, herritarrenganaino iritsiko direnak, gizarteak ere batere tolerantziarik gabe joka dezan zerga-betebeharrak betetzen ez dituzten pertsona juridikoekin”.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (80. NPAO, 2016-06-03koa)