Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Ekainak 30

Parlamentuak Leuza, Laura Pérez, Sayas eta Garmendia hautatu ditu Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kide izateko

Gobernuaren publizitate aktiboko betebeharrak eta Gobernuak daukan informazio publikoa jasotzeko eskubidea zaindu behar dituen erakundean sartuko dira

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur Patxi Leuza, Laura Pérez, Sergio Sayas eta Guzmán Garmendia aukeratu ditu Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko kide izateko, Legebiltzarrak organo horretarako lau ordezkari izendatzeko eskubidea baitu.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak proposaturik, Patxi Leuzak eta Laura Perezek hurrenez hurren 12na boto lortu dituzte. UPNren hautagaiak, Sergio Sayasek, 15 boto bildu ditu, eta PSNren hautagaiak, Guzmán Garmendiak, 9 boto.


Boto-paperen bidez ezkutuko bozketa egin da ordezkariak hautatzeko, eta parlamentari bakoitzak hautagai bakarra jarri ahal izan du bere ordezkoarekin batera. Hala, ordezko hauek hautatu dira: Marisa de Simón (I-E), Arantza Izurdiaga (EH Bildu), Cristina Altuna (UPN) eta Guzmán Garmendia (PSN).


Bestetik, Javier Garciak (F.P.E. PPN) 2 boto besterik ez ditu lortu.


Osoko Bilkurak iragan apirilaren 21ean onetsi zuen Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legearen aldaketaren ondorioz sortua, Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua organo independentea da, Gobernuaren publizitate aktiboaren arloko betebeharrak eta herritarrek Gobernuaren esku dagoen informazio publikoa jasotzeko duten eskubidea zaindu behar dituena.


Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren eginkizuna da Foru Komunitateko Administrazioak, sektore publikoko gainerako erakundeek, toki erakundeek eta haien sektore publikoak informazio publikoa eskuratzeari buruz ematen dituzten ebazpen berariazkoen edo ustezkoen aurkako erreklamazioak aztertzea.


Gainera, Kontseiluak aginduzko txostenak emanen ditu Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legea gardentasunaren arloan garatzen dituzten edo arlo horrekin loturik dauden arau proiektuei buruz.


Gardentasuna bete behar duten entitate eta erakundeek arlo horretan dituzten beharkizunak noraino aplikatu eta betetzen dituzten ebaluatuko du Kontseiluak, eta gomendioak ere egin ahalko ditu.


Kontseiluari erreklamazioa aurkezteko aukera ezertan ukatu gabe, Arartekoari kexa aurkeztu ahal izanen zaio, baina Arartekoaren esku-hartzeak ez ditu etenen erreklamazioa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epeak.


Kontseiluak bere jardueren nondik norakoari eta 11/2012 Foru Legean ezarritako xedapenen betetze mailari buruzko oroitidazkia aurkeztuko du Nafarroako Parlamentuan.


Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakaria Nafarroako Parlamentuak izendatuko du gehiengo osoz, lau urteko epe ez luzagarrirako.


Gardentasunaren Kontseiluan izanen dira, Nafarroako Parlamentuko lau kideekin batera, gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren hiru ordezkari, Nafarroako Kontseiluaren ordezkari bat, Kontuen Ganberaren ordezkari bat, Arartekoaren ordezkari bat, eta, azkenik, NUPeko ordezkari bat. Kide horiek guztiak izendatzeko prozedura kasuan kasuko erakundeak gauzatuko du, eta horrek, gainera, ordezko bat izendatu ahal izanen du, titularra eri, kanpoan edo aldi baterako ezintasun egoeran dagoenerako.