Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Azaroak 3

Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen Foru Legea onetsi da

Muturreko pobreziaren eta genero-desberdintasunaren aurka borrokatu nahi da, eta Nafarroako gizarte osoaren kohesioa, gizarteratzea eta laneratzea sustatu

Parlamentuak, gaur egindako Osoko Bilkuran, Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen Foru Legea onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPN, PSN eta PPNk aurkako botoa eman dute.

Legearen xedea da pertsonak gizarteratu eta laneratu daitezen sustatzea, prozesu pertsonalizatuen bidez, eta errenta bermatua eskuratzeko modua arautzea. Errenta hori oinarrizko prestazio ekonomikoa da, aldizkakoa, oinarrizko beharrak aserik ez dituzten pertsonei zuzendua.

Prestazio berri horrek gaur egungo gizarteratze-errenta (RIS delakoa) ordeztuko du, eta hurrengo bi urteetan 18,8 milioiko inbertsio gehigarria jasoko du. Diru kopuru horretatik 5,08 milioi zerga-kenkarietarako dira, eta 13,72 miloi gastu sozial handiagorako. Hau litzateke banaketa, urtez urte: 60.600 euro 2016an, 11,3 milioi euro 2017an eta 2,3 milioi euro 2018an.

Diru kopuru horiekin, gaur egun 25.000 pertsona inguruk, hau da, gizarteratze-errentaren jasotzaileen % 80k, jasotzen dituzten estaldura eta zenbatekoak hobetu nahi dira. Aldiz, beste 5.000 pertsona inguruk, hau da, % 20k, prestazioa murriztuta izanen lukete: hileko 655,20 eurotik 600 eurora.

Gainera, 2.800 pertsona gehiago hasi ahalko lirateke errenta bermatua jasotzen, egin diren aldaketei esker: prestazioa 65 urtetik gorako pertsonei hedatu zaie; laguntza hori jaso ahal izateko legezko bizileku-baimena edukitzearen baldintza kendu da; adingabeak, mendekotasuna duten pertsonak edota % 65etik gorako desgaitasuna duten pertsonak dituzten familia-unitateek errenta bermatua eskuratu ahal izanen dute, Nafarroan bizitzen gutxienez urtebete badaramate; eta errenta bermatua 36 hilabetetik gora luzatu ahal izanen da, baldin eta premia-egoerak bere horretan irauten badu.

Horren guztiaren helburua da “muturreko pobreziaren aurka borrokatzea, Nafarroako gizarte osoaren kohesioa hobetzea, eta gizarteratzea eta laneratzea sustatzea; horrez gain, emakumeek jaso ditzaketen prestazioak kontuan izanik, genero-berdintasunerantz aurrera egitea ekarriko du honek”.

Diru-sarrera eta ondare nahikoak ez dituzten pertsonek jaso ahal izanen dute prestazio berri hori. Gainera, lan-eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute Nafar Lansare - Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, administrazio-egoera irregularrean daudenek izan ezik. Horrez gain, frogatu beharko dute benetako bizilekua Nafarroan dutela gutxienez bi urte lehenagotik, edo, adingabeak, mendekotasuna duten pertsonak edota % 65etik gorako desgaitasuna duten pertsonak dituen familia-unitatea izanez gero, urtebete lehenagotik.

Berrikuntza gisa, ez da beharrezkoa izanen Espainiako legezko bizileku-baimena edukitzea. Gaur egun, gizarteratze-errenta jaso ahal izateko, egoera irregularrean dauden pertsonek 16 urtetik beherako seme-alabak eduki behar dituzte edo legezko bizileku-baimena galdua izan behar dute lanik gabe gelditu ondoren.

Beste betekizun bat adina da: 18 urtetik aurrera izanen da. 18 eta 24 urte bitarteko pertsona bat buru duten familia-unitateek, ordea, beren jatorrizko familiarengandik independente bizi behar dute bi urte lehenagotik, gutxienez, eta urtebeteko kotizazioa izan behar dute Gizarte Segurantzan.

65 urte baino gehiago dituzten eskatzaileek, ezarritako betekizunak betetzen badituzte eta erretiroagatik kotizazio gabeko pentsioa jasotzen badute, zerga-kenkaria edukiko dute, eta horrenbestez, errenta bermatua jasotzen duten gainerako familia-unitateek adina eskuratuko dute. Hori hileroko ordainketa aurreratuaren bidez gauzatu ahalko da.

Gizarteratzeko eskubidea baliatzearen ondorioz gizarte-zerbitzuen edo gizarte- eta osasun-zerbitzuen aldi baterako harrerako bitartekoek emandako bizilekua dutenek, haien oinarrizko beharrei bitarteko horiek erantzuten badiete ere, errenta bermaturako eskubidea izanen dute. Espetxean egon eta hirugarren gradua duten pertsonek ere errenta bermaturako eskubidea izanen dute, gizarteratzeko berariazko programa batean parte hartzen badute.

Arau orokor gisa, familia-unitatea izanen da errenta bermatuaren jasotzailea, eta prestazio bakarra egokituko zaio, baina, salbuespenez, bi prestazio jaso ahal izanen dira, unitate berean familia-erro bat baino gehiago daudenean eta haietako batean adingabeak, mendekotasuna duten pertsonak edo % 65etik gorako desgaitasuna duten pertsonak daudenean.

Helbide berean bi familia-unitate edo gehiago baldin badaude, haietako bakoitzak izanen du eskubidea errenta bermatua jasotzeko, gehienez ere hiru errenta helbide batean. Orain arte, etxebizitza partekatzen zuten familien kopurua edozein izanda ere, errenta eta erdi bakarrik jasotzen zuten. Salbuespenez, gizarte bazterketa larriko egoeran dauden familia-unitateek errenta bermatua eskuratu ahal izanen dute, nahiz eta eskatzen diren baldintza guztiak ez bete.

Zenbateko ekonomikoen eskala berria jaso da Legean, eta horrek hobekuntza dakarkie bi kide edo gehiago dituzten familiei. Zenbatekoak 600 eurotik 1.200 eurora bitartekoak izanen dira. Gaur egun 655,20 eurotik 982,90 eurora bitartekoak dira.

Baremo berri horien bitartez, beren kargu adingabeak dituzten familietako haur-pobreziaren aurkako borrokari lehentasuna eman nahi zaio. Horri dagokionez, esan behar da 2015ean gizarteratze-errenta jasotzen zuten onuradunen % 38 zirela 18 urtetik beherakoak; alegia, 28.839 pertsona ziren guztira, eta horietatik 10.820 ziren 18 urtetik beherakoak. Adingabe horietatik 3.891 familia gurasobakar amadunetan bizi ziren, eta 462 familia gurasobakar aitadunetan.

Aipatutako zenbatekoak automatikoki eguneratuko dira, Nafarroako KPIaren arabera edo Foru Komunitateko batez besteko soldataren aldakuntzaren arabera. Bi adierazle horietatik, zenbateko handienekoa erabiliko da, pertsona behartsuenek erosteko ahalmenik gal ez dezaten.

Familia-unitatearen diru-sarrera ez konputagarrietan sartuko dira, Gizarte Segurantzako prestazioekin batera, baita 18 urtetik beherako seme-alabak izateagatik gizarte-aurreikuspeneko beste sistema batzuek ematen dituzten antzeko laguntzak ere.

Bestalde, familia-unitatearen ondare ez konputagarriari dagokionez, lanbide edo enpresa jarduera egiteko beharrezkoak diren tresnatzat hartzen diren ondasunen muga erregelamendu bidez ezartzea erabaki da.

Azkenik, prestazioa jasotzeko 36 hilabeteko gehieneko aldia kendu egin da. Hala, aldi hori amaitutakoan premia egoerak irauten badu, errenta luzatu ahal izanen da 12 hilabeteko hurrenez hurreneko aldietarako. Gaur egun, familia batek gizarteratze-errenta 36 hilabetez jasotzen badu, gero urtebete egon behar du kobratu gabe.

Errenta bermatuaren ordainketa kautelaz eteten den kasuetan, gehienez 30 eguneko epea izanen du organo eskudunak neurri hori berresteko eta prestazioa behin betiko amaitzeko, egiaztapen gehiago egin beharrez luzapena emateko, edo ezarritako neurria kentzeko.

Esparru horretan, prestazioa jasotzen ari diren bitartean ustez arau-hauste administratiboa egitea egozten zaien pertsonei Administrazioaren aurrean berme osagarri bat ematea erabaki da, halako moldez non bermatuko baitzaie entzunaldia izatea (beren konfiantzako profesional edo boluntario batek lagunduta) Egiaztapen Batzordearen aurrean (horren osaera eta funtzionamendua erregelamenduz arautuko dira). Organo horrek, gainera, kautelazko eteteen kontra aurkezten diren alegazioen egiaztapenean esku hartu ahal izanen du.

Legeak, halaber, zenbait neurri ezartzen ditu enplegua, gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko; neurri horiek legea garatu ahala hedatuko direla zehaztu da. Nolanahi ere, ohiko lan sarean nor bere borondatez sar dadin saritze aldera, bereizi eginen dira batetik enplegu arrunta lortzeko pizgarriak eta bestetik Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako lanpostuak lortzeko ezartzen diren pizgarriak.

Esate baterako, errenta bermatuaren kobrantza aldi batez eten ahal izanen da, lana lortuz gero, eta berriro eskuratzeko aukera izanen da lanpostua galtzen denean, prestazio berri bat jasotzeko administrazio-prozesua berriro hasi beharrik izan gabe, gaur egun gertatzen den bezala.

Familia-unitate batek bi urtez errenta bermatua jasoz gero, administrazio publikoek gizarte-enplegu babestu bat edo lanerako edota prestakuntzarako beste aukera bat eskaini beharko diote, eta pertsona onuradunetako batek onartu egin beharko du.

Gainera, lege berria indarrean jarri ondoko lehen hiru urteetan enplegurako zenbait estimulu eskaini nahi dira, pizgarri ekonomikoen bitartez. Horrela, bada, errenta bermatua jasotzen duen pertsona batek 30 egun baino gutxiago irauten duen lan bat eskuratzen badu, bere diru-sarrerak prestazio horrekin bateratu ahalko ditu, prestazioaren zenbatekoa aldatu gabe. Bestela, izaera progresiboaz kontatuko da pertsona bakar baten errenta bermatuaren % 50 edo gehiago egiten duten diru-sarreren zati bat.

Lehenengo urtean, gainera, hilabete baino gehiago irauten duen lana aurkituz gero, pertsona onuradunei ez zaizkie kontatuko beren soldataren lehenengo 300 euroak, jasotzen duten errenta bermatua birkalkulatzerakoan. Zenbateko horretatik aurrera, zenbateko jakin bat deskontatuko da prestaziotik, eskala baten arabera. Horrela, enpleguaren bidez eta errenta bermatuaren bidez jaso ahalko den gehieneko diru kopurua 970 euro izanen da hilean, kide bakarreko familia-unitate baten kasua adibide hartuta.

Legea indarrean jarri ondoko bigarren urtean, enplegurako pizgarri horiek ez zaizkie programaren barruan egonda lanaren bidez jasotzen diren diru-sarrerei bakarrik aplikatuko, baizik eta errenta bermatua eskuratu aurretik edukitzen direnei ere bai.

Azkenik, hirugarren urtean, enplegurako pizgarriak ebaluatu ondoren, zenbait zerga-onura ezarriko dira diru-sarrera urriak dituzten baina aurreikusitako errenta-muga gainditzeagatik errenta bermatua eskuratu ezin duten pertsonentzat. Neurri hori ezarriko da, errenta jasotzen duen eta gainera lan egiten duen pertsona batek ez ditzan eduki diru-sarrera gehiago lan egiten duen baina prestaziorako eskubiderik ez duen pertsona batek baino.

Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako lan-kontratua duten pertsonen kasuan, harik eta, jaso beharreko errenta bermatuaren ondorioetarako, pizgarrien berariazko sistema erregelamenduz garatu arte, diru-sarreren konpututik salbuetsiko dira 100 euro, guztira.

Gizarteratze prozesu baterako eskubidea eskuratzeko baldintza bakarra gizartetik baztertuta egotea da, edozein gradutan egonda ere, eta ez dago frogatu beharrik gutxieneko denbora batez Nafarroan bizi izana.

Legeak ezartzen duenez, araua onesten denetik sei hilabete igaro baino lehen gizarteratzeko plan estrategiko berria egin behar da, arlo horretako politika publikoak sendotze aldera.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan in voce zuzenketa bat onetsi da, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sinatua, familia-unitatearen eta familia-erroaren kontzeptuak zehazten dituena. UPN, PSN eta PPNk aurka bozkatu dute.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua (99. NPAO, 2016-09-06koa)
• Osoko zuzenketa (116. NPAO, 2016-10-11koa)
• Zuzenketak (118. NPAO, 2016-10-17koa)
• Irizpena (124. NPAO, 2016-10-27koa)