Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Martxoak 16

Parlamentuak kargua utzi ondoko sariak amaitzeko oztopoak ken daitezela eskatu du

Parlamentuko Erregelamenduaren erreformaren esparruan, parlamentarien ordainsari-araubidea gainerako langileen langabezia-araubidearekin parekatu nahi du

Parlamentuak UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta PPNren abstentzioarekin gaurko osoko bilkuran onetsi duen erabaki batek Espainiako Gobernua premiatzen du “705/1999 Errege Dekretuko 2. artikuluko 2. idatz-zatia alda dezan, halako moduan non espresuki onartuko baita Gizarte Segurantzarekin hitzarmen bereziak sinatu ahal izatea, langabezia-kontingentzia jasoko dutenak”.

 

Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak bultzatutako erabakiaren zioen azalpenean nabarmendu egiten da Legebiltzarrean ordezkaturik dauden indar politikoen arteko “nolabaiteko adostasuna” dagoela langabezia-araubide arruntera igaro beharraz, “kargua utzi ondoko sariek eta beste pribilegioek ordezkari politikoak gainontzeko herritarrengandik urrunarazten dituztela salatzen duen aldarri sozial eta politikoa biltze aldera”.

 

Hori dela eta, proposatzaileak Foru Komunitateko herritar guztien lan arloko eskubide eta berme berak eskatzen ditu parlamentarientzat. Gaur egun asmo horren kontrako oztopo da apirilaren 30eko 705/1999 Errege Dekretua; izan ere, bertan xedatutakoaren arabera, autonomia erkidegoetako legebiltzarretako kideek “Gizarte Segurantzako Araubide Orokorraren babes-ekintza osoa jasoko dute, salbu eta langabezia-kontingentzia”.

 

Estatu osoan dagoen “traba” hori “kendu egin beharko litzateke, parlamentu autonomiko bakoitzak modu askeagoan arau dezan bere kideen ordainsari-araubidea”.