Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Apirilak 27

Nasuvinsari 25 milioi euroko kreditu berezi eta zabalgarria ematea onetsi da

Garraioaren Hiria handitzeko desjabetutako lurren balio justua ezartzeari buruz Auzitegi Gorenak emandako epaiari aurre egiteko

UPN, Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta PPN taldeen baiezko botoekin, I-Eren ezezko botoarekin eta Podemos-Ahal Duguren abstenzioarekin, Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi duen foru lege baten bitartez, Nasuvinsa sozietate publikoari 25 milioi euroko kreditu berezia eman zaio, Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko proiektuaren barnean desjabetutako finken balio justuari buruz Auzitegi Gorenak emandako epaien betearazpenari aurre egiteko.

 

Kreditu berezi hori PFEZaren diru-sarrerak izeneko partidan aurreikusi diren diru-sarrera handiagoen kargura finantzatuko da, eta zabalgarria izanen da, ustez etorriko diren kontrako epai guztiak bete ahal izateko (badira beste 13 espediente judizial epaiaren zain).

 

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, 2016ko otsailean eman zituen lau autotan, Garraioaren Hiriaren hirugarren fasean eta laugarren fasean desjabetutako lurzoruaren balio justua ezarri zuen: 53,06 euro/m2 kasu batzuetan eta 57,09 euro/m2 beste batzuetan. Nafarroako Gobernuak auto horien kontra kasazio errekurtso bana aurkeztu zituen, eta Auzitegi Gorenak ezetsi egin zituen; horregatik egin da legea.

 

Izan ere, Nafarroako Gobernuaren aurreikuspenen arabera, jabeei ordaindu beharrekoaren zenbatekoak, prezio berriekin eta dagozkien eguneratzeekin, 49.198.705,38 euro eginen du, eta diru kopuru hori gehitu beharko zaie behinola ezarritako prezioaren arabera ordaindutako 20,2 milioiei.

 

Auzia 2008an hasi zen, Nafarroako Desjabetze Epaimahaiak metro karratuko 20,01 euroko balio justua ezarri zienean Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko planak ukitutako lurrei. Planean hirugarren eta laugarren handitze faseak ere aurreikusten ziren. Jabe batzuek epaimahaiaren erabakiak errekurritu zituzten, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak haien errekurtsoak ezetsi zituen 2009ko azaroan.

 

Ukitutako jabeek kasazio errekurtsoa jarri zuten Auzitegi Gorenean, eta 2012ko abenduaren 12ko epaian hark errekurtsoak baietsi zituen eta adierazi zuen errekurtsogileek eskubidea zutela epaia betearaztean zehaztuko zen balio justua jasotzeko, Auzitegi Gorenak berak ezarritako oinarrien arabera. Nafarroako Salak 2015eko martxoan ezarri zuen balio justua: metro karratuko 53,06 euro kasu batzuetan eta 57,09 euro beste batzuetan. Lehengo Gobernuak errekurritu egin zituen auto haiek, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak 2016ko otsailean errekurtsoak ezetsi eta balio justua berretsi zuen.

 

Nafarroako Gobernuak autoen kontrako kasazio errekurtsoa jarri zuen Auzitegi Gorenean, eta azken horrek 17 errekurtsoetatik 4 ezetsi ditu. Gainerako errekurtsoetan oraindik ez du epairik eman.

 

Auzitegi Gorenaren 4 epai horien aurka, Foru Gobernuak deuseztasun intzidenteak jarri ditu. Dagoeneko goi auzitegiak horietako bat aztertu du, eta ez du onartu.

 

Ez onartzeko erabaki horren aurka, Nafarroako Gobernuak babes errekurtsoa jarri du. Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak ezarritako balio justua ordaintzera behartzen duten ebazpen judizialak eteteko eskatu du errekurtso horretan. Konstituzio Auzitegiak oraindik ez du ebatzi etete-eskaera hori.

 

Iruñetik bederatzi kilometrora dago Garraioaren Hiria, eta aurreikusita dago 1,2 milioi metro karratuko azalera izanen duela guztira. Lehen eta bigarren faseak burututa daude, eta 608.000 metro karratuko azalera dute. Handitze faseak, berriz, hirugarren eta laugarren faseak ziren; hirugarrenak 636.000 metro karratu hartu behar zituen, eta laugarrenak 394.000 inguru.

 

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak xedatzen duenez, foru legeen bidez arautu behar dira Nafarroako aurrekontu orokorrak eta aurrekontu horietan kreditu bereziak edo kreditu-gehigarriak emateko egiten diren aldaketak. Hori horrela, 2017ko Aurrekontuan ezarritako kreditua nahikoa ez denez, bidezkotzat jo da lege hori onestea, kasu honetan irakurraldi bakarrean.