Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Maiatzak 11

Nafarroako Gobernuari Nafarroako Foru Komunitateko Eskola Publikorako plan estrategiko bat taxutzeko eskatzen dion ebazpena onetsi da

  

Carlos Gimeno Gurpegui foru parlamentariak (PSN talde parlamentarioa) proposatuta, Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du zeinean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Eskola Publikorako plan estrategiko bat aurkez dezan bi hilabeteko epean.

 

UPN, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-E taldeek proposamenaren alde bozkatu dute; Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa taldeek aurka bozkatu dute.

 

Honako hau dio onetsitako ebazpenak:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatzen du Nafarroako Foru Komunitateko Eskola Publikorako plan estrategiko bat aurkez dezan bi hilabeteko epean, eskola horren titular den aldetik, eskolaren aukerak gehitzeko, hura indartzeko eta ikastetxe horien hobekuntza ahalbidetzeko, zeinetan eskolaturik baitaude zailtasun handienak dituzten ikasleak eta askoz neurri handiagoan artatzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza-beharrizan guztiak.

 

Beste alderdi batzuekin batera, aipatu planak egutegi zehatz bat edukiko du, funts publikoekin sostengatutako ikastetxe publikoen sarean baldintza sozioekonomiko eskasak dituzten ikasleen egoeraren gainekoa (fluxuak, sareen arteko banaketa, hizkuntz ereduen arteko banaketa, sartu berriak diren ikasleak eskolatzeko irizpideak...), eskola publikoan ikasle atzerritarren pilaketa-tasa murrizteko egutegi eta prozedura bat, eta ikasle horiei arreta emateko erabiltzen diren giza baliabideen eta baliabide materialen gaineko txosten bat, bai eta horien gehikuntza bat ere, halakorik behar denerako.

 

Lurralde Lankidetzako Plan berariazko bat edukiko du, udalen lankidetzarekin landa eremuko eskolari laguntzekoa. Bertan aztertuko dira behar diren baliabideak, irakasleen berariazko prestakuntza, ikastetxe bakoitzeko zerbitzu osagarriak eta, arreta bereziz, ikasleendako garraio, jantoki eta laguntza materialaren beharrizanak.

 

Era berean, hezkuntza sistema ebaluatu eta ikertzeko plan bat edukiko du, arreta berezia eskainiko diona Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak egiten duen diagnostiko-ebaluazioa garatu eta hobetzeari, kanpo ebaluaziorako berezko eredu gisa; halaber, ikastetxeetan emaitzak etengabe hobetzeko prozesuak indartuko ditu; bereziki, zailtasun handienak dituzten ikastetxe publikoetan, eta zerbitzu guztien inplikazioa, koordinazioa eta lankidetza berrituko ditu.

 

Halaber, aipatu planak atzerriko hizkuntzen irakaskuntzaren egitura, antolaketa eta curriculuma zehazteko egutegi bat eta hura modu integral eta progresiboan orokortzeko plan bat jaso beharko ditu.

 

Nafarroako Foru Komunitateko Eskola Publikorako Plan Estrategiko horretan biltzen diren hobekizun guztiak kanpaina instituzional batean kontuan hartu ahalko dira, zeinak, eskola publikoaren aitorpena gorabehera, azpimarratu eginen baititu hobekuntza horiek zabalkundean eta publizitatean, iritzi publikoak eta Nafarroako gizarteak ezagut ditzaten”.

 

Izquierda-Ezkerra taldeak aurkeztutako bi zuzenketa egin zaizkio ebazpenari: “ikasle atzerritarrak” zioen lekuan “baldintza sozioekonomiko eskasak dituzten ikasleak” jarri da, eta gaztelaniaz “reparto” zioen lekuan “distribución” jarri da. Bestalde, bigarren zuzenketak idazkera berria eman dio azken-aurreko atalari, eta atal hori ebazpenaren testuan jasorik dagoen moduan geratu da.