Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Ekainak 22

Nafarroako Parlamentuak exigitu du indarrik gabe utz dadila Espainiako Gobernuak eta Troikak ezarritako politika “austerizida”

Legebiltzarrak salatu du gizarte eta lan arloetan murrizketa larriak gertatu direla eta administrazio publikoek herritarren beharrizanei ekiteko duten ahalmena drastikoki gutxitu dela

Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran onetsi duen ebazpen batean, Espainiako Gobernuari eta Gorte Nagusiei exigitzen die “indargabetu dezatela 3/2012 Legea, uztailaren 6koa, lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzkoa”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-E taldeek alde bozkatu dute, eta UPNk eta PPNk aurka.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan, bestalde, Gobernu zentralari eta Gorte Nagusiei eskatzen zaie “indargabetu dezatela Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluaren aldaketa, 2011ko irailaren 27koa”.

 

Hirugarren atalean jada, Espainiako Gobernuari eta Gorte Nagusiei exigitzen zaie “indargabetu dezatela apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa, Aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari buruzkoa”.

 

Gobernu zentralari eta Gorte Nagusiei eskatzen zaie, halaber, “indargabetu dezatela apirilaren 20ko 14/2012 Errege Lege Dekretua, Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzkoa”.

 

Gainera, “abenduaren 27ko 27/2013 Legea, Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzkoa” indargabetzeko eskatzen zaie Espainiako Gobernuari eta Gorte Nagusiei.

 

Azkenik, Estatuko Gobernuari eta Gorte Nagusiei exigitzen zaie “indargabetu dezatela apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua, Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzkoa”.

 

Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak bultzatutako ebazpen horren zioen azalpenean argudiatzen denez, “herritarrek ekonomiaren, gizartearen eta lanaren aldetik dituzten beharrizan eta eskubide oinarrizkoei erantzuteko, ezinbestekoa da araudi austerizida hori guztia indargabetzea, Gobernu zentralak Troikaren eskutik (EB, NDF, EBZ) ezarri duena”.

 

Hala, “murrizketa sozial larriak, oinarrizko lan-eskubideen ezabatzea eta administrazio publikoek beharrizan ekonomiko eta sozialei ekiteko duten ahalmenaren gutxitze drastikoa” aipatu ondoren, proposatzaileak beharrezkotzat jotzen du Troikaren politika murriztaileak sektoreetara (hezkuntza, osasuna, udalak) hedatu dituzten hainbat lege dekretu eta legeren bidez ezarritako lehentasun-ordena iraultzea.