Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Ekainak 22

Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio kontratazio publikoaren jarraipenerako talde bat sor dezala

Ohartarazi du administrazio-klausulak txertatzea ez dela bateragarria lizitazio merkeak sustatzearekin, azken horiek lan-irregulartasunetarako eta iruzur fiskalerako bidea ematen dutelako

Gaurko osoko bilkuran onetsi duen ebazpen batean, UPN, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-E taldeen aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Geroa Bairen aurkako botoarekin, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “kontratazio publikoaren jarraipenerako talde bat sor dezan, gizarte-eragileen eta Administrazioaren parte-hartzearekin, xede izanen duena zaintzea Nafarroako Gobernuak onetsitako kontratu publikoak behar bezala betetzen direla eta bermatzea baldintza-orrietan jasotako gizarte-klausulen araberakoak direla azpikontratatutako enpresetan diharduten langileen lan-baldintzak”.

 

PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpen horren zioen azalpenean egokitzat jotzen da administrazio-klausulak txertatzea, ziurtatu nahi bada Administrazioak azpikontratatutako obrak eta zerbitzuak “enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa sustatuz” emanen direla, baina ohartarazten da asmo hori ez dela bateragarria prezio baxuko lizitazioak sustatzearekin, horrela kontratazioak ez direlako baldintza duinetan egiten “eta, are, hitzarmenek ezarritakoaren azpitik” egiten direlako”.

 

Aurrekoaren haritik, proposatzaileak gogora dakar zenbait sindikatuk eraikuntzako “lege-hausteak, abusuak eta esplotazioa” salatu dituztela eta sektore horretan “Administrazioarentzako lanak egiten ari diren enpresa azpikontratatuetan” gertatzen direla batik bat “lan-irregulartasunak eta iruzur fiskala”. Ondoren, “esleipen publikoen kate osoan araudia betetzen dela zaintzeko” deia egiten du.