Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Ekainak 22

Nafarroako Gobernuari Estatuarekin AHTko obrei ekiteko hitzarmena egin dezala eskatzen zion mozioa ez du onartu Parlamentuak

UPNk azpimarratu du horrek erraztu eginen lukeela “kanpo-proiekzioaren, enpleguaren eta lehiakortasunaren aldetik” hil edo biziko garrantzia duen obra bat egitea eta hartan zuzenean parte hartzea; ez du behar adinako babesik lortu

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin Parlamentuak gaurko Osoko Bilkuran ezetsi duen mozio batean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “Sustapen Ministerioarekin eta ADIFekin hitzarmen bat sina dezan, helburu izanen duena egin beharreko obrak egitea Mediterraneotik Kantauri itsasorainoko trenbide-korridorearen Nafarroako tartean, nazioarteko estandarrekin, nazioarteko zabaleradun bide bikoitzarekin eta bidaiari nahiz salgaietarako erabiliko dena”.

 

Hitzarmena sinatzeaz gainera, “obrak 2023rako amaituta egoteko konpromisoa” ere eskatu du PPNk, eta horrekin ados agertu da ekimenaren titularra, UPN.

 

Baztertutako mozioaren bigarren puntuan Foru Gobernuari eskatzen zitzaion hitzarmen horretan “Zaragoza-Castejón, Castejón-Ezkirotz, Ezkirotz-Zuasti eta Zuasti-Euskal “Y”-a tarteak ezar daitezen, nazioarteko estandardun bi bideko plataforma misto batekin”.

 

Hirugarren atalean honako hau eskatzen zitzaion Nafarroako Gobernuari: “Nafarroako hurbileko/aldirietako trenbide-sistema hobetzeko jarduketak egin ditzan, bai bide konbentzionala bai azpiegitura berriak erabiliz, trena erregio barneko distantzia ertaineko garraiobide gisa erabil dadin sustatzeko”.

 

Geroa Baik ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du –UPNk, ekimenaren titularrak, ez du onartu–, Foru Legebiltzarrak konpromisoa ager zezan Mediterraneotik Atlantikorainoko trenbide-korridorea garatzearen alde, zeinak, “herritarren interesen kalterako izanen ez den finantzaketa-sistema baten bidez, Nafarroa Europarekin lotuko baitu nazioarteko estandarrekin bateragarria izanen den trenbide-soluzio baten bitartez, salgaien eta pertsonen garraioaren arloko premiei aurre egiteko adinako ahalmenarekin”.

 

Adierazten zen, halaber, 2010ean UPNk eta PSNk adostutako hitzarmena zein “geroago Estatuak proposatutako aldaketak” ez direla aski, “korridorearen Nafarroako tarte solte bat hartzen duelako, ez duelako zehazten Euskal “Y”-arekiko lotura, eta, beraz, ez duelako bermatzen Europarekiko lotura”.

 

Ildo horretan, gaitzetsi egiten zen “UPNk, PSNk eta PPNk, Estatuko eta Foru Komunitateko gobernuen ardura 20 urtez izan ondoren, politikarako erabiltzen ari izatea azpiegitura hori, zeinaren saldoa honela laburbiltzen den: ez da kilometro bat ere eraiki, eta Estatuak 45 milioiko zorra du Nafarroako Ogasunarekin”.

 

UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak, zioen azalpenean, Nafarroaren kokaleku estrategikoa azpimarratzen zuen eta AHTaren alde apustu irmoa egiteko eskatzen zuen, Europa barneko oinarrizko sarearen parte den aldetik, Foru Komunitatearen kanpo-proiekzioa ez oztopatzeko, baita lehiakortasun mailan ere.

 

Esparru horretan, proposatzaileak baieztatzen zuen AHTa enplegua sortzeko iturri ere izanen dela, eta Nafarroako Gobernuari eskatzen zion hitzarmen bat sina dezala obra egin ahal izateko eta hartan parte zuzena eduki ahal izateko.