Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Ekainak 29

Parlamentuak Cristina Bayona, Javier Miranda eta Iosu Ardaiz hautatu ditu Nafarroako Kutxaren Patronatuko kide izateko

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta I-Ek proposatuta, banku fundazio horren gobernu-, administrazio- eta ordezkaritza-organoan sartuko dira

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur Cristina Bayona Sáez, Javier Miranda Erro eta Iosu Ardaiz Loyola aukeratu ditu Nafarroako Kutxa Fundazioaren Patronatuko kide izateko. Legebiltzarrak organo horretarako hiru ordezkari izendatzeko eskubidea du.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeek proposatu dituzte ordezkari horiek, eta proposatzaileen botoen batura baino boto kopuru handiagoa lortu dute: Bayonak 32 boto, Mirandak 34 eta Iosu Ardaizek 25. 15 boto zuri bildu dira. Boto-paperen bidez ezkutuko bozketa egin da ordezkariak hautatzeko, eta bete beharreko karguak bezainbeste izen jarri ahal izan ditu parlamentari bakoitzak.

 

Legebiltzarrak Cristina Bayona eta Javier Miranda hautatu zituen 2016ko ekainaren 30ean, lau urteko lehen agintaldia amaitzeko (fundazioa 2013ko ekainean eratu zen), eta oraingoan berrautatu egin ditu. Iosu Ardaizek, berriz, Manuel López Merinoren lekua hartuko du; azken hori Foru Legebiltzarrak aurreko aldian hautatutako hirugarren ordezkaria da.

 

Cristina Bayona Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako Errektoreordetzako Ezagutzaren Transferentziaren Arloaren zuzendaria da; Javier Miranda Desgaitasuna duten Pertsonak ordezkatzen dituzten Erakundeen Nafarroako Batzordeko lehendakaria izan da; eta Iosu Ardaiz Ekonomia Zientzietako lizentziaduna da, eta 1985etik zenbait kargu izan ditu Nafarroako Gobernuan.

 

Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Bahitura Etxea izaera bereziko fundazio bihurtzea onetsi zen 2013ko ekainaren 25ean, bai eta Nafarroa Kutxa Fundazioa izena jartzea ere.

 

Aurrezki kutxen finantza-jarduerak gizarte- eta ongintza-jardueretatik bereiztearen ondorioz sortuak dira izaera bereziko fundazioak. Beren gizarte-ekintza kudeatzen dute, eta helburu horretara bideratzen dute beren ondareko funts, partaidetza eta inbertsioen emaitza.

 

Patronatua da Nafarroako Kutxa Fundazioaren gobernu-, administrazio- eta ordezkaritza-organo gorena, eta bere egitekoa da Fundazioaren xedeak gauzatzeko behar diren ahalmen eta eskumen guztiak erabiltzea, haren estatutuetan eta antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraikiz.

 

Nafarroako Kutxa Banku Fundazioaren Patronatuko karguak pertsonalak eta delegaezinak dira, ordainsaririk gabekoak. Patronatuko kideak ez daude inongo mandaturi loturik, eta etikak eta ardurak gidatzen dute haien jarduna. Karguak lau urte irauten du eta berrautapen bakarra aurreikusten da.

 

Ezin dira Patronatuko kide izan kargudun hautetsiak, Nafarroako Administrazioko, Estatuko, toki erakundeetako edo administrazio horiekiko lotura edo mendekotasuna duten erakundeetako goi kargudunak eta alderdi politiko, enpresa-elkarte eta sindikatuetan betearazpen edo zuzendaritza karguak dituztenak.

 

Nafarroako Kutxa Fundazioaren estatutuen arabera, bederatzi kidek osatzen dute Patronatua. Nafarroako Gobernuak bi izendatzen ditu zuzenean, eta beste hiru izendatzen ditu Gizarte Ongizaterako, Osasunerako eta Kulturarako kontseiluek proposatzen dizkiotenen artetik. Hala egin zuen hilaren 21ean, Fernando de la Hucha, Jesús Muruzábal, Camilo Oslé, José Vicente Urabayen eta Alberto Lafuente izendatu zituenean. Patronatuko beste kide bat Iruñeko Udalak hautatzen du, eta gainerako hirurak Nafarroako Parlamentuak hautatzen ditu.