Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Irailak 14

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du animalien babesari eta ongizateari buruzko araudia egunera dezan

Jardunbide, ohitura eta jarrera berriak herritarren eta erakundeen egungo ikusmoldearekin bat datorren arau corpus baten aginduei egokitu nahi zaizkie

Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen ebazpen batean, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “abian jar dezan animalien babesari eta ongizateari buruzko egungo araudia berrikusteko eta eguneratzeko prozesu bat, batez ere Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea aldatzeko xedez”.

 

Onetsitako ebazpenak badu bigarren puntuan, non Foru Gobernuari eskatzen baitzaio araudia aldatzeko prozesu hori abiaraz dezala, “lan-mahai bat sortuz, zeinean parte hartuko baitute ukituta egon litezkeen departamentuek, Nafarroako Parlamentuak berak, toki entitateek eta animalien babesaren eta ongizatearen arloan lanean ari diren gizarte eragileek”.

 

Bestalde, jada hirugarren atalean honako hau eskatzen zaio Nafarroako Gobernuari: “oinarri-dokumentu bat presta dezala, aipatutako lan-mahaiaren eginkizunaren abiapuntu gisa balioko duena eta Nafarroan nahiz beste esparru geografiko batzuetan indarrean dagoen araudia jasoko duena, bai eta lege berriak arautu beharreko esparrua zedarritzeko balizko aukerak eta gure erkidegoan dagoen egoeraren diagnosi eguneratua ere”.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeek sustatutako ebazpen horren zioen azalpenean azpimarratu egiten da zenbait jardun, ohitura eta jarrera aldatu beharra dagoela, pertsonek, erakundeek eta gizarteak gaur egun duten ikuskera orokorretik hurbilago dagoen arau corpus baten aginduei egokitzeko.

 

Testuinguru horretan, iragan maiatzean Basati Elkartearekin egindako lan-bilkura aipatzen da; bertan ikusi ahal izan zenez, indarrean dagoen lege-esparruak ez die egokiro erantzuten azken 23 urteetan sakon eboluzionatu duen arlo baten errealitateari eta beharrizanei.

 

Horregatik guztiagatik, lege-esparrua egokiro berrikusi eta eguneratu ahal izateko, lan-mahai bat sortzea proposatzen da, zeinean lekua izanen baitute eztabaidan inplikatuta dauden eragile eta elkarte guztiek.