Gobernuak adierazi du Udalarekin batera lan egiten ari dela Sanferminek kanpoan duten irudia hobetzeko
PPNren interpelazio bati erantzun dio gobernuak. PPNren esanetan, nazioartekoenak diren jaiak izan arren, Sanferminen izen ona maldan behera doa, eta horrekin batera turisten etorrera
Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdik esan du Iruñeko Udalak eta foru exekutiboak lankidetzan jardun dutela 2016tik Sanferminek kanpoan duten irudia hobetzeko neurriak abian jartze aldera; izan ere, irudi horretan berebiziko eragin kaltegarria izan du atzerriko merkatu batzuetan animaliekiko tratu txarrei buruz dagoen ikuspegiak.
Manu Ayerdik, PPNk kontroleko osoko bilkuran egindako interpelazio bati erantzunez, baieztatu du “Sanferminen irudiaren narriatzea ez dela gauza berria, bat-batean sortutakoa, eta azken urte luzeetan sortzen joan den fenomeno bat dela”, eta adierazi du “zailtasun handiena” animaliekiko tratu txarretik —komatxoen artean— heldutakoa izaten ari dela. Horixe da, zalantzarik gabe, turismoa sortzen duten merkatu batzuetan zailtasun handiena sortzen ari den elementua, hainbesteraino non operadore britainiar batzuk Sanferminetako bisitak kentzen ari baitira beren programatik”.
Testuinguru horretan, Ayerdik azaldu du Gobernua eta Udala 2016tik lan egiten ari direla “Sanferminek kanpoan duten irudi negatiboa leheneratzeko”.
Hartara, adierazi du webgune bat jarri dela abian (sanferminoficial.com) jaiei buruzko “informazio egoki eta egiazkoa” emateko. Halaber, kontuak ireki dira sare sozialetan, jaiei buruzko edukiak eskaintzeko; Sanferminetan ongietorriko eskuorri bat banatzen zaie bisitariei Iruñeko hainbat tokitan; Nazioarteko Prentsa Bulegoa indartu da, eta sexu-erasoen aurkako kanpainak jarri dira abian.
Bestetik, Manu Ayerdik azaldu du Iruñeko Turismo Bulegoak egiaztatu duela bisitariaren tipologia aldatu egin dela aurreko urteetakoaren aldean, eta “hiriaren monumentuak eta elementu adierazgarriak ezagutzeko interes gero eta handiagoa dagoela; izan ere, kultur motibazio handiagoa duen turismo bat da, jaietatik urrunago dagoena”.
Gainera, adierazi du Sanferminak egunez bizitzeko joera bat badagoela. “Ostalaritzaren sektorean pozik daude jaietan egin duten lanarekin. Lan gehiago izan da arratsaldez eta gutxiago gauez”.
Halaber, nabarmendu du 2017ko uztailean % 4 egin dutela gora hotel-establezimenduetako gauek, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta. Iruñeko kasuan, Ayerdik aitortu du uztailean 1.625 turista gutxiago egon direla hotel gisako ostatuetan, baina 5.000 gau gehiago egon zirela.
Bere aldetik, PPNko eledun Ana Beltránek adierazi du Sanferminak “Espainiako jai nazioartekoenak eta ezagunenak direla, baina azken urteetan haien izen ona mandan behera joan dela, eta horrekin batera bisitarien eta turisten etorrera”.
Beltránek aipatu du zenbait merkatarik arazoak izan zituztela beren dendak, Iruñeko erdigunean, irekitzeko, “kaleko saltzaileen presentziaren ondorioz, zeren eta dendetarako sarrera eragozten baitzuten eta, batzuetan, legez kanpoko produktuak saltzen baitzituzten, denda barruan produktu berdinak, baina legez, saltzen ziren bitartean”.
Gainera, Beltránek Ayerdiri esan dio “gure jaiari buruz ematen ari garen irudia mozkorraren eta bakanalaren turismoarena dela Bilduk Iruñeko Udalean gobernatzen duenetik eta zuek Gobernuan zaudetenetik, eta horrela ez goaz inora”.
Javier Esparzarentzat (UPN), arazoa Gobernua sostengatzen duen laukoaren jokabidean eta jarreretan dago, zeren eta “ematen ari zareten irudia espero izatekoa denaren azpitik baitago eta erkidego hau toki txarrean uzten baituzue”.
Rafa Erasok (Geroa Bai) nabarmendu du hoteletan, Sanferminak igaro ondoren, “kezka eta poza sentitzen zirela aldi berean”, batetik % 78ko okupazioa izan zelako, aurreko urtean baino lau puntu txikiagoa, eta bestetik erakundeek neurriak aztertu eta bilatzeko “jarrera” erakutsi zutelako.
Eta “lan positibo” horri dagokionez, balioan jarri nahi izan du kalitatea hobetzera eta ezkutuko jarduerak saihestera bideratutako turismo-ikuskapeneko plana; eta bestetik, gogorarazi du Sanferminek duten aldarrikapen-izaera.
Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu) baieztatu du Sanferminak turismorako salmenta-produktu bat baino askoz gehiago direla, baina “gaur ez dela horri buruz hitz egiteko eguna”, zeren eta Kataluniako gertakariak eta herrialdearen irudia ikusita, “Sanferminetakoa oso-oso urrun gelditu baita”. Irudi mila aldiz hobea dute PPren Gobernuak duena baino”.
Inma Jurío (PSN), zeinak bere hitzaldia hasi baitu Parlamentuko eta Gobernuko lehendakariak kritikatuz, biek gobernu zentrala gaitzetsi dutelako Katalunian egiten ari denarengatik, jaietako “dibertimendu osasungarriaren” alde egin du.