Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Irailak 21

Foru exekutiboak aurreratu du lanean ari dela hezkuntza publikoa 4.0 iraultzari egokitzeko

Halaxe adierazi du PSNk egindako interpelazioaren erantzunean. PSNk honako hauek aipatu ditu: “atzerabidea eta urrats sektario guztiz okerrak, askatasunaren eta aukera-berdintasunaren aurkakoak”

Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilari María Solanak esan du bere departamentua lan egiten ari dela hezkuntza publikoa 4.0 “iraultzari” egokitzeko, eta azaldu du helburu duela sare publikoa “eskola barne-hartzaile eta bidezkoaren bermatzailea” izatea.

 

María Solanak, PSNk kontroleko osoko bilkuran egindako interpelazio bati erantzunez, baieztatu du “eraldaketa sakonen prozesu batean murgilduta gaudela, eta eraldaketa horiek izugarrizko abiadan gertatzen ari direla, eta batzuk tematuta daudela lehen zeuden toki berean gelditzen”.

 

Kontseilariak adierazi du Hezkuntza Departamentua “ezin dela geldirik geratu eraldaketa horien aurrean, eta norabide horretan aurrera egiten ari garela, eskola publikoa ardatz hartuta, hezkuntzaren arloko berrikuntza sustatzeari begira”.

 

Horri dagokionez, adierazi du ezen 2015etik ekipamendu berrietarako inbertsiora bideratutako aurrekontua zortzi halako handitu dela, eta ikasturte honetan zehar monitore interaktiboak jarriko direla ikastetxe publikoetako DBHko lehenengo mailako linea guztietan.

 

Gainera, María Solanak aldeztu du hezkuntza-azpiegituretako inbertsioa eta obrak egitea “modu esponentzialean” handitu dela, 2015ean 5,9 milioi erabiltzetik gaur egun 17 milioi erabiltzera pasa baita.

 

Carlos Gimenok (PSN) Hezkuntza Departamentuari leporatu dio legegintzaldi honetan “urrats sektario eta guztiz okerrak ematea, askatasunaren eta aukera berdintasunaren aurkakoak. Ez dezagun pentsa urte hauek galdutako urteak izaten ari direla, atzerabideko urteak izaten ari baitira. Itsu okerrena, ikusi nahi ez duena”.

 

Carlos Gimenok baieztatu du “hezkuntza publikoak behar duela ikasleen eskolatze egokia berma dadila, eta departamentua ez dela hori bermatzen ari. Irakaskuntza itundua “Eldorado” bihurtzen ari da.

 

Gainera, Gimenok adierazi du Hezkuntza Departamentuak “ez duela babesten hezkuntza publikoa, ezta euskarazko ereduan ere, eta Berara joatea besterik ez dagoela ikusteko nola urratzen ari den lehendik zegoen akordio bat, Berako ikastetxeak babestuta izan zitzan ikastetxe publiko batek eduki beharreko eskubide guztiak”.

 

Kontseilariak Gimenori erantzun dio “PSNri erantzukizunerako dei bat” eginez, eta ohartaraziz “zurea bezalako diskurtsoek gutxi laguntzen diotela eskola publikoari, edo batere ez diotela laguntzen”. Aipatu du, gainera, Carlos Gimenok “Tuterako pertsona batzuekin batera joaten dela kafea hartzera Parlamentuan agerraldi bat prestatzeko, eta gero estutasunean uzten dituela”.

 

Carlos Gimenok adierazi du bera zinegotzia dela Tuteran eta “herritar oro hartzen duela, baina berak ez duela kaferik hartzen, eta bilera hori udaletxean egin zela, atea zabalik. Arazoa kontseilariarena da, zeren eta Departamentuaren ahulezia segurtasun juridiko eza baita. Nire alderdia oso harro dago egiten ari den lanarekin”, berretsi du.

 

Alberto Catalánen (UPN) esanetan "faltsua" da azpiegituretan inbertsioa handitu izanarena, ez direla ordezko irakasleak jarri eta “eskola publikoa nahita utzi dela alde batera”.

 

“Behar duguna da ez dadila politika sektariorik egin eskola euskal nazionalismoaren printzipioen pean jartzeko”; izan ere, gobernu honek gaztelaniazko eredua eta ingelesez ikasteko programa “bonbardatu ditu bere alderdikeriazko interesak haien aurretik jartzeko”, ondorioztatu du.

 

Isabel Aramburuk (Geroa Bai) azpimarratu du Gobernuak “barneratua” duela eskola publikoa “lehenetsi beharra dagoela”, eta balioan jarri du landa eskolak biziberritu direla, hizkuntza eskubideak errespetatu direla, irakasleei prestakuntza eman zaiela edo bidean dela hezkuntzaren arloko itun bat lortzea.

 

Tere Sáezek (Podemos-Ahal Dugu) aldeztu du sare publikoak izan behar duela hezkuntza-eskaintza osoaren ardatza, “desberdintasunak konpentsatuko dituen” eredu bat lortzeko; hain zuzen ere, “eskola-arrakasta bermatzeko” behar diren bitartekoak edukiko duen eredua.

 

“Gezurra da” Gobernuak hezkuntza publikoa aldezten duenik, beren eredua ezartzera etorri dira, doktrinatzera” zehaztu du Javier Garcíak (PPN), eta aipatu du “gizartearen gehiengoa ados dagoela iritzi horrekin”.

 

Azkenik, Marisa de Simónek (I-E) babesa eman dio Gobernuaren hezkuntza politikari, baina bere ustez “ez da nahikoa, “askoz ere gehiago aurreratu behar dugu” eskola publikoan; eta behar denaren adibide gisa, honako hauek aipatu ditu: aurrekontua, murrizketak leheneratzea, kalitatearen aldeko ituna, enplegu publikoaren deialdi “orekatua” eta hezkuntza-eskaintza handiagoa.