Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Abenduak 18

2017ko abenduaren 18ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, ABENDUAK 18, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, abenduak 18–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuaren txostena eranstea honako foru lege proiektu honen espedienteari: Foru Lege proiektua, 544.158 euroko kreditu berezia ematekoa 2017ko gastuen aurrekontuan, Iruñerriko Mankomunitatea-Iruñerriko Zerbitzuak SAri diru-laguntza bat eman dakion Nafarroako Ubidea SAri ordaindu beharreko 2017ko tarifa finantzatzeko, Itoizko urtegitik Nafarroako Ubidearen bidez heldu den ura hornitzearren sinatutako kontratuaren ondorioz, Nafarroako Gobernuak eskaturik.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da N-121-A errepidean bidesariak jartzea errefusa dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Carlos García Adanero jaunak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Hezkuntzako kontseilariarena, bere iritzia eman dezan Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren epaiari buruz; izan ere, ezetsi egin du Iruñeko zenbait haur eskolaren hizkuntza-eredua nahitaez aldatzeari buruzko epaiaren aurka Iruñeko Udalak aurkeztutako errekurtsoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Hezkuntzako kontseilariarena, Aniztasunerako Arretaren Plan Estrategikoaren zirriborroaz informa dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluko lehendakariarena, informa dezan unibertsitatearen eta haren inguru kultural, profesional, ekonomiko eta sozialaren arteko harremanak sustatzeko jarduketei buruz. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Erretiratu egin da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren agerraldia, Nafarroako Ubideko kanonean Iruñerriko Mankomunitateari dagokionaren erdia ordaintzeko erabakia azaltzekoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Garapen Ekonomikorako kontseilariarena, N-121 errepidean bidesariak ezartzearen aukera azal dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Osasuneko kontseilariarena, Garraioaren Mahaiaren erabakietatik osasun-garraioari dagokionez heldu diren planak zehaztu ditzan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Epilepsiaren Nafarroako Elkartearen ordezkariekin, elkartearen proposamenei eta jarduerei buruz informa dezaten. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute. Hedabideak bertan direla.

- Tuterako Torre Monreal Hezkuntza Bereziko Ikastetxe Publikora. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Azagrako Francisco Arbeloa Ikastetxe Publikoan Lehen Hezkuntzako lehenenengo mailako bi ikasgela ez bikoizteko arrazoiei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Foru Ogasunak AMMA taldeko zahar-etxeek Farmaziako Prestazioaren Kudeaketarako Zerbitzuan izandako fakturazioaren gaineko auditoriaren emaitzei buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- 2015etik 2017ra bitarte eskatutako eta onartutako eszedentziei eta laneko eszedentzia hartzeko laguntzei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Doménech Linde andreak aurkeztu du.

- Ikasgeletan ETAren terrorismoaren biktimen lekukotasuna emateko programari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Eledunen Batzarrak erabaki du Nafarroako Kontuen Ganberari eskatzea fiskalizazio-txosten bat egin dezan Cederna-Garalur elkartearen 2007tik aitzinako kontuei buruz, 2017ko abenduaren 31ko ondare- eta finantza-egoerari buruz eta ekonomia- eta finantza-jarduera legezkotasun-printzipioari egokitzeari buruz. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

- Mahaiak erabaki du Kontuen Ganberari igortzea, azter ditzan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egindako aurrekontu-aldaketak, zeinak 2017ko urrian sartu baitziren erregistroan.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Konstituzio Auzitegiaren epaia, Nafarroako Foru Komunitatean Farmazia-prestazioak Osatzeari buruzko urriaren 19ko 18/2012 Foru Legearen aurkako 501-2013 konstituziokontrakotasun errekurtsoari buruzkoa.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Konstituzio Auzitegiko Lehenengo Salaren 686-2017 Autoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 175. artikuluaren 2. eta 3. apartatuei buruzko konstituziokontrakotasuneko arazoan Zizurko Udalak premiatutako epai-betearazpenerako intzidentean emana.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute zerbitzu juridikoen txosten juridikoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren finantzaketarako urte anitzeko plana ezartzeko unibertsitate horrekin lortutako akordioari buruz daukan dokumentazioa igortzeari dagokionez Hezkuntza Departamentuak duen betebeharrari buruzkoa.

Parlamentuko zerbitzu juridikoen txostenak ondorioztatzen duenez, “beharrezkoa da berrestea parlamentariek aipatu departamentuak gauzaturiko jarduketekin zerikusia duten datu, txosten edo administrazio-agiriak jasotzeko eskubidea, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduko 14.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Hala ere, informazio horren edukia ez da eskubide absolutu edo baldintzarik gabea; izan ere, eskaturiko datu edo agirien izanaren beraren eta Administrazioak betetako jarduketen amaitze-mailaren mendean egon behar du”. Horrekin lotuta, txosten juridikoak dioenez, “prozesuaren une honetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren finantzaketarako urte anitzeko hitzarmena ez dago amaituta, eta, horrenbestez, ez da sartzen parlamentariek eskubidez eskura dezaketen informazioan. Hala ere, hautetsi bati igorri beharko zaio Nafarroako Gobernuak kasuko erabakia hartzen duenean eta, ondoren, kasuko eskaera egiten denean Nafarroako Parlamentuko Lehendakaritzaren bidez. Aldiz, ordezkari publikoek eskaturiko datu, txosten edo administrazio-agiri guztiak bidali beharko dira, betiere kontrolatu nahi den xedea eta informazioa identifikatzen direnean eta bukatutako txosten edo agiriak badira, parlamentariek esleituta duten kontrol-eginkizunean sartzen baita”.

(Ohar honekin batera doa txosten juridikoa)

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Irakaskuntzako Funtzio Publikorako Sarbidea arautzen duen Foru Lege proposamenari buruz Nafarroako Parlamentuko zerbitzu juridikoek eginiko txostena. Foru lege proposamena Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Txosten juridiko horren arabera, “Irakaskuntzako Funtzio Publikorako Sarbidea arautzen duen Foru Lege proposamenak ez du akats edo hutsegite juridikorik eskumenei dagokienez, ez du segurtasun juridikoaren printzipioa urratzen, ez du iturri-sistema aldatzen, ez du eragozten, adierazitako moduan, hezkuntza-administrazioak erabaki ditzakeen hautapen prozesuetarako deialdi-ekintzak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan epaitzea, eta ez du Espainiako Konstituzioaren 9.3. artikulua urratzen duen atzeraeraginik ezartzen, txosten honetan azaldutako moduan”.

(Ohar honekin batera doa txosten juridikoa)

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Parlamentuko zerbitzu juridikoek egindako txostena jakiteko ea legezkoa ote den Iruñerriko Mankomunitatearentzako diru-laguntza bat onestea Nafarroako Ubidea SAri uraren kontzesioagatiko tarifa ordaintzeko.

 

Txosten juridikoaren arabera, “azterturik foru lege proiektuan sarturiko txostenak –Foru Lege proiektua, 544.158 euroko kreditu berezia ematekoa 2017ko gastuen aurrekontuan, “Iruñerriko Mankomunitatea-Iruñerriko Zerbitzuak, SA”ri diru-laguntza bat eman dakion “Nafarroako Ubidea SA”ri ordaindu beharreko 2017ko tarifa finantzatzeko–, erreparatu da legegintzako ekimen horren dokumentazioa nahikoa dela, bai eta organo bidaltzaileak duen eskumena ere aurrekontu-alorreko ekimen bat proposatzeko, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduko 126.2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz”.

 

Gainera, txosten juridikoak baieztatzen duenaren arabera, “Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak bidea ematen du laguntza horiek zuzenean emateko, prozedura zuzen baten bidez, betiere zuzendunak badira, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sartzen bada eta haren zenbatekoa Parlamentuan onetsitako kopurura mugatzen bada”.

 

Bestalde, txostenak honakoa dio: “kreditu bereziak ur hornidurako zerbitzuaren erabiltzaileen tasetan izan dezakeen eraginari dagokionez, ondorioztatu behar da ez dela eraginik antzematen tarifa horietan; izan ere, horiek aldez aurretik finkatu ziren, kasuko ordenantza fiskala onetsita, beste finantzaketa-iturri batetik eratorritako gutxitzea jada kontuan izan zuen gastu baten arabera".

(Ohar honekin batera doa txosten juridikoa)

 

 

- Adierazpen instituzional bat onetsi da. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak erabateko desadostasuna adierazten du 18/2012 Legea baliogabetzen duen Konstituzio Auzitegiaren epaiarekin, uste baitu epai hori bidegabea dela eta eskubideak eta Nafarroak osasun arloan dituen eskumenak urratzen dituela.

 

Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak erabateko desadostasuna adierazten baitu 18/2012 Legea baliogabetzen duen Konstituzio Auzitegiaren epaiarekin, uste baitu epai hori bidegabea dela eta eskubideak eta Nafarroak osasun arloan dituen eskumenak urratzen dituela. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta I-E foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

Adierazpenaren aldeko botoa eman dute Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta I-E foru parlamentarien elkarteak. UPNk eta Nafarroako Alderdi Popularrak bigarren puntuaren alde eta lehen eta hirugarren puntuen aurka bozkatu dute. Nafarroako Alderdi Sozialistak, berriz, bigarren eta hirugarren puntuen aurka bozkatu du eta abstenitu egin da lehenengo puntuan.

 

Hona adierazpenaren testua:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak erabateko desadostasuna adierazten du 18/2012 Legea baliogabetzen duen Konstituzio Auzitegiaren epaiarekin, uste baitu epai hori bidegabea dela eta eskubideak eta Nafarroak osasun arloan dituen eskumenak urratzen dituela.

2. Nafarroako Parlamentuak, Etorkinen Nazioarteko Egunean, bere konpromisoa agertzen du Nafarroan bizi diren pertsona guztientzako osasun integralerako eskubidearekin, edozein dela ere beren egoera administratiboa, eta Nafarroako Gobernuari eskatzen dio beharrezkoak diren neurriak har ditzala eskubide hori gauzatzeko.

3. Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen ditu Alderdi Popularraren gobernuak Nafarroaren autogobernuari egiten dizkion etengabeko erasoak; izan ere, sistematikoki erabiltzen du Konstituzio Auzitegian herritarren bizi baldintzak hobetzea xede duten Nafarroako legeen aurkako errekurtsoa”.

 

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jaso dute, bilkuran zehar, Kontuen Ganberako lehendakariaren informazioa, Nafarroako Kontuen Ganberaren 2018. urteko fiskalizazio programaren proiektua aurkeztekoa.