Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Abenduak 21

Onetsi da 2018ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea

10 in voce zuzenketa eta bi boto partikular gehitu dira, 0-3 zentroentzako partidak kendu dituzte eta 425.000 euroko diru-laguntza emango zaie Emausko Traperoei

Nafarroako Parlamentuak gaur onetsi du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin, 2018ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea.

 

Legearen 1. artikuluan jasorik dagoenez, 2018ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrek, zeinetan 4.164.135.407 euroko kredituak bildu diren (gastu ez-finantzarioan 6.524.981 euroko gehikuntza izan da), atal hauek dituzte: Parlamentuaren, Kontuen Ganberaren eta Arartekoaren aurrekontuak; Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aurrekontua; Nafarroako Kontseiluaren aurrekontua; Foru Komunitateko fundazio publikoen aurrekontuak; eta Foru Komunitateko sozietate publikoen aurrekontuak.

 

Bigarren artikuluan ageri denez, 3.88.805.200 eurokoa da gastu ez-finantzarioaren muga. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 34. artikuluan dago araututa muga hori.

 

Aurrekontu-egonkortasunaren arloko helburuak betetze aldera, eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat, 3.128.683.717 euroko muga ezarri zaio gastu ez-finantzarioari, behin Toki Ogasunen Funtsa deskontatuta.

 

Laugarren artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen aginduen araberakoak izanen dira aurrekontu-kredituen aldaketak, onetsitako foru legeak agindu horiek aldatzen ez dituen heinean.

 

Hala ere, ez dira aurrekontu-aldaketatzat hartuko partiden arteko funts mugimenduak, baldin eta, partida horietan agertzen diren kredituek helburu bera izanik, partida ezberdinetan kokatuta badaude Europar Batasunak gastuen erabilera hobeto kontrolatze aldera halaxe exijitzeagatik, gastuak hein batean hark kofinantzatuak izatearen ondorioz.

 

Europar Batasuneko programen aurrekontu-aldaketei dagokienez, Nafarroako Gobernuak, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak txostena egin ondoren, aurrekontuetan behar diren aldaketak egiteko baimena eman ahal du, EBk kofinantzatutako programa eta proiektuak ekitaldian zehar ahalik eta hobekien betetzeko, Europako Batzordeak hasierako dokumentuan onetsitakoari edo ondoren jarraipen batzordeek edo Batzordeak berak eginiko aldaketei jarraituz. Aurrekontu-aldaketak gastuen egoera-orrietan agertzen diren edozein motatako kredituen bidez finantzatu beharko dira.

 

Osoko Bilkurak gaur onetsi duen legean jaso dira Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek sinatutako 10 in voce zuzenketak, eta Podemos-Ahal Dugu taldearen boto partikularrari lotutako hirurak ez dira jaso; zuzenketa horiek gehitu zaizkie Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordean aldez aurretik eztabaidatu eta irizpenean jaso diren 149 zuzenketei (horiek guztiak, 11 izan ezik, Gobernua babesten duten lau taldeek soilik sinatu dituzte). Batzordean 763 zuzenketa aztertu dira abenduaren 11tik 15era bitartean, horietatik 71 in voce zuzenketak).

 


Osoko Bilkurako eztabaidan, beraz, UPNk, PSNk eta PPNk egindako 392 zuzenketa jorratu dira (UPNk 224 aurkeztu ditu, PSNk 137 eta PPNk 37), eta horiei gaineratu zaizkie lau zuzenketari Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztutako boto partikularrak, in voce aurkeztutako beste 11, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek elkarrekin sinatutako 6, PSNrekin batera kuatripartitoak sinatutako bi, PSNren bi zuzenketa, eta Parlamentuko zazpi taldeek sinatutako beste bat.

 

Osoko Bilkuran onetsitako Testu ARTIKULATUAri hurrengo bost in voce zuzenketak gehitu zaizkio:

 

  • Protesi, ortesi eta urritasuna dutenentzako ibilgailuak izeneko partida handitzeko ahalmena, Osoko Bilkuran zerbitzu ortoprotesikoen katalogoaren berritzea eskatzen zuen ebazpen bat onetsi eta gero. PSN talde parlamentarioak aurkeztua. Aho batez onartua.

 

  • Osasun zerbitzuetako langileen subrogazioa aldatzeko zuzenketa, “2018an interes orokorreko osasun zerbitzuek pertsonen arreta zuzena kudeatzen badute, zerbitzu hauek eskaintzen zituzten enpresetako langileak subrogatuak izango dira, borondatez onartuz gero, Foru Administrazioko langileen egoera berdinetan, eta oposizio edo lehiaketa atera artean postua mantenduko du”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aurkeztua. Aho batez onartua.

 

  • 62/2013 Foru Aginduari, mendekotasuna dutenentzako laguntzaren arloko hainbat prestazio eta zerbitzuren arteko bateragarritasun araubidea ezartzen duena eta mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditu eta haien zaintzaileei sostengua emateko laguntza ekonomikoak arautzen dituenari aldaketa egin diote. Familiako kideak euren artean txandatzeko aukera gehitu da, eta kasu batzuetan, familiakoa ez den hirugarren pertsona batek ere zaintzan parte hartu ahal izango du. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztua. Aho batez onetsia.

 

  • Aldi baterako kontratatutako medikuen eta esklusibotasun erregimenari xedapen bat gehitu zaio. “2018 urtean A.1 eta A.2.5 estamentuetako langileen aldi baterako kontratazio berriak dedikazio ez esklusibo erregimenean egingo dira. Neurri hau ordezkatzeko zailak diren lanpostu eta espezialitateetan ezarriko da, beti ere kontratuak urtebete baino gutxiagokoak direnean”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal dugu eta I-Ek aurkeztua. Ahobatez onetsia.

 

  • Udalek Gainbalioen Zerga itzuli ahal izateko konpentsazio funtsari kreditua handiagotu zaio. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek boto partikularrez aurkeztua. Aho batez baztertua.

 

LEHENDAKARITZA, FUNTZIO PUBLIKOA, BARNEA ETA JUSTIZIA Departamentuari dagokionez, in voce zuzenketa bat onetsi da.

 

  • Produktibitate osagarria izeneko partidari 150.000 euro gehitzen dizkion zuzenketa. Ogasuna eta Finantza Politika Departamentuko Kontingentzia Funtsa partidatik finantzatuko da. UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Ek aurkeztua. Aho batez onartua.

 

OSASUN Departamentuari dagokionez, in voce zuzenketa bat onetsi da.

 

  • ISPL proiektu estrategikoentzat langileen kontratazioa izeneko partida sortzeko 100.000 euroko kopurua, lan osasunean eta osasun publikoko proiektuetan sortzen diren beharrak asetzeko helburuarekin. Ogasuna eta Finantza Politika Departamentuko Kontingentzia Funtsa partidatik finantzatuko da. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztua. UPNren abstentzioarekin eta gainerakoen aldeko bozkekin onetsi da.

 

HEZKUNTZA Departamentuari dagokionez, UPNk, PSNk eta PPNk aldeztutako zuzenketak ezetsi egin dira, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeek aurkako botoa emanda. Aldiz, aurrera egin du, Gobernuari eusten dioten taldeen babesean, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak egindako boto partikularrak. Horren bidez talde horrek birformulatu egin du UPNren bi zuzenketari eta PSNren beste zuzenketa bati buruzko bere botoa; zuzenketa horiek guztiek zerikusia zuten 0-3 urte arteko Haur Hezkuntzako ikastetxeak birmoldatzeko edo ikastetxe berriak eraikitzeko partidekin; Batzordean onetsi ziren eta irizpenean jaso ziren. Osoko Bilkuran bozketa egin ondoren, hiru zuzenketak ezetsi egin dira. Hauek dira:

 

- 0-3 urteko haurrentzako udal jabetzako ikastetxeetako obrak izeneko partidako gastuei 250.000 euro gehitzeko zuzenketa, “ikastetxe horien egokitzapen-premiak estaltzeko, oraindik ez baitzaio erantzun toki erakundeen eskari horri”. UPNk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren kontrako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin baztertu da.

 

- 0-3 urteko haurrentzako ikastetxeak eraikitzeko hitzarmenak izeneko partidako gastuei 1.500.000 euro gehitzeko zuzenketa, “Nafarroako Gobernuak ez baitu erabakirik hartzen ikastetxe horien kudeaketari buruz, deialdi bat egin ahal izateko, nahi duten udalek parte har dezaten”. UPNk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren kontrako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin baztertu da.

 

- Gastuei 1.023.200 euro gehitzeko zuzenketa, Obrak udal jabetzako ikastetxeetan. Sarriguren Eguesibarko Haur Eskola izeneko partida berria sortzeko eta, horrela, “Eguesibarko herritarrei, zehazkiago Sarrigurengo bizilagunei, zor zaiena emateko, izan ere ez egungo Gobernuak ez aurrekoak ez baitute bete udalez gaindiko plan sektoriala”. PSNk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren kontrako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin baztertu da.

 

LANDA GARAPENA, INGURUMENA ETA TOKI ADMINISTRAZIO Departamentuari dagokionez, in voce zuzenketa bat onartu da.

 

  • Cederna-Garalur Hitzarmena izeneko partidari 60.000 euro gehitu zaizkio, aurreko aurrekontuen maila bereko finantzazioa mantentzeko. Ogasuna eta Finantza Politika Departamentuko Kontingentzia Funtsa partidatik finantzatuko da. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztua. Aho batez onartua.

     

  • GARAPEN EKONOMIKORAKO Departamentuan, bi in voce zuzenketa onetsi dira:

 

  • Emauseko Traperoentzako diru-laguntza deitutako partida berria sortzeko 425.000 euro gehitzea. Berriozarren irekitako berrerabilpen zentro berriaren inbertsioari aurre egiteko helburua du. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk, PSN eta I-Ek aurkeztua. Aho batez onetsia.

 

  • Pirinioko bunkerren ibilbidea garatzeko Auritz-Burgueteko Udalari aitortutako partida berria sortzeko 90.000 euroko gastua. Partidaren izena aldatzen da eta Garapen Ekonomikorako Departamentura aldatzen da. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztua. Aho batez onetsia.

 

  • Iturissa Proiektua izeneko 50.000 euroko partida “handigarritzat” hartu da. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztua. PSNren abestentzioarkein, PPNren aurkako botorekin eta gainerakoen aldeko botoarekin onartua.

 

Eztabaida amaitu ondoren, bozketa egin da eta behin betiko onetsi da 2018rako Aurrekontuei buruzko Foru Lege proiektua.
 

 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus

  • Foru lege proiektua (137. NPAO, 2017-11-09koa)

  • Zuzenketak (141. NPAO, 2017-11-17koa)

  • Zuzenketak (148. NPAO, 2017-12-01ekoa)

  • Irizpena (155. NPAO, 2017-12-20koa)