Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena berritu dute
Antzinako testu juridikoen erakusketa, izaera lexikografikoko euskarazko hiztegi juridikoaren hobekuntza eta mendeurrenaren ekitaldietan parte hartzea aurreikusten da
Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznarez Igarzak, eta Euskaltzaindiako Lehendakariak, Andres Urrutiak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, euskararen babes eta indartzea helburu.
Hitzarmen honen xedeak atal desberdinak ditu. Alde batetik, antzinako euskarazko testu juridikoen erakusketa bat egiteko helburua du baita izaera lexikografikoko euskarazko “Hiztegi juridikoa” hobetzekoa ere. Bestalde, Euskaltzaindiaren Mendeurrena dela eta 2018ko eta 2019ko udazkenean antolatutako ekitaldi eta jardunaldiak elkarbanatzea aurreikusten da. Proiektu hauetan guztietan euskararen lurraldetako elkarte, unibertsitate eta erakundeek parte hartu ahal izango dute.
Bi erakundeen iritziz interesgarria litzateke antzinako euskarazko testu juridikoen erakusketa antolatzea, behar diren azalpenekin lagunduta, egun lurralde euskalduneko instituzioetan zehar sakabanatuta baitaude.
Era berean, garrantzitsua deritzote Hiztegi juridikoa bateratu eta hobetzeko ahalegina egitea, Hiztegi juridiko-parlamentarioaren proiektuan landutako esperientziaz baliatuz. Hiztegi hau lexikografikoa izango da eta etorkizunean Euskaltzaindiaren Hiztegian jasoko da.
Helburu horrekin, Nafarroako Parlamentuak bere testu juridikoen dokumentu funtseko testuak Euskaltzaindiaren esku jartzeko konpromisoa hartzen du, testu hauek Parlamentuko terminologian eta lexikoan duten balioa aintzat hartuta. Honela, Euskaltzaindiak eguneratze lanak burutuko ditu, eta lan honetan beste Parlamentu eta erakunde batzuek ere parte hartuko dute.
Lan hau Lexikoaren Behatokia izeneko proiektu zabal baten baitan dago, egun esparru eta formatu desberdinetan erabiltzen diren euskarazko 68 milioi hitz-testutako datu-basea osatzen duena.
Ekimen honen helburua bikoitza da. Alde batetik, Euskaltzaindiak garatutako ikerlanetan, Akademiak emandako arauak gaurkotzekoetan nahiz etorkizunean aldatzekoetan; eta, bestetik, funtsezko atal bat izatea “XXI. Mendeko Euskararen Corpusa” izeneko proiektu zabalago batean, zeinari ekin nahi baitio Euskaltzaindiak etorkizunean. Bi helburu horietan sakondu ahal izateko, garrantzitsua da “Lexikoaren Behatokia” proiektuan sartutako testuen jatorria aberastea eta ugaritzea.
Hitzarmena honek hiru urteko indarraldia izanen du; gero, iraupen bereko ondoz ondoko aldietarako luzatzen ahalko da. Euskaltzaindiak proposatzen diren egitasmoak burutzeko berariaz antolatzen diren lantaldeen koordinazio lana egingo du, eta Nafarroako Parlamentuaren esku jarriko ditu lan horien emaitzak eta erabiltzeko baimenak ere.
Ainera, Hitzarmenaren sinadurarekin batera Jarraipen Batzorde bat eratuko da, sinatzaileen bina kidez osatutakoa eta gutxienez urtean bitan bilduko dena. Lehenbiziko bilkuran urtek lan programa adostuko da eta bigarrenean urteko memoria onartuko da.
Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak 2015eko urtarrilaren 21ean lehen lankidetza hitzarmena sinatu zuten lexiko parlamentarioa bateratzeko helburuarekin. Lan honetan Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Batzar Nagusiek parte hartuko dute.
Ainhoa Aznarez Igarza, Nafarroako Parlamentuko Lehendakariaren esanetan, Euskaltzaindiarekin sinatutako hitzarmenak Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunari men egiten dio, hizkuntza aniztasuna errespetatzeko bete beharra ezartzen baitie herrialde kide guztiei.
Aznarezek eskerrak eman dizkio Euskaltzaindiari bere lankidetzarako prestutasunagatik, adieraziz “euskararen irudia maila guztietan duin bihurtzeko betebeharra daukagula; eta Nafarroa hizkuntza zahar bezain berri honen bozgorailu eta erreferente bihurtu behar dela, Nafarroako herritarrek daukagun altxorra delako”. Era berean, Ander Irizar eta Mikel Uriarte Parlamentuko itzultzaileei esker ona adierazi die, hiztegi juridikoa osatzeko egindako lanagatik, “erakunde eta administrazioen eguneroko lanean tresna eta lanabes eraginkorra” baita.
Andres Urrutiak, Euskaltzaindiko Lehendakariak, Nafarroako Parlamentuarekin hitzarmena berritzeak duen garrantzia azpimarratu du, 2015ean sinatutako hitzarmenak emandako fruituari, hiztegi juridiko parlamentarioari, alegia, jarraipena ematea ezinbestekoa baita.
Urrutiak hitzarmenak lau oinarri dituela adierazi du. Lehena, hiztegi juridikoa hobetzea litzateke, euskarari hiztegigintza juridikoa eskaintzea hizkuntzarentzat mesedegarria baita.
Bigarren oinarria Parlamentuaren ekarpenean oinarrituko litzateke, Ganberak euskaraz sortzen den lan guztia erabilgarria baita Akademiarentzat.
Hirugarren oinarria gizarteratze lana da. Dokumentuak guztion eskura jartzearen garrantzia azpimarratu du Urrutiak, euskara lanabes eta tresna izan dadin maila juridiko eta administratiboan.
Azken oinarria Euskaltzaindiaren mendeurrena da. 2018ko urrian hasi eta 2019ko urrira arte iraungo du ospakizunak, eta helburua da Euskaltzaindia 100 urteren ondoren bizirik dagoela ikustaraztea, eta zerbitzu bokazioa mantentzen duela jakinaraztea.
Hitzarmenaren sinadura ekitaldira etorri den Euskaltzaindiaren ordezkaritza osatu dute Erramun Osak, Akademiako Idazkariordeak, Sagrario Alemanek, Sustapen Batzordeko Lehendakari eta diruzainak eta Patxi Zabaletak, Euskaltzaindiko kideak. Ganberako egoitzako Lehendakaritza Aretoan izan da ekitaldia, eta beste batzuen artean, Parlamentuko itzultzaileak eta Dabid Anaut (EH Bildu) parlamentarioa izan dira bertan.