Nafarroako Gazte Parlamentuaren proiektuarekin jarraitzeko apustua egin dute Nafarroako Parlamentuak eta Gazteriaren Kontseiluak
Nafarroako gazteen ordezkaritza-ganbera uda baino lehen berrituko da eta parte-hartzearen sustapenari eta erakundetutako eztabaida-guneari jarraipena emango diote
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko buruak, Miguel Garrido Solak, gaur sinatu duten hitzarmen baten babesean, Nafarroako Gazte Parlamentuaren proiektuari jarraipena emango diote, eztabaidaren kultura, espiritu kritikoa eta errealitate sozialaren azterketa arrazionala sustatzen jarrai dezaten lehen legegintzaldi honetan.
Foru Komunitateko gazteen ordezkaritza-ganbera hori webgune baten bidez diseinatu eta taxutuko da. Bertan, besteak beste, bozketa sistema elektroniko seguru eta sekretua ezarriko da Gazte Parlamenturako hauteskundeak egiteko.
Lehen legegintzaldia bukatutakoan, maiatza edo ekaina aldera, hauteskunde deia eginen da berriro ere, eta horrela hurrenez hurren, hitzarmena sinatu duten bi aldeak, Nafarroako Parlamentua eta NGK, bera berritzeko ados jartzen diren aldiro.
Udako oporrak baino lehen aurreikusita dauden hauteskundeak egin eta hautetsiak aldarrikatu ondoren, eratzeko bilkura eginen da eta orduan emanen zaio hasiera ekitaldi parlamentarioari, zeina 2018-2019 ikasturtea bera izanen baita.
Nafarroako Gazte Parlamentuaren bilkurak hilero eginen dira, baina ziklo bakoitzeko lehenengoa eta azkena bakarrik eginen dira Foru Legebiltzarraren osoko bilkuren aretoan.
Nafarroako Parlamentuak eztabaidagaiak proposatu ahal izanen ditu, eta Gazte Parlamentuan onesten diren ebazpenak Legebiltzarreko Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordeari igorriko zaizkio. Bertan, kasua bada, talde parlamentarioek eta parlamentari-elkarteek egokitzat jotzen dituzten ekimenak onartuko dira.
Gazte Parlamentua abian jarri da Foru Legebiltzarrak konpromisoa hartua duelako herritarrei partaidetzarako guneak irekitzeko, elkar ezagutu, harremanak izan eta eztabaidatu ahal izateko espazioak alegia.
Nafarroako Gazteriaren Kontseilua (NGK) apirilaren 18ko 110/1986 Foru Dekretuaren bidez sortu zen. Nafarroako gazteen ordezkaritza-organo nagusia da, eta helburutzat du barnean biltzen dituen pertsonek eta elkarteek Komunitatearen garapen politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean parte har dezaten sustatzea.
Hitzarmenak 20.000 eurorainoko hornidura du, eta 2018ko abenduaren 31 arte iraunen du indarrean. Hitzarmeneko Jarraipen eta Betearazpen Batzordea lau kidek osatzen dute: Parlamentuaren eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluaren bina ordezkarik. Gainera, Nafarroako Eztabaida Elkartea aholkulari arituko da. Irabazi-asmorik gabeko entitatea da, eta elkarrizketa eraikitzailea sustatzen jarduten du.
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzaren esanetan, ekimen horren bidez “politikan parte hartzeko gizarte-sareak osatu eta erakundetu nahi ditugu, horrela, beren burua arautzen duten bilguneetan, gazteek gizarteari eragiten dioten arazoak konpontzeko konpromisoa parteka dezaten. Horixe izan dugu proposamena onartu eta garatzeko arrazoi nagusia”.
Lehendakariak horren haritik ohartarazi duenez, “gazteek parte hartu behar dute politikak zehazterakoan, are gehiago zuzenean eragiten badiete; horretarako sustatu eta indartu egin behar da adierazpen eta iritzi askatasuna, baita informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera demokratikoari dagokionez ere”.
Miguel Garridok, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko lehendakariak Parlamentuarekin elkarlanean aritzeagatik eskerrak eman ditu, eta esperientzia “oso positiboki baloratu du, estatu mailan aitzindaria izaik proposamen eta parte-hartze maila altua izan baitu. Oso hilabete interesgarriak izan dira, izan ere, Kultura, Kirola eta Gazteria Batzordeari hiru proposamen aurkeztuko dizkiogu. Etxebizitza sarbiderako plana osatzeko izango da bat, beste bat enpleguaren sustapenerako eta azkena liburutegien ordutegiak hobetzeko”.
Egungo Gazte Parlamentuko hautetsiak hurrengoak dira: Iker Severiano, Mikel Ganuza, Miguel Matellanes, Jon Larrea, Alejandro Cuellar, Alejandro López, Jorge Huguet, Beatriz Ochoa, Juan Albarran, Asier Costa, Xabier Gartzia, Victoria Delgado, Miguel Ibiricu, Adrian Muro, Javier Robledo, Unai Irigarai, Raul Lecumberri, Stephan Villafranca, Alisson Almendras, Pablo Melendo, Amilcar Quinatoa, Paloma Lorenzo, Carlos Moreno, Josu Pozo, Jennifer Serrano, Sergio Cuevas, Telmo Zuza, Aizpea de Atxa, Pamela Kimberly Glenny eta Yaiza Iñigo.
Proiektuaren inguruko albisteak parlamentojoven.com webgunean argitaratuko dira. Hau da harremanetarako helbide elektronikoa: [email protected].