Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Apirilak 23

Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez ezinbestekotzat jotzen baitu Nafarroako Gobernuak aurrera egitea LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko Foru Legearen aplikazi

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko apirilaren 23an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak ezinbestekotzat jotzen du Nafarroako Gobernuak aurrera egitea LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko Foru Legearen aplikazioan. Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

UPNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; PPN, berriz, abstenitu egin da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak ezinbestekotzat jotzen du Nafarroako Gobernuak aurrera egitea LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko 8/2017 Foru Legearen aplikazioan, emakume lesbianen segurtasuna eta haien askatasunen bortxaezintasuna bermatzeko, halako moduz non egiazki pertsegituko diren gorroto-delituak eta herritar guztien arteko tratu-berdintasuna ziurtatuko den.

 

- Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela funtzionarioak behar bezala prestatzea, batez ere justiziaren eta segurtasun indarren arlokoak, emakumeek pairatzen dituzten diskriminazio forma desberdinekiko sentsibiliza daitezen, emakume lesbianen aipamen bereziarekin; eta modu berariazkoan eta zeharkakoan eragitea hezkuntza-sisteman, ziurtatze aldera ikasle guztiek, zentro publiko, itundu edo pribatuetan ikasten dutela ere, informazio egiazkoa eta kontrastatua jasotzen dutela emakume lesbianen errealitatearen inguruan.

 

- Nafarroako Parlamentuak deklaratzen du beharrezkoa dela emakume lesbianen errealitateari buruzko informazio- eta sentsibilizazio-sistema desberdinak ezartzea osasun alorreko langileentzat, bai eta protokolo mediko argiak emakumezko paziente guztiak heterosexualtzat ez jotzeko eta, hala, emakume guztiei osasun laguntza egokia bermatzeko.

 

- Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela Espainiako Gobernuak laguntza bidezko ugalketari buruzko legedia aldatzea, Nafarroan jada egin den moduan, bikoterik gabeko emakumeen eta emakumezko bikotea duten emakumeen egoera aintzat hartzeko eta haiek laguntza bidezko ugalketa teknikak baliatu ahal izateko sexu desberdineko bikoteen baldintza beretan autonomia erkidego guztietan.

 

- Nafarroako Parlamentuak deklaratzen du beharrezkoa dela gure lurraldean sarbide askea izatea asiloa eskatzen duten pertsona guztiek, beren sexu-orientazioa eta/edo genero-nortasunagatik pertsegituak direla argudiatzen badute”.