Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Apirilak 27

Nafarroako Parlamentuak bere desadostasunik handiena adierazten du 2016ko uztailaren 7ko gertakariak sexu-abusu gisa kalifikatzen dituen epaia dela eta

Legebiltzarrak babestu egiten du Foru Gobernuak errekurtsoa aurkezteko erabakia hartu izana, bat egiten du epaiaren aurkako herri-aldarriarekin eta Nafarroak emakumeen arukako inolako erasorik onartzen ez duela deklaratzen du

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat aho batez onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere desadostasunik handiena adierazten baitu 2016ko uztailaren 7ko gertakariak sexu-abusu gisa kalifikatzen dituen epaia dela eta. Adierazpena UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta PSN talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere babesa, bere txera eta bere elkartasuna helarazi nahi dizkie biktimari eta haren gertukoei.

 

2. Nafarroako Parlamentuak, errespeturik handienarekin bada ere, epaiarekiko desadostasunik handiena adierazi nahi du; bereziki, Gobernuaren Zerbitzu Juridikoek adierazitakoarekin bat, gertakariak sexu-abusu jarraituko delitu gisa kalifikatu izanarekikoa. Hartara, babestu egiten du Nafarroako Gobernuak, Zerbitzu Juridikoek gomendatutakoari jarraikiz, epaiaren aurkako errekurtsoa aurkezteko erabakia hartu izana. Halaber dio bere bere desioa dela Fiskaltzak gogoan har dezan epaiaren aurkako errekurtsoa aurkeztea.

 

3. Nafarroako Parlamentuak ulertu egiten du herritarrek epaia etsipenez hartu izana, eta bat egiten du bere egiten ez duen epai honen aurkako herri-aldarriarekin.

 

4. Nafarroako Parlamentuak aldarrikatu egin nahi du emakume orok duela erabateko askatasuna izateko eskubidea, eta Nafarroak ez duela ez emakumearen aurkako inolako sexu-erasorik ez bestelako inolako erasorik ere onartzen.

 

5. Nafarroako Parlamentuak berretsi egin nahi du elkarte-egiturarekin, talde feministekin eta, oro har, herritarrekin lankidetzan lan egiten jarraitzeko konpromisoa, berdintasunaren alde eta emakumeen eskubideen defentsan, emakumeek pairatzen dituzten desberdinkeriak eta indarkeria-mota guztiak desagerrarazteko”.