Foru Lege Proposamen bat baztertu da, sinbolo ofizialen inguruko legea urratzeagatik isunak ezartzeari buruzkoa
Udaletan ikurrinak bidegabeki jartzeagatik ezarritako isun edo kostuen ordainketa kargu publiko arduradunek egitea nahi zen
Parlamentuko Osoko Bilkurak atzera bota du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldekoekin, kargudun publikoei administrazio-zehapenak ezartzen dizkien Foru Lege proposamena, sinbolo ofizialen inguruko legea urratzeagatik.
Irakurketa bakarrean izapidetu da PPNk sustatutako Legea, eta helburua zen “baldin eta udal bat edo beste edozein administrazio publiko kostuak edo isunak ordaintzera kondenatua baldin bada Nafarroan sinbolo ofizialak paratzeari dagokionez indarreko legeria ez betetzeagatik, kondena erakarri duen egintzaren erantzule diren kargudun publikoei administrazio-zehapen ekonomikoa ezarriko zaie, zeinaren zenbatekoa izanen baita ordezkatzen duten erakundeari ezarritako kostuaren edo/eta isunaren zenbateko bera”.
Zioen azalpenean, argudiatzen zen epai judizialek ezartzen dutela “2003ko Nafarroako Sinboloen Legea indargabetu ostean “, (2017ko martxoaren 30eko osoko bilkuran Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren babesarekin) indarduna 39/1981 Legea dela, “Espainiako banderaren eta beste bandera eta ikur batzuen erabilera arautzen duena, eta lege horrek ezartzen duela udalak behartuta daudela Espainiako, erkidegoko eta tokiko banderak jartzera (3., 4. eta 5. artikuluak, hurrenez hurren)”.
Testuinguru horretan, oroitarazten zen “jada hamabi udal direla gaur arte kondenatu dituztenak Euskal Autonomia Erkidegoaren ikurrina bidegabeki jartzeagatik, eta zenbait udal halaber kondenatuak izan direla egoitza ofizialetan ez jartzeagatik Nafarroako sinbolo ofizialak, Espainiako sinbolo ofizialak edo Erregearen argazkia, baita Nafarroako Parlamentua ere kondenatu dute Errepublikaren bandera bidegabeki jartzen saiatzeagatik”.
-
Foru Lege Proposamena (62. NPAO, 2018-05-11ekoa)