Erlijioa eskola curriculum-etik ateratzeko estatu mailako legegintzako ekimena
Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko ekainaren 21ean
Nafarroako Parlamentuak onetsi du gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin, Lege proposamena, Erlijio Askatasunari buruzko uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoa eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa erlijioaren irakaskuntzari dagokionez aldatzekoa, erliio konfesionala eskola curriculumetik kendu nahi duena.
Diputatuen Kongresuko Mahaiak izapidetzeko onartzekotan, Foru Parlamentarioek Behe Ganberan defendatu beharko dute.
Irakurketa bakarrean eztabaidatu den eta Geroa Baik bultzatutako Lege proposamenaren helburua da 7/1980 eta 2/2006 lege organikoak aldatzea, Konstituzioaren 16.3 artikuluak ezartzen duen akonfesionalitatea “XXI. mendeko balioetara moldatzeko, besteak beste hezkuntza sistema laikoaren aldeko apustua egiteko”.
Zentzu horretan, beharrezko lege aldaketak egiteko deia luzatzen da, eskola curriculumetik erlijio konfesionala eman ez dadin.
Ekimenen titularren iritziz, oraintxe baldintza egokiak betetzen dira, Foru Komunitateak eskumenik ez duenez, Kongresuaren sostengua behingoz lortzeko. Hala balitz, Nafarroako ekimena, Espainiako Konstituzioaren 87.2 artikuluaren itzalpean formulatua, lege arrunt gisa izapidetuko litzateke.
Konstituzioaren 87.2 artikuluaren arabera, autonomia erkidegoetako legebiltzarrek Kongresuaren Mahaiari lege proposamenak igorri ahal dizkiote (edo Estatuko Gobernuari lege proiektuak onartzeko eskatu), eta gehienez hiru ordezkari izenda ditzakete, Kongresuan ekimen horiek defenda ditzaten.
Kongresuan legegintzako ekimenak aurkezteko ahalmen hori Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 212. artikuluak garatzen du. Proposamenak legegintzako prozedura arruntaren bidez izapidetu behar direla adierazten du. Desberdintasun bakarra dago: Osoko Bilkurak proposamena onetsitakoan, ez zaio Nafarroako Gobernuko lehendakariari igortzen, Diputatuen Kongresuko lehendakariari baizik, azken legebiltzar horretan izapidetu dadin.
Lege proposamena Kongresuan defendatzeko ardura duten foru parlamentarien izendapena Mahaiak ezarritako arauei jarraituz egingo da, Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondoren.
Arau horiek diotenez, proposamenaren aurka bozkatu ez duten hiru parlamentarik defendatu behar dute proposamena, eta Mahaiak izendatu behar ditu. Horietako bat ekimena sustatzen duen taldeak proposatuko du, eta beste biak Eledunen Batzarrak hautatuko ditu (boto ponderatua) taldeek proposatutakoen artetik.
-
Foru Lege proposamena (73. NPAO, 2018-05-29koa)