Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Ekainak 28

Parlamentuak 2017-2019 aldirako toki inbertsioen plana arautzen duen Foru Legearen aldaketa onetsi du

Konpromiso ekonomikoen egozpena lanen exekuzioaren aurreikuspenei egokitu zaie, eta salbuespenezko eta larrialdiko araubideak aldatu dira

Nafarroako Gobernuak azken momentuan atzera bota du 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legearen aldaketa, “aurrekontu kredituen areagotzea suposatzen zuten” hiru zuzenketek aurrera egin baitute, eta Gobernuaren desadostasuna ez da kontuan hartu.

 

“Erregelamenduari jarraikiz eta Nafarroako Gobernuak zuzenketen aurrean emandako argudioak kontuan hartu ez direnez, gure burua Legea atzera botatzera behartuta ikusten dugu”, adierazi du Uxue Barkosek, behin eztabaida amaitu denean.

 

Osoko Bilkuran burututako eztabaidan hiru zuzenketa eztabaidatu dira, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztutako bi, eta UPNk aurkeztutako beste bat, baina ez dira zuzenketok bozkatu, Gobernuko Lehendakariak hitza hartzea eskatu baitu (edozein momentutan egin dezake), Isabel Elizalde Kontseilariak defendatutako Legea atzera botatzen zutela adierazteko.

 

Eledunen Batzarrak Mahaiaren erabakia babestu ondoren onartu dira zuzenketak, izan ere, Nafarroako Gobernuak desadostasuna adierazi baitu, eta “ekitaldiko kredituak gehitzea edo aurrekontu-dirusarrerak gutxitzea ekartzen” duten zuzenketek Exekutiboaren adostasuna behar dute (Erregelamenduko 129.1 art.), eta izapidetzearen edozein unetan adierazi ahalko du ez dagoela ados (129.4 art.)

 

Zuzenketek aurrekontuan duten eragina dela eta Mahaiaren eta Nafarroako Gobernuaren artean egon litezkeen desadostasunak Eledunen Batzarrak ebatziko ditu (129.5 art.).

 

UPNk aurkeztutako zuzenketak 35 milioiren exekuzioa eskatzen zuen, 2016 eta 2017 urteen artean diru-laguntzetan eta ordainketetan inbertitutako 17ak kenduta, 2015eko maiatzaren 31n 52.425.247,95 euroko saldora iristeko falta direnak baitira, “Gobernuak 2016ko otsailan baieztatutakoaren arabera”. Horrek ahalbidetuko luke “2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planaren zuzkidura eskasa zuzentzea eta 2019an erreserban gelditu diren lan guztiak aurrera eraman ahal izatea”.

 

EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek, bestalde, 2017/2019 TIP-ren zuzkidura 29.695.882,06 euroan handitzea eskatzen zuten, 2017ko ekitaldiko Kontu Orokorren likidazioko soberakinaren baliokidea, hain zuzen.

 

2018rako Toki Programaziorako inbertsioen aportazioetarako funtsen areagotzerako, Toki Inbertsioen Plana arautzen duen abenduaren 13ko 18/2016 Foru Legean, 7. xedapen gehigarri bat gehitzea proposatzen zen, 29.695.668,51 eurotako kredituaren gehigarria hurrengo sailetan zatitu zedin: Sarerik gabeko zolaketa, 1.274.668,54 euro; Zolaketa sareekin, 8.342.569,28 euro; Azpiegituren moldaketa eta araudiaren zuzkidura, 2.198.748,91 euro; Argiztapen publikoa, 4.230.153,63 euro; biztanledun lekuetarako bideak, 565.504,61 euro.

 

Gobernuak aurkeztutako foru lege hori irakurraldi bakarrean izapidetu da. Beraren bidez Toki Inbertsioen Planaren kudeaketa 84/2017 Foru Aginduaren arauetatik salbuetsi nahi zen, inbertsioak dagokien aurrekontu-ekitaldian osorik exekutatzera behartzen baitute; horrez gain, xedea zen akatsak zuzentzea, bikoiztutako gaiak kentzea eta zenbait kontzeptu argitzea. Hori guztia zuzenean lotuta dago legebiltzarrak 2016ko abenduaren 1ean onetsitako egungo Toki Inbertsioen Planaren indarraldian detektatu diren gorabeherekin.

 

Espedienteen kudeaketa hobetzeko eta inbertsioen finantzaketa aurrekontuen plangintzarekin bat etor zedin, konpromiso ekonomikoak ekitaldi desberdinei egozteko aukera ematen zen, lanen exekuzioaren aurreikuspenaren arabera, betiere zerbitzu eskudunak txostena eman ondoren.

 

Ildo horretan, 2016ra arte ordainketa asko hurrengo ekitaldian eta itxitako aurrekontuen kargura egiten zirela azpimarratzen zen. Aukera hori baztertu egin zuen 84/2017 Foru Aginduak, 2017ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak eta Balantze Kontuak ixteko eta likidatzeko eta 2018ko ekitaldia irekitzeko arauei buruzkoak. Epeei dagokienez, aurreikuspen berri horrek berekin zekarren inbertsioen frogagiriak lehenago aurkeztea. Hori ez zen beti posible izaten, eta konpromisopeko gastu osoa exekutatzea eragozten zuen.

 

Toki Inbertsioen Planaren ekarpenak beste laguntza batzuekin bateragarriak izateari dagokionez, betebehar bat eransten zen kasu horietarako, beste funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa frogatzekoa, alegia.

 

Halaber, salbuespeneko araubideari atxikitzeko baldintzak aldatu dira: atxikitzea eskatu aurretik inbertsioa doitu beharko da, edo, bestela, finantzatzeko formula alternatibo bat proposatu. Halaber, laguntzaren zenbatekoa zuzentzen da, BEZ kengarria ez duten inbertsioetan dagokion BEZa gehituz, eta lurraren gaineko kontribuzioari, egun indarra duenari, 0,20ko gutxieneko igoera ezartzen zaio.

 

Larrialdiko prozedura ere egokitu egiten zen Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean jasota dagoenera, argiago ager zitezen bereizita bi prozedura desberdin, bata larrialdiko jarduketetarako eta bestea jarduketa osagarrietarako.

 

Bestalde, artikulu bat eransten zen, 22 bis artikulua, prozedura berri bat (hasierako baimena) arautzeko, erreserbako behin betiko zerrendan dauden inbertsioak hasteko aukera ematen zuena, 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planean ondoren sartzeko eskubidea galdu gabe.

 

Beste arlo batean, inbertsioak egiteko epeak ezartzeko aukera izanen zuen Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak, eta epeak luzatzeko aukera ere ezartzen zen, salbuespenez.

 

Obraren hasierako ekarpenari dagokionez, hura % 50etik % 60ra handitzen zen. Horrela, toki entitateen ahalmen ekonomikoa hobetzeaz gain, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari bide ematen zitzaion hasierako fasean gastu portzentaje handiagoa exekutatzeko.

 

Legeak zehapenen araubide berri bat ezartzen zuen: jada ez zen inbertsioa planetik baztertzeko arrazoi izanen obren hasiera bi hilabetez gehienez atzeratzea, eta ez zen partzialki baztertzeko arrazoi izanen inbertsioaren amaieraren frogagiriak epetik kanpo aurkeztea.

 

Azkenik, libreki erabaki beharrekoen araubidea aldatzen zen, eskumenak udalei eskuordeturik dituzten edo egokitasun-txostena epean eskatzen ez duten kontzejuei kudeaketa errazteko; horrela, haien udalek egin zitzaketen lan horiek: egokitasun-txostenak eskatu, inbertsioak exekutatu, eta kasuan kasuko ordainketak tramitatu.

 

Horrekin batera, libreki erabaki beharrekoen ordainketak eskatzeko epe berriak adierazten ziren, 2018an nahiz 2019an exekutatu behar diren inbertsioetarako. Ezartzen zen azaroaren 1a izanen dela azken eguna bai 2018ko ordainketak aurreratzeko, bai, aurrekontuan diru erabilgarria dagoenean, esleitutako ekarpenen ordainketa 2018ra aurreratzeko.

 

Nafarroako Parlamentuak 2016ko abenduaren 1ean onetsi zuen 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana. Toki ogasunek Nafarroako tributuetan parte hartzeko funtsaren kargura, plan horrek 100 milioiko zuzkidura du: 40 milioi lehen urtean banatzekoak, 20 bigarren urtean eta 40 hirugarren urtean.

 

Toki ogasunek tributuetan parte hartzeko funtsaren bidez, Nafarroako Gobernuak gastu arruntak (langileak, bulegoak, hornidurak eta abar) finantzatzen zizkien udal eta kontzejuei. Inbertsioak (azpiegitura eta ekipamenduen ezarpena, hobekuntza eta berritzea), berriz, Toki Inbertsioen Planaren bidez kofinantzatzen ziren.