Nafarroako Gobernua Caixabanken aurka abiarazi beharreko egintza judizialak abiaraz zitzan premiatzen zuen mozioa baztertu da
Sanz Lehendakari ohiaren eta Miranda Kontseilari ohiaren ardura aipatzen zen “diru publikoarekin egindako espekulazio-kontratuen ondorioz 4,9 milioi euro galdu baitziren”
Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat atzera bota du gaur, UPN eta PPNren aurkako botoekin, PSN eta Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “Caixabanken aurka abiarazi beharreko egintza judizialak abiaraz ditzan, lehengo Gobernuak zenbait finantza-produktu (SWAP eta COLLAR) kontratatu izanaren ondorioz foru erkidegoaren funtsek galdutako 4,9 milioi euroak berreskuratze aldera”
Baztertutako mozioak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “Caixabanki eska diezaion zenbateko horren kita egitea edo, bestela, gutxienez ere zenbateko hori birnegoziatzea, entitate horrekin gaur egun oraindik indarrean dauden obligazioei dagokienez”.
Mozioa hirugarren bozketan baztertu da, berdinketa hirukoitza egon baita aldeko eta aurkako 17 botorekin eta 16 abstentziorekin.
Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak argudiatzen zuen “Parlamentu Sozialak salatu duela Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kutxarekin hartutako maileguen finantza-produktu gehigarriak (SWAP eta COLLAR) kontratatu izanak eragin duela nafar guztien diruarekin, soilik interesetan, behar baino 4,9 milioi euro ordaintzea”.
Hala, “Alvaro Mirandaren, orduan Ogasun Kontseilari zenaren eta Miguel Sanzen, Nafarroako Gobernuko eta Nafarroako Kutxaren Lehendakari ohiaren ardura aipatzen zen, diru publikoarekin egindako espekulazio-kontratuak sinatzearen arduradun zuzenak baitira eta horren ondorioz, 4,9 milioi euro galdu baitira”.
Testuinguru horretan, azpimarratzen zen “SWAPen ezaugarri berezi horiek azken urteotan eragin dutela epaitegiek kontratu asko eta asko deuseztatzea eta ordaindutako zenbatekoa berreskuratzea, produktua biziatuta zegoelako hasieratik, Finantza-entitateak 2004/39 Europako Zuzentarauak ezartzen dituen ezaugarriak ez betetzeagatik”.
Ezaugarri hauei jarraiki, sustatzaileak uste du Nafarroako Gobernuak “zilegitasun osoa leukakeela ordaindu ditugun gehiegizko 4,9 milioi horiek erreklamatzeko Caixabanki, azken hori Nafarroako Kutxa desagertuaren eskubide eta obligazioetan subrogatutako entitatea den aldetik”.
-
Mozioa (19. NPAO, 2018-01-26koa)