Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Ekainak 28

Nafarroako Gobernua premiatzen da adin pediatrikoko haurrentzako oinarrizko osasun-laguntza sendagile espezialistek eta erizainek egin dezaten

Ereduaren gabeziak konpontzeko aldaketa estrategikoak eskatzen dira, laguntza-presio handia dutenen beharrizanei arreta eraginkorragoa emateko

Parlamentuko Osoko Bilkuran ebazpen bat onetsi du gaur UPN, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bairen abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “susta dezan pediatriako sendagile espezialistek eta, progresiboki, pediatriako erizaintzako profesionalek egin dezaten adin pediatrikoan dauden haurren oinarrizko osasun-laguntza”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboa premiatzen du “pediatra batek eta erizain batek osatutako Arretarako Oinarrizko Unitateak berrantola ditzan. BOT eta sakabanaketa geografikoko irizpideak erabiliko dira, arretaren kargak orekatzeko, kalitatea hobetzeko eta arreta pediatriako mediku espezialistek eman dezaten sustatzeko”.

 

Era berean, eskatzen da “kasuko sindikatuekin adosturik, pediatriako erizain espezialisten kontratazio-zerrenda berezi bat ezar dadin, Oinarrizko Osasun Laguntzako postuak betetzeko. Zerrenda horri lehentasuna emanen litzaioke, zerrenda orokorraren gainetik, pediatriako lanpostu berariazkoak kontratatzerakoan”.

 

Halaber, premiatzen da “gehieneko kopuru bat jar dezan, pediatra bakoitzeko 1.000 BOT (hori mugatzat jotzen da segurtasun kliniko eta arretaren kalitate egokia bermatzeko, profesional horien lan-gainkarga ekiditeaz gain). Gainditzen direneko salbuespen-kasuetarako berrantolaketako beste aukerak dira, adostasun sindikaldun ordain-osagarrien aukera aztertzea, sakabanaketa geografikoaren araberakoak, eta 1.000 BOT/profesional baino gehiagoko kupoak, kontuan hartuz betetzeko zailtasun berezia duten lanpostuak ere”.

 

Horrez gain, Gobernuari eskatzen zaio “neurri egokiak har ditzan (kontratuen, ordainsarien eta prestakuntzaren arloetakoak), pediatra berriak erakartzeko eta daudenei eusteko”.

 

Gainera, eskatzen zaio “aldi baterako kontratuen kalitatea hobe dezan, horrela erraztearen zerbitzuaren jarraitutasuna eta aldi baterako kontratatutako profesionalei eustea”.

 

Nafarroako Gobernua premiatzen da, baita ere, “2019rako lan-eskaintza publiko berri bat tramita dezan, oraingo lan-eskaintza publikoan pediatriako lanpostu gehiago ezartzea aztertuz, aldi baterako kontratuen proportzioa murriztearren”.

 

Bestetik, eskatzen da “Osasun Departamentutik susta dadin Oinarrizko Osasun Laguntzako pediatriako profesionalen prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa”.

 

Bestalde, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “oinarrizko Osasun Laguntzan ordezkapenetarako irizpideak berdintzea Laguntza Espezializatukoekin”.

 

Halaber, eskatzen da “profesional ezberdinen lan- eta familia-bizitzaren bateragarritasuna sustatzea, lan-ordutegiaren malgutasunaren eta beste bateragarritasun-neurri batzuen bitartez”.

 

Gainera, Gobernua premiatzen da “tresna informatiko berariazkoak garatzea, bai eta jardun klinikorako gida eta protokolo eguneratuak ere”.

 

Bestetik, eskatzen da “Oinarrizko Osasun Laguntzan eta Larrialdietan Arreta Pediatrikorako plan sektorial bat garatzea. Bertan garatuko diren programek kontuan hartuko dituzte familia-eredu berriak, aniztasun kulturala eta errealitate sozial berriak”.

 

Baita ere, “aipatu plan sektorialean arreta ematea haur eriek eskolan dituzten beharrizan bereziei”.

 

Azkenik, Gobernua premiatzen da “Osasun-sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluaren hurrengo bileran eska dadin azter dadila profesional-gabeziako egoera, pediatriako espezialistak barne, bai eta zer neurri hartu behar diren ere; horien barne, Barruko Mediku Egoiliarren lanpostu gehiago eskaintzea datozen deialdietan”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak aurkeztutako ebazpenak deia luzatzen du “Oinarrizko Arretan dauden arazoak konpontzeko aldaketa estrategikoak berehala ezar daitezen, laguntza-presio handia dutenen beharrizanei arreta eraginkorragoa emateko”, baita antolaketa mailan ere, “profesionalak erakartzea errazagoa izan dadin”.

 

Zentzu horretan, oroitarazten da Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzko Legearen 12. artikuluak ezartzen duenez, oinarrizko laguntza, pazienteen arretarako oinarrizko eta hasierako maila dela, eta “eskariaren arabera ematen da, programatua zein larrialdikoa izan, kontsultan nola gaixoaren etxebizitzan”.