Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Uztailak 23

Parlamentuko lehendakariak taldeei helarazi die alderdien finantzaketari eragiten dioten lege organikoak aldatzeko NUKFren eskaera

Guztira Nafarroako 57 elkarte eta alderdi txikiri eraginen lieke Kontuen Auzitegiak "hauteskundeetako gehiegizko gastuaz” egin duen zenbatespenak

Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, talde parlamentarioei helarazi die Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoa eta Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoa aldatzeko proposamen bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (NUKF) zerbitzu juridikoek landu eta erakunde horrek igorritakoa.

 

Iragan apirilean Kontuen Auzitegiak erakunde horri bidali zion jakinarazpenaren ondorioz sortu da eskaera. Izan ere, jakinarazi zion zehapen prozedurako jarduketak hasiak zirela azken udal hauteskundeetan parte hartu zuten hainbat elkarte eta alderdi politikoren aurka, hauteskundeetan gehiegizko gastua egiteagatik.

 

Zehazki, Foru Komunitatean jarduketa horiek 57 elkarte eta alderdi txikiri eraginen liekete, eta Estatu osoan 500dik gora erakunde politikori. Jarduketa horien hasiera, NUKFk azaldu duenez, Hauteskunde Araubideari buruzko Lege Organikoak aurreikusten duen hauteskunde-gastuaren gehieneko zenbatekoa gainditu izanak eragin du. Erakunde horren iritziz, argi dago gehieneko zenbateko hori ez dela nahikoa hauteskunde kanpaina bat egin ahal izateko elkarte eta alderdi politiko txiki horien ingurunean, eta, zenbaitetan, kasuan kasuko toki korporazioan ordezkaritza lortuz gero talde politiko horiek hauteskunde-gastuengatik jaso lezaketen diru-laguntza baino txikiagoa ere bada.

 

NUKFk bilerak egin ditu Kongresuko eta Senatuko hainbat ordezkari nafarrekin, eta muga horren lege bidezko aldaketa sustatzeko eskatu die. Era berean, Foru Legebiltzarreko batzordean egindako agerraldian, taldeei adierazi zaie beharrezkoa dela lege bidezko aldaketa hori eskatzea Kongresuan eta Senatuan. Horrexegatik helarazi da orain bi legeak aldatzeko proposamen hori.

 

Aldatzeko proposamenak:

 

193. artikulua, 2. apartatua:

 

1. proposamena: “Barruti bakarrean aurkezten diren alderdi edo hautesle-elkarteentzat, aurreko paragrafoan adierazitako hauteskunde-gastuen gehieneko zenbatekoa ez da izanen 2.500 eurotik beherakoa. Alderdi edo elkarte horiek Estatuko diru-laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen badituzte, hauteskunde-gastuen gehieneko zenbatekoa ez da izanen zenbateko diruz lagungarria baino txikiagoa”.

 

2. proposamena: “Barruti bakarrean aurkezten diren alderdi edo hautesle-elkarteentzat, ez dira hauteskunde-gastuen gehieneko zenbatekoan sartuko hautesleei boto paper eta gutun-azalak edo hauteskunde propaganda eta publizitatea zuzenean eta pertsonalki bidaltzeak sortzen dituen hauteskunde-gastuak. Alderdi edo elkarte horiek Estatuko diru-laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen badituzte, gastuen gehieneko zenbatekoa ez da izanen zenbateko diruz lagungarria baino txikiagoa”.

 

17 bis artikulua aldatzeko proposamena:

 

Bat apartatuko azken lerrotik b) apartatuari buruzko aipamena kentzea proposatzen da. Honela geldituko litzateke hitzez hitz:

 

“Inoiz ere ez dira berrogeita hamar mila eurotik beherakoak izanen a) apartatuan aurreikusten diren zehapenak”.

 

Bi apartatuko b) letratik honako hau kentzea proposatzen da: “inola ere ez da izanen hogeita bost mila eurotik beherakoa”.

 

Hiru apartatuko b) letratik, komaren atzean dagoen honako hau kentzea proposatzen da: “eta inoiz ere ez da izanen bost mila eurotik beherakoa”.