Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Urriak 1

Nafarroako Parlamentuaren 2019ko ekitaldirako aurrekontu proiektua onetsi da

14.535.020 eurokoa da, eta horrekin 2018ko aurrekontu bateratuaren gastu-mailari eusten zaio

Eledunen Batzarrak Nafarroako Parlamentuaren 2019rako aurrekontu proiektua onetsi du. Aurrekontu proiektua 14.535.020 eurokoa da, eta horrekin 2107ko aurrekontu bateratuaren kopuru orokorraren gastu-mailari eusten zaio. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek alde bozkatu dute. UPNk eta PPNk aurka bozkatu dute.

 

Gastuei dagokienez, eragiketa arrunten baturak % 3,7 egiten du gora, 13.189.210 eurora arte; kapital-eragiketek, aldiz, % 24,6 egiten dute behera, 1.345.810 eurora arte. Diru-sarrerei dagokienez, transferentzia arruntek % 4,3 egiten dute gora, eta 13.186.340 eurokoak dira; kapital-transferentziek, aldiz, % 31,5 egiten dute gora, eta 1.315.205 eurokoak dira.

 

I. kapituluak, “Langileen gastuak” izenekoak, 7.741.155 euro dauzka, eta gastuen aurrekontu osoaren % 53,26 egiten du. % 2,5era bitarteko igoera orokor baterako aurreikuspena aplikatu da, 2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen proiekzioari jarraituz.

 

II. kapituluan, “Gastu arruntak” izenekoan, gastuaren % 4,9ko jaitsiera jasotzen da aurreko ekitaldiko behin betiko aurrekontuarekin alderatuta; kapituluaren guztizko gastua 2.172.876 eurokoa da, eta guztizkoaren % 14,95 egiten du.

 

IV. kapituluak, “Transferentzia arruntak” izenekoak, 3.131.876 euroko guztizko gastua aurreikusten du 2019rako; kopuru hori, besteak beste, talde parlamentarioentzako diru-laguntzetara bideratzen da (lehengo ekitaldiko kopuru bera izanen dute). Kapitulu honek, halaber, unibertsitateekiko hitzarmenak biltzen ditu, bai eta Sahararen aldeko talde parlamentarioen arteko taldearen diru-laguntza eta herriaren legegintza-ekimenei dagokiena ere. Gainera, partida bat mantendu da egin litezkeen hitzarmen berrietarako, eta beste partida bat sortu da Nafarroako Parlamentua alderdi izan daitekeen epai edo auzietatik etor litezkeen kalte-ordainei aurre egiteko.

 

Partida berri bat sortu da kapitulu honetan, Garapen eta Elkartasun ekintzetarako Diru-laguntzak izenekoa, Gastuen Aurrekontuaren %0,3 egiten duena (2018ko apirilaren 27an Eledunen Batzarrak onetsitako adierazpen instituzionalean azaldutako lan-ildoari jarraiki), eta kopuru honen muga zabaldu ahal izango da 2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Legean onesten denaren arabera.

 

Azkenik, VI. kapituluak, “Inbertsioak” izenekoak, 1.285.010 euro dauzka. Zenbateko hori guztizko gastuaren % 8,84 da, eta horrek % 19,4eko jaitsiera dakar aurreko ekitaldiko aurrekontuarekiko. VIII. kapituluak, “Aktibo finantzarioak” izenekoak, 57.795 euroko gastua dauka.

 

Nafarroako Parlamentuaren 2019rako proiektu estrategiko gisa, honako hauek jaso dira: eraikinaren argiztapen sistema berritzeko inbertsioak, Led teknologiari egokitzeko; ikus-entzunezko sistemaren eta bozketa sistemaren instalazioaren berrikuntza integrala, apirilera arte atzeratu dena; administrazio elektronikoa ezartzea 39/2015 eta 40/2015 legeei egokituz, 2020ko urriaren 2an indarrean sartu baino lehen; eta legegintzaldi aldaketa dela eta ekipo informatikoen aldaketa.

 

- Eledunen Batzarrak Nafarroako Arartekoaren Bulegoaren 2019rako aurrekontu proiektua onetsi du. Aurrekontuen zenbatekoa 789.490 eurokoa da; hau da, 2018koa baino %4,59 handiagoa (35.566 euro).

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute Kontuen Ganberaren 2019rako aurrekontu proiektuaren berri izan dutela. Aurrekontu proiektu hori 2.645.654 eurokoa da, 2018koa baino %2,15 handiagoa (55.664 euro).

 

Prozedurari jarraiki, Nafarroako Parlamentuaren 2019ko ekitaldirako aurrekontu proiektua berehala igorriko zaio Nafarroako Gobernuari, hartara ezarritako prozedura betez, horren arabera urriaren 1a baino lehenago igorri behar baitio.

 

Aznarezek Garapeneko Lankidetzari egingo zaion ekarpena baloratu du

 

Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznarez Igarzak, positiboki baloratu du talde parlamentarioek bere proposamena, 'Garapeneko Lankidetzarako' partida bat bideratzearena, babestu izana. UPN eta PPNk izan ezik, aurrekontuak bere osotasunean gaitzetsi baitituzte, gainerako taldeek proposamena babestu dute.

 

Aznarezek hasierako proposamenean aurrekontuaren %0,5 bideratu nahi zuen, baina azkenean %0,3an uztea erabaki da, egun 15.000 euroko partida bat bideratzen baita Saharako herriarekin Bakea eta Elkartasuna taldearentzat, eta honekin proiektu ugari atera dira aurrera..

 

Partiden batukera azkenean 72.500 eurokoa izango da, 'Garapen eta Elkartasun Ekintzak' deitutakoa, eta 15.000 euro 'intertaldearentzat', guztira Legebiltzarrerako aurrekontuen %0,36.

 

Parlamentuko Lehendakariak adierazi du "erakunde hau elkartasunari dagokionez aitzindari bihurtu behar da, eta herritarrentzako eredua izan behar da".