Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Urriak 2

Nafarroako Gobernua premiatzen da Osasun Zerbitzuan gaueko txandako langileen lan-baldintzak aldatzeko negoziazioa has dezan

Urteko orduei dagokienez gaur egun aplikatzen ari diren indize zuzentzaileak berrikustea eskatzen da, kontziliaziorako eta osasunerako ondorioak konpentsatzeko

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Osasun Departamentuak hasi beharreko negoziazioak has ditzan mahai sektorialean, gauetako txandan lan egiten duten pertsonen lan baldintzak hobetu daitezen, kontuan hartuta txanda horrek horien osasunean dauzkan ondorio negatiboak eta beste autonomia erkidego batzuetan hartutako erabakiekin bat etorriz”.

 

Ebazpenak gainera, zehazten du “kasuko akordioak lortzen direnean, horien berri emanen zaiola funtzio publikoko mahai orokorrari”.

 

Hirugarren apartatu batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da txanda hori desagerrarazteko aukera eta komenigarritasuna azter ditzan, arrazoizko epe batean, bai eta erabaki horrek berekin ekarriko lituzkeen antolamendu-neurriak ere.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da, halaber, aztertu eta taxutu ditzan “lanaldi bereziak” deitutakoak, zeinak erregulaziotik kanpo baitaude eta era askotakoak baitira, zerbitzuaren beharren arabera; izan ere, haiei zuzentzaile desberdinak aplikatzen zaizkie, eta azken horiek konparaziozko bidegabekeriak dakartzate ordu-konpentsazioetan zein konpentsazio ekonomikoetan.

 

Azkeneko bi puntu horiek Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako zuzenketa batetik heldu dira.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak aurkeztutako ebazpenak gauetako txandan lan egiteak pertsonen osasunean dituen “ondorio negatiboak” aipatzen ditu, eta ildo horretan, pertsona hauek jasaten duten “aparteko higadura” leuntzeko, “beste erkidego batzuek hartu dituzten neurri zuzentzaileak bidezkoagoak direla” aipatzen du, urteko orduei dagokienez hemen aplikatu diren indize zuzentzaileak baino.

 

“Kontziliazio” arazoez gain, gaueko txandan lan egiteak osasunean eragiten dituen kalteak aipatzen dira, izan ere, hipertentsioa eta hiperkolesterolemia bezalako afekzioak eragin ditzake, nahiz eta, LANE-Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, “osasun-arazoak ez diren agertzen hasiko gauetako lanaldian bost edo hamar bete arte”.

 

Consuelo Satrustegi (Geroa Bai) batzordeburu izan da eta bertaratu diren parlamentariak izan dira Begoña Ganuza, Mónica Doménech, Sergio Sayas (UPN), Koldo Martínez, Rafael Eraso (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu), Tere Sáez, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai), Nuria Medina, Inma Jurío (PSN), Javier García (PPN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).¡