Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Urriak 15

2018ko urriaren 15eko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, URRIAK 15, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, urriak 15–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

- Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzkoa.

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzekoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

Foru lege proiektua Osoko Bilkuran izapidetuko da, presako eta irakurketa bakarreko prozeduraren bidez.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da protokolo bat presta dezan amatasun prestaziogatiko PFEZaren atxikipenak itzultze aldera. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da behatoki bat sor dezan online desinformazioari modu iraunkorrean aurre egiteko. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Erretiratzea Eskubide Sozialetako kontseilariaren agerraldia, iraupen luzeko langabetuentzako programak azaltzekoa. Eskubide Sozialetako kontseilariak eskatu du.

- Fiskal nagusiarena, Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltza Nagusiaren 2017ko oroitidazkia aurkezteko. Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltza Nagusiko fiskal nagusi José Antonio Sánchez Sánchez-Villares jaunak aurkeztu du.

- Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariarena, ondokoei buruz informatzeko: Nafarroaren egoera Gizarte Segurantzatik jasotako amatasun prestazioak salbuetsita deklaratzen dituen Auzitegi Gorenaren epaiaren ondorioz, herritarrei eskubide hori betetzen laguntzeko plana eta bere departamentuak 2019rako proposatzen dituen neurriak. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Aralar Nafarroako Ludopaten Elkartearekin, azal ditzan egiten duen lana eta ludopatiaren problematika osasun publikoko arazoa den aldetik. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularra eta Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- ELA Nafarroa eta APS sindikatuekin, Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko 2018-2022 urteetarako itunari buruzko iritzia eman dezaten. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Carlos Couso Chamarro jaunak aurkeztu du.

- LAB, ELA eta STEILAS sindikatuekin, beren iritzia azal dezaten ikastetxeetako langileen aurkako erasoen areagotzea dela-eta. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Miren Aranoa Astigarraga andreak aurkeztu du.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA PONENTZIAK:

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, erabaki du Osoko Bilkurak eztabaidatzea Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako Ibarren egoera sozioekonomikoa aztertzeko ponentziaren txostena.

- Mahaiak SODENA enpresa publikoaren jarduketei buruzko ikerketa-batzordearen osaera, antolaketa eta jardunari buruzko arauak onetsi ditu. Ikerketa batzordea eta haren jarduketak Legebiltzarreko Erregelamenduko 62. artikuluan eta harekin lotutakoetan ezarritakoari egokituko zaizkio.

Batzordearen xedea hau izanen da: 1) 2005-2014 aldian, SODENA enpresa publikoak Iberdrolaren akzioen salerosketa operazioan baliatutako prozeduraren eta haren emaitzaren azterketa; 2) Kontuen Ganberak 2002-2013 aldian azterturikoetatik, huts egin zuten zenbait proiektuetan SODENAk eginiko inbertsio finantzarioetan baliatutako prozeduraren azterketa eta inbertsio horien egokitasuna sozietate publiko horren xedea aintzat hartuta; 3) SODENA enpresa publikoak DAVALOR SALUD S.L. Enpresari eginiko zenbait mailegu emateko baliaturiko prozeduraren azterketa; 4) Nafarroako Gobernuaren eta haren kideen parte-hartzea aipatu eragiketetan.

 

Batzordea talde parlamentario bakoitzeko bi kidek eta foru parlamentarien elkarte bakoitzeko kide batek osatuko dute. Bere erabaki guztiak boto ponderatuaren sistemaren bitartez hartuko ditu, batzordeburuaren hautaketa barne. Eledun bakoitzak, bere taldea edo foru parlamentarien elkartea zenbat foru parlamentarik osatzen duten, horrenbeste boto edukiko ditu batzordean.

 

Talde parlamentarioek eta foru parlamentarien elkarteek 2018ko urriaren 25eko 12:00ak baino lehen jakinarazi beharko diote Legebiltzarreko lehendakariari nor aukeratu duten batzordeko kide izateko.

 

Ikerketa Batzordea 2018ko urriaren 31n eratuko da, 15:15ean. Eratze-bilkuran Parlamentuko lehendakaria izanen da buru. Batzordearen eratze-bilkuran batzordeburua hautatuko da. Batzordeburua ez dagoenetan, talde parlamentario edo foru parlamentarien elkarte bereko batzordekide den beste foru parlamentaria arituko da haren ordez. Batzordeari laguntzen dion legelaria izanen da batzordeko idazkari.

 

Ikerketa batzordeak 2019ko otsailaren 1a baino lehen amaitu beharko ditu bere lanak, eta egun horretan onetsita egon beharko dute iristen dituen ondorioztapenek. Legebiltzarreko Mahaiak, Eledunen Batzarrak hala erabaki ondoren, epe hori luzatu ahalko du, Batzordeak eskatzen badu.

 

Batzordeak egiten dituen informazio- eta dokumentazio-eskaerei erantzuna eman beharko zaie Batzordeak berak kasu bakoitzean ezartzen duen epean. Informazioa edo dokumentazioa zuzenean batzordeburuari helarazi behar zaio, eta horrek batzordekide diren foru parlamentariei berehala emanen die.

 

1. Batzordera agertzeko eskariak zitazio fede-emaile bidez eginen ditu Parlamentuko lehendakariak, agerraldia baino hiru egun lehenago, gutxienez. Zitazio horretan hauxe jaso beharko da:

a) Batzordeak zein egunetan hartu zuen kasuko pertsonaren agerraldia eskatzeko erabakia.

b) Agerraldira deitutakoaren izen-abizenak.

c) Agerraldiaren tokia, eguna eta ordua.

d) Ohartarazpena, adieraztekoa ezen, agertzen ez bada, Zigor Kodearen 502.1 artikuluan jasotako desobeditze-delitua eginen duela.

e) Agerraldian hizpide izanen dituen gaiak.

f) Espresuki aipatuko da Konstituzioak aitortzen dituen eskubideak errespetatuko direla; bereziki, pertsonen intimitate eta ohorerako eskubidea, sekretu profesionala eta kontzientzia klausula.

g) Agerraldia hedabideei irekia izanen delako ohartarazpena. Halere, agerraldira deitutakoak batzordeari eskatzen ahalko dio bilkura isilpekoa izan dadila, horretarako arrazoiak azalduz.

2. Agertzeko eskaria funtzionario publiko bati egiten zaionean, hierarkian haren gainean dagoenari igorriko zaio zitazioaren kopia, jakinarazpen-ondorio hutsetarako.

3. Agerraldira deitutakoak berari laguntzeko izendatzen duen pertsonarekin egin ahalko du agerraldia.

4. Agerraldira deitutakoa batzordeari mintzatu aurretik, batzordeburuak hura ohartaraziko du Zigor Kodearen 502.3 artikuluak ezarritakoaz, Parlamentuko ikerketa batzorde baterako deialdia jaso eta lekukotza faltsua ematen duenarentzat.

5. Agerraldira joatera behartuta dagoenari horren ondorioz sortutako gastuak ordaindu eginen zaizkio, behar bezala justifikatu ondoren, Nafarroako Parlamentuko aurrekontuaren kargura.

 

Ikerketa batzordearen lanek lehentasuna izanen dute Legebiltzarraren gainontzeko jardueren aldean.

 

Ikerketa batzordearen irizpenean bilduko dira iritsitako ondorioztapenak. Baldin eta boto partikularrik badago, onetsitako irizpenari gehitu eta, horrekin batera, Legebiltzarraren Osoko Bilkurari igorriko zaio, eztabaidatu eta bozkatzeko.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Nafarroako Ubidearen lehenengo faseko handitze-proiektuaren barruan Egako adarrean egin beharreko obrei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko María Carmen Segura Moreno andreak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Harrera-familiei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Doménech Linde andreak aurkeztu du.

- Estatuan amatasunagatiko prestazioak salbuetsiak deklaratzen dituen Auzitegi Gorenaren epaiari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Jokin Castiella Imaz jaunak aurkeztu du.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

 

Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu Pobreziaren aurkako Nafarroako Ituna berrikusi eta eguneratzeko konpromisoa. Adierazpena UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta PSN talde parlamentarioek eta PPN eta I-E foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1- Nafarroako Parlamentuak azaltzen du 2007an sinatu zen Pobreziaren aurkako Nafarroako Ituna berrikusi eta eguneratzeko konpromisoa, honako hauek jasotzekoa:

 

- Agindu etiko, sozial, politiko eta ekonomiko bat, pobrezia Estatu barruan nahiz Estatutik kanpo desagerraraztearen helburua lortzekoa eta gizarte-kohesioa hobetzekoa.

 

-Espainiako Estatua 2030eko Agendari eta agenda hori Garapen Jasangarriko Helburuen bidez garatzeari atxikitzea adostasun politiko eta sozialeko elementu sendo bat dela, herrialde txirotuenganako elkartasun aktiboko politika bat mantentzeari dagokionez herritarrek daukaten borondate orokorretik ondorioztatzen den legez; halatan, helburu horiek betetzeko beharrezkoa dela nazioarteko erkidegoak ahalegin jarraitua egitea, eta Nafarroak ahalegin horretan lagundu beharra daukala, agenda hori orok bete beharrekoa denez gero.

 

-Ekonomia solidarioa –zeinak bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua, enpresa solidarioak eta finantza solidarioak jasotzen baititu– Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeari begira beharrezkoa den eredu baten gisa planteatzen da, eta bazterkeriaren nahiz pobreziaren zergatien aurkako borrokan parte hartzen du, garapen iraunkor bat sustatuz eta gaurko nahiz etorkizuneko belaunaldien beharrizanak uztartuz.

 

-Bultzada handiagoa eman beharra pobrezia eta gizarte-bazterketa desagerrarazteko politika publikoei, Nafarroan gizarte-kohesio handiagoa bilatzea helburu, politika eraginkorrak sustatuz eta behar adina baliabide jarriz.

 

- Ahalegin solidario hau garatzen duen esparru instituzional eta politikoa hainbat legegintzalditan egindako lanaren fruitu eta herritarren ondare amankomuna da, akordio politikoaren eta herritarren mobilizazioaren fruitu. Iraganean hartutako konpromisoak gaurkotu beharra dago konpromiso horiek egiaz bete daitezen lortzeko eta errealitate politiko eta sozial berrien arabera areagotu daitezen. Borondate hori Pobrezia Desagerraraztearen eta Gizarte-kohesioaren aldeko Tokiko Ituna gaurkotuz gauzatu behar da, ulerturik lankidetzarako politika eta gizarte-politikak ezin direla interes partidisten mende egon”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten baitie 2016ko urriaren 15ean Altsasun eraso egin zitzaien bi guardia zibilei eta haien bikotekideei. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

Adierazpenaren alde botoa eman dute UPNk, PSNk, PPNk eta I-Ek. Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik aurka bozkatu du. Geroa Bai abstenitu egin da adierazpenaren lehenengo puntuan eta alde bozkatu du bigarrenean. EH Bildu Nafarroak lehen puntuaren aurka eta bigarren puntuaren alde bozkatu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak bere estimua eta elkartasuna adierazten dizkie eraso egin zitzaien guardia zibilei eta haien bikotekideei, bai eta halako gertakaririk berriro ez izateko nahia ere.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak aldeztu eta sustatzen du adierazpen eta pentsamolde askatasunean, desberdinarekiko tolerantzian eta norbanakoaren eskubideen errespetuan oinarrituriko gizarte bat”.

 

PPNren foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako adierazpen-proposamenak baztertu egin den puntu bat zeukan. Puntu horren aurkako botoa eman dute Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik; eta aldeko botoa, berriz, UPN, PSN eta PPNk. I-E abstenitu egin da.

 

Baztertu den puntuaren testua hau zen:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak gaitzesten du bi guardia zibilek eta haien bikotekideek 2016ko urriaren 15eko goizaldean Altsasun jasandako eraso bortitza”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten baititu ETAk 40 urte baino gehiagoan eginiko hilketa, bahiketa eta estortsioak. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

Adierazpena UPN, Geroa Bai, Podemos Ahal Dugu-Orain Bai, PSN, PPN eta I-Eren botoekin onetsi da; EH Bildu Nafarroak aurkako botoa eman du.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“ Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten ditu ETA banda terroristak 40 urte baino gehiagoan eginiko hilketa, bahiketa eta estortsioak, eta alderdi politiko guztiei dei egiten die basakeria hori gaitzets dezaten, espiritu demokratikoa erakusteko eta terrorismoak gure gizartean lekurik ez duela agerian uzteko”.

 

PPNren foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako adierazpen proposamenak beste bi puntu zituen, baina baztertu egin dira, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Ek aurkako botoa eman baitute. PPNk aldeko botoa eman du eta UPNk lehenengo puntuaren aurka eta bigarrenaren alde bozkatu du. Hona hemen puntu horien testua:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuko lehendakari ohi José Luis Rodríguez Zapatero jaunari exigitzen dio azalpenak eman ditzan ezker abertzaleko buru Arnaldo Otegirekin egin duen bileraren inguruan.

2.- Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuko lehendakari Pedro Sánchez jaunari exigitzen dio azal dezan ea Rodríguez Zapatero jaunak PSOEren edo Espainiako Gobernuaren ordezkari gisa jardun zuen bilera hartan”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Landa Inguruneko Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

"1.- Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Landa Inguruneko Emakumearen Nazioarteko Egunarekin, eta balioan jartzen du landa ingurunean bizi diren milioika emakumeen garrantzia.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak berriro ere adierazten du landa ingurunean bizi diren eta jarduera profesionala bertan garatzen duten emakumeekiko konpromisoa, bai eta haien beharrizan eta aldarrikapenekikoa ere, landa inguruneak ere genero berdintasunaren argipean egon behar baitu.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak aitortu egiten du emakumeek gure herrien garapen eta aurrerabide ekonomikoari eginiko ekarpena, landa inguruneen jasangarritasuna erraztu eta sustatzeagatik; ez bakarrik ekonomikoa, baizik eta gizarte-, kultura- eta populazio-jasangarritasuna ere. Izan ere, landa inguruneko emakumeen lana eta ekarpena aitortzea justizia kontua da, lehenik eta behin.

 

4.- Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak bereziki susta dezan mikroenpresen sorrera, landa ingurunean negozio bat jartzea erabakitzen duten landa-emakumeentzat eta nekazaritza jasangarrian jardutea erabakitzen duten emakumeentzat.

 

5.- Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak Nekazaritza-ustiategien Titulartasun Konpartituari buruzko Legea sustatu eta aplika dezan, eta berariazko prestakuntza eman diezaien arlo horietako ardura duten funtzionarioei, haiek ere aholkularitza egokia eman dezaten beren aldetik.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du landa inguruneko emakumeak ikusgai egiteko eta haiei aitortza emateko, eta bat egiten du arlo horretako emakume elkarteek egiten duten lanarekin, eskubide-berdintasunaren alde eta landa inguruneko bizi baldintzak eta bizi kalitatea aldatu eta hobetzeko.

 

7.- Nafarroako Parlamentuaren ustez, ezinbestekoa da parte-hartze parekidea ziurtatzea Nekazaritza Politika Erkidearen aplikazioan".