2018an Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaida. Uxue Barkosek baieztatu du “gaur egun Nafarroa 2015ean baino kaudimentsuagoa eta aberatsagoa” dela
Kontu publikoen saneamendua, aldaketaren izaera soziala eta etengabeko kontu ematea nabarmendu ditu eta jaso gabeko transferentziak eskatu ditu
Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkos Berruezok eman dio hasiera Foru Komunitatearen egoerari buruzko IX. legegintzaldiko hirugarren eztabaidari, esanez Nafarroa gaur egun "kaudimentsuagoa, kohesionatuagoa, solidarioagoa, anitzagoa eta lehiakorragoa" dela berak 2015. urtean Lehendakaritza hartu zuenean baino.
Uxue Barkosek baieztatu du foru hauteskundeen ondoko gobernu aldaketa "aldaketa norabideduna, handinahia, aldaketa eskuzabala eta oso landua, pertsonentzako aldaketa” izan dela.
Foru Gobernuko buruaren hitzetan, "urteetako paralisiaren ondoren, legegintzaldi hau bereziki emankor eta positiboa izan da eta izanen da Nafarroako gizarte osoarentzat; nafar guztientzat lan egiteko gauza izan gara, Nafarroa hobe baten alde aritu gara lanean".
Beste datu batzuen artean, Uxue Barkosek baieztatu du 2015eko ekainaren 30ean 42.911 pertsona zeudela lanik gabe eta 2018ko irailaren 30ean 33.115 daudela, hau da, 9.796 langabe gutxiago daudela.
Esan du, gainera, “Nafarroa gaur egun gehien hazten ari den Estatuko ekonomietako bat" dela. "2015eko bigarren hiruhilekoko BPGaren balioa 4.667,5 milioi euro izan zen, eta 2018ko bigarren hiruhilekoan 5.221,1 milioi euroko balioa izan dugu. Alegia, % 12 handiagoa".
Era berean, lehendakariak azpimarratu duenez, "orain nafar gutxiago daude itxaroten osasun sistema publikoan. Daukagun azken datu ofizialaren arabera, 2018ko irailaren 30ean 18.173 gutxiago zeuden lehen kontsultaren zain orain dela hiru urte baino. Itxarote-zerrenda kirurgikoan, 2015ean baino 1.078 pertsona gutxiago, eta proba osagarrietan, berriz, 3.120 pertsona gutxiago".
Beste alde batetik, Barkosek adierazi du Nafarroak pertsona guztiei bermatzen dizkiela diru-sarrerak: "Gaur egun 3.000 familia gehiagok jasotzen dute errenta bermatua, eta 2018ko ekainean 7.798 adingabe zeuden prestazio horren babespean".
Horrekin batera, Barkosek nabarmendu du legegintzaldi honetan zehar "negoziazioa eta adostasuna", beraren iritziz, egonkortasuna ematen ari zaizkiola Foru Komunitateari, gizarteak "politika beste era batera egiteko” eskatu ondoren.
Gobernuko arduradun gorenak esan duenez, "negoziazioa eta adostasuna izan dira, dira eta izanen dira" legegintzaldi honen ezaugarri nagusiak. Nafarroako egoera eta Estatukoa alderatu ditu, Estatuan bi hauteskunde orokor eta zentsura-mozio bat izan direla gogoratuz.
Gobernuan sartu zirenean, 2015. urtean, "kontu publikoak saneatzeko premia" zegoela adierazi du Uxue Barkosek. "Eta ozen esan dezaket lortu egin dugula. 2015ean diruzaintzan 50 milioi izatetik 2017aren amaieran 631 milioi izatera pasatu gara", zehaztu du.
Bere hitzaldian Barkosek honako hau azaldu du: "Gaurko Nafarroa oraindik ere ari da ahaleginetan estamentu guztiak jo zituen krisiaren zorigaiztoko ondorioak gainditzen; krisiaren kudeaketak aurretik eraman zituen gure Komunitatearentzat funtsezkoak ziren tresnak, eta handik hamar urtera, legegintzaldiko azken kurtsoari ekin diogun honetan, urte hasiera onaren ondoren, inguruneak erakusten digu kanpoko giro ekonomikoa berriz ere okertzen ari dela pixkanaka".
Esan duenez, "Europako eta Estatuko ingurunea moteltzen ari den arren, Nafarroa erritmo bizian hazi da urteko lehen bi hiruhilekoetan. BPGak 2017an izandako % 3,2ko gorakadaren ondoren, aurten pareko zifra espero dugu, izan ere, urteko lehenengo bi hiruhilekoetan izandako hazkunde maila bikaina ziur aski halako geldotze batek konpentsatuko baitu azken bi hiruhilekoetan", zehaztu du.
2019. urterako, gaineratu du lehendakariak, halako moteltze bat aurreikusten da, eta ehuneko 2,7ko hazkundea iragartzen da. Enpleguari dagokionez, "urtearen lehen erdian hazkunde tasa handiak izan ditu, batik bat maiatzean eta ekainean”, esan du.
"Egoera hori, gainera, langabeen kopuruan islatu da, eta Nafarroa berriz izan da langabezia tasarik txikieneko erkidegoa urteko bigarren hiruhilekoan", azaldu du, eta ondoren gehitu du "enpleguaren hobekuntza Nafarroako soldatetan pixka bat nabaritzen” hasi dela azkenean ere.
Ildo beretik, Barkosek hau adierazi du: "Gaur egun, langile bakoitzeko lan-kostu handienetakoak izateaz gain, kostu horiek azken hiruhilekoetan gehien hazten ari diren eskualdeetakoa da Nafarroa; hala eta guztiz, hori ez da inola ere nahikoa".
Zorra aipatu du: "Gobernura iritsi ginenean, 3.323 milioiko zorra aurkitu genuen, 5.187 euro Nafarroako biztanle bakoitzeko. Estatuarentzako ekarpena % 20 hazten ari zen, 100 milioi gehiago azken bost urteetan, Nafarroan diru-sarrerak gehien jaisten ari ziren garaian; eta foru diru-kutxak, berriz, agortuta, hutsik aurkitu genituen", baieztatu du.
Egoera horren aurrean, erantsi du, "kontu publikoak saneatzeko premia zegoen, eta ozen esan dezaket lortu egin dugula. Diruzaintzan 2015ean 50 milioi izatetik 2017aren amaieran 631 milioi izatera pasatu gara", zehaztu du, eta, gainera, Foru Ogasunak "kudeaketa lan bikaina egin du Gobernuaren zor garrantzitsua birfinantzatzeko eragiketen inguruan".
Bere mintzaldian Hitzarmen Ekonomikoaren eguneratzea ere aipatu du, gogora ekarriz Gobernu Zentralarekin 2017an lortutako akordioa, "errealitatean ainguratua eta solidarioa" eta "foru diru-kutxetan 4 urtean 639 milioi aurreztea eragin duena".
Barkosek baieztatu duenez, "kudeaketan aritu garen 3 urte luze hauetan lortu dugu, halaber, Nafarroak zerga-bilketan krisiaren aurreko zenbatekoak berreskuratzea, eta batez ere hiru arrazoi izan dira tarteko: Hitzarmen Ekonomikoaren inguruko akordioa, ekonomiaren nondik norakoa, eta 2015ean onetsitako zerga-erreforma progresiboa, beharrezkoa zena, denborak erakutsi duen bezala".
Eta Nafarroako hiru aurrekontu orokor onetsi izana ere azpimarratu du. "Aurrekontuen diseinua arlo sozialean handinahia, baina arduratsua izan da, eta ez ditu foru diru-kutxak zamatu. Hain zuzen ere, Nafarroak, lehen aldiz 10 urtean, superabitarekin itxi du 2017ko ekitaldia, eta krisiaz geroztik lehen aldiz ez du epe laburreko mailegurik hitzartu beharrik izan urtarrilean".
Gobernuko lehendakariak gogora ekarri du, halaber, Gobernuak asteazkenean Nafarroako 2019rako Aurrekontu Orokorrei buruzko Lege aurreproiektua onetsi duela. "Kontu horien bitartez jarraipena eman nahi diogu ekonomia eta enplegua sustatzearen aldeko apustuari, aurrera egin nahi dugu zerbitzuen kalitatearen hobekuntzan, eta gizarte-eskubideak indartu nahi ditugu", ziurtatu du.
Barkosek esan du Gobernua "lehen egunetik" ari dela lanean 4.0 industriaren alorrean, eta Espezializazio Adimendunaren Estrategia nabarmendu du. "Gobernuak atzean utzi ditu urteetako inprobisazioak, eta orain bai, badugu lan eredu bat, epe luzerako estrategia bat 2030era begira", adierazi du.
Bestalde, Gobernuak Nafarroako Ubidearen proiektua "gidatu eta zuzendu" duela esan du Uxue Barkosek, "berme tekniko, juridiko eta ekonomikorik onenekin burutu ahal izateko, interes orokorra aintzat harturik". Hori esan aurretik, lehengo gobernuek arlo horretan egindako "kudeaketa ezin txarragoa" kritikatu du.
Lehendakariak azpimarratu du Gobernuak apustu egin duela "ahal adina ur eramateko Erriberara, kalitatezko edateko uraren eta ureztatzeko uraren eskariak ase daitezen, ahalik eta prezio txikienean".
Barkosek azaldu du iragan martxoan CANASA sozietateak Nafarroako Ubideko bigarren fasearen proiektua egiteko kontratua adjudikatu zuela 1,1 milioi eurotan.
"Hautabide teknikoak 2018ko abenduan aurkeztuko zaizkio Administrazio Kontseiluari, eta bien bitartean, finantzaketaren baldintzak Estatuarekin batera noiz zehaztuko zain gaude", jakinarazi du Barkosek.
Gobernuak azpiegitura horretan egindako kudeaketa lana, lehendakariaren ustez, "taxuzkoa eta zorrotza izan da, eta oso lan zaila izan dugu, berriz ere zuzendu behar izan baitugu aurreko gobernuen kudeaketa ezin txarragoa. Arazo administratibo konplexuak konpondu behar izan ditugu: berrorekatze espedientea eta Argako adarraren kontratuan egindako aldaketen baliozkotzea, aurreko Gobernuak ez zuelako egin, eta egin ezean ezin zelako obrekin jarraitu”.
Gainera, erantsi duenez, "aurreko Gobernuak azpiegitura nagusiaren kostua CANASAtik kanpo bere gain hartzeko eta 'itzaleko bidesariaren' formula erabiltzeko hartu zuen erabakiaren ondorioz, 73,7 milioi euroko inbertsio bat (adjudikazio-prezioa) 443,4 milioiko kostua izatera pasatu da".
Gero honako hau zehaztu du: "Proiektua bideratu eta zuzendu dugu berme tekniko, juridiko eta ekonomikorik onenekin burutu ahal izateko, interes orokorra aintzat harturik, eta horretan jarraitzen dugu lanean.
Barkosek adierazi duenez, une hauetan, lehen faseko handitze obretan Argako adarra bukatzear dagoela, "Egako adarraren tarte berriak izapidetzeko lanetan ere aurrera egin dugu (dagoeneko trazaduraren aldaketa onetsi da), eta eremu osagarrietako PROSIS delakoa tramitazioaren azken fasean dago".
Gobernuko lehendakariak baieztatu duenez, "beraren alde apustu egin dugun etorkizuneko ekonomia horretan, oso kontuan hartzen dugu nekazaritza sektorea indartzeak duen garrantzia, Nafarroako egitura ekonomikoaren barruan duen pisua mantentzeko eta haren lehiakortasuna hobetzeko. Halaxe erakusten du legegintzaldi honetako % 28,6ko aurrekontu-gehikuntzak", erantsi du.
Azpimarratu du indartu egin direla ustiategietan inbertsioak egitea eta gazteak sektorean sartzea helburu duten lerroak, bai eta ekonomia aldetik eraginkorragoak, "ingurumen ikuspegitik jasangarriak eta gizarte aldetik arduratsuak diren ekoizpen sistemak bultzatzeko lerroak ere. Laster abiaraziko dugu beste deialdi bat, 13,5 milioi euroz hornitua".
Uxue Barkosek adierazi duenez, "Nafarroan bizi izan duguna aldaketa soziala izan da, pertsonen aldeko aldaketa", eta Nafarroa "bereziki ahalegindu da Ongizate Estatuaren elementu nagusiak sendotzen: osasuna, hezkuntza eta eskubide sozialak".
"Oso argi daukagu Nafarroako garapena gizarte osoarengana iritsi behar dela, inor atzean utzi gabe. Eta horretarako ezinbestekoa da pertsonengan inbertitzea. Gobernu honen lehentasun soziala argia da, eta egin dugun aurrekontu-ahaleginean nabaritzen da".
Horren harira, "lehengo Gizarte Politiketako Departamentuaren aurrekontua hiru urte hauetan % 42" hazi dela ohartarazi du, eta "lan egiteko moduan egin den aldaketaren” balioa ere goraipatu du.
Zehaztu duenez, "funtsezko urratsak egin ditugu zerbitzuak kudeatzeko eredu egoki baterantz, lehentasuna emanez pertsona ardatz duen arretari, kudeaketaren arintasunari eta efizientziari, zerbitzuen dibertsifikazioari, askotariko beharrei erantzuteko, eta prebentzio arloaren garapenari".
"Hala, lehentasun nagusietako bat izan da mendekotasunari, desgaitasunari, gaixotasun mentalari eta adinekoei erantzuteko politikak indartzea. Bereziki garrantzitsua izan da mendekotasuna izan eta zerbitzu edo prestazioren bat jasotzen duten pertsonen kopuruaren gehikuntza".
Gogora ekarri du, halaber, nola "hiru urte hauetan babes sistema sendoa bultzatu dugun, eskubideak bermatzen dituena"; eta "pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako borroka, batez ere haurren pobreziaren aurkakoa, etengabea” izan dela baieztatu du. "Nazioarteko elkartasunaren aldeko apustuan egindako ahalegina” ere balioetsi du.
Osasunaren arloan, Gobernuak "legegintzaldi honetan sistema sozialago eta berdinzaleago baten oinarriak” ezarri dituela nabarmendu du; itxarote-zerrenden "hobekuntza" baloratu du, paziente kopurua "dezente murriztu" dela esanez, eta hau baieztatu du: "kalitatezko osasun sistema publikoaren aldeko konpromisoaren erakusgarri argia izan da legegintzaldian zehar aurrekontu-esleipenak izandako gehikuntza".
Osasunaren eremuan sortutako ekimenak aipatu ondoren, "osasunean inbertitzearen aldeko apustu horrek, kudeaketa onarekin batera, dagoeneko emaitzak" ekarri dituela esan du lehendakariak, eta “esparru horretako kalitatezko enpleguaren sorrera” ere azpimarratu du, "legegintzaldian zehar oso kontuan hartu den lerro estrategiko bat”.
Hezkuntzaren arloan, lehendakariak baieztatu duenez, "legegintzaldi honetan hezkuntza publikoaren aldeko konpromiso irmoari eutsi diogu, eta gure lanak hiru zutabe izan ditu: berrikuntza, berdintasuna eta inklusioa". Egindako inbertsioa ere nabarmendu du, bai eta "negoziazioa eta akordioak lortzeko ahalegina” ere.
Puntu horretan gogorarazi du Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko ituna sinatu dela "bere historian izandako babesik zabalenarekin", eta itunpeko irakaskuntzan hezkuntzaren kalitatea hobetzeko lortutako akordioa ere ekarri du gogora.
Legegintzaldian orain arte sortutako beste ekimen batzuk ere nabarmendu ditu lehendakariak, hala nola teknologia nahiz metodologia mailan berrikuntzaren alde egindako "apustua", Laguntza eta Skolae programak, Aniztasunerako Arretaren Plan Estrategikoa edo ratioen murrizketa.
Uxue Barkosek esan duenez, ETAren behin betiko amaieraren ondoren, "indarkeria bidegabea eta justifikaezina dela aitortuko duen iraganari buruzko memoria kritikoan aurrera egiteko garaia da. Ez dut ahaztu nahi Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaida hau ETAren behin betiko amaieraren ondoren egiten dugun lehenbizikoa dela, eta amaiera hori gure gizarteak aspaldi adierazitako eskakizuna zela".
Beraren iritziz, "indarkeria bidegabea eta justifikaezina dela aitortuko duen iraganari buruzko memoria kritikoan aurrera egiteko garaia da. Memoriak lortu dezakeelako gure oraina, gure iragana eta gure etorkizuna eskutik joatea", baieztatu du.
Horren harira esan du memoria ez dela "iraganeko kontua soilik, etorkizuneko kontua ere bada, bereziki. Memoriak badu zerikusirik etorkizuneko belaunaldiekin eta gure seme-alaba eta bilobei bakearen kultura transmititzearekin, ez dezaten ahaztu gertatutakoa, biktimak ez daitezen ahanzturan erori, eta azkenean indarkeriarik gabeko gizartean biziko direnek etorkizun hobea eraiki ahal izan dezaten".
Uxue Barkosek esan duenez, "ildo horretan kokatu behar da terrorismoaren biktimen errekonozimendurako ekitaldia, martxoaren 11ko gertaerak gogoratzeko ospakizunean terrorismoaren biktimak eta senideak bildu zituena".
Beste alde batetik, lehendakariak bere hitzaldian azaldu duenez, "arduradun publikoak garen aldetik, gure lanean aniztasuna errespetatu behar dugu, begirunea zor diegu bestelako bizimodua, sinesmenak edo pentsamoldeak dituztenei", zeren eta "Nafarroako gizartea anitza delako da aberatsa. Bide horretan erronka sakon eta garrantzitsuak ditugu", aitortu du.
Esan duenez, "gure lurrak enpatia eta elkar ulertzea irrikatzen ditu baita diktadura frankistak, ETAren terrorismoak eta bestelako indarkeria batzuek gure gizartean utzi dituzten zauri sakonak ixteko ere. Gobernura iritsi ginenean geure gain hartu genituen konpromiso sendoen artean, memoriari, biktimei eta giza eskubideei buruzko politika publikoak bultzatzeko konpromisoa nabarmentzen da".
“Erantzuna eman behar zitzaien beren ahaideen berri jakiteko zain 80 urte zeramatzaten familiei; 80 urte itxaroten, beren Gobernuak noiz eginen zien errekonozimendu ofiziala 1936ko kolpe militarraren ondoren lehertutako indarkeriaren biktimei; 80 urte itxaroten, frankismoak Nafarroan bortxaz ezarri zituen ikurrak noiz kenduko eremu publikotik, plaza eta kaleetatik".
Barkosek gogorarazi du alor horretan aurten Nafarroako Memoriaren Institutua sortu dela eta Ezkaba Proiektua ere sustatu dela, "ihesaldiaren 80. urteurrenaren inguruan askotariko jarduerak bildu dituena".
"Berdintasunaren eta emakumeen eskubideen alde egindako lana alor horretako apustu irmoa" izan dela adierazi du lehendakariak, eta Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Ekintza Plana aipatu du, 6 urterako 22 milioiko aurrekontua eta % 87ko exekuzio maila izan dituena, baita “genero indarkeriaren biktimei laguntza integrala emateko lantaldeak Nafarroa osora hedatu izana, emakume elkarteen mugimenduarentzako laguntzak berreskuratu izana eta LGTBI kolektiboari laguntzeko politiken garapena” ere.
Lehendakariak esan du legegintzaldi honetan bide bat ireki dutela "hizkuntza-normalizazioaren arloan", eta sinetsita agertu da "euskara bizikidetzarako balio bat dela. Nafarroako herritar elebidunei ere entzun nahi izan diegu; gizartearen ehuneko 13 dira, eta Administrazioak beren hizkuntzan arreta ematea nahi dute".
Lehendakariak baieztatu duenez, Gobernuak, 2015eko udan agintea hartu zuenez geroztik, bere kudeaketaren "kontuak emateko etengabeko ariketa" egin du, "aurrekaririk gabekoa", eta, "alde handiz", oraingo Gobernua da "Parlamentuan agerraldi, galdera eta interpelazio gehien izan dituena".
"Datuak ezbairik gabekoak" direla azpimarratu du Barkosek. Gobernua kontrolatzeko ekimenak, artean azken bilkuraldia falta zela, "5.200 baino gehiago ziren, eta aurreko legegintzaldi osoan 4.095 baino ez ziren izan". Horrek esan nahi du "aurreko legegintzaldi osoan baino 1.100 gehiago zirela ekimen-kontrolak".
Bere Gobernuak "herritarrei parte hartzeko bidea zabaltzeko" egindako lana ere aldarrikatu du, eta azken hiru urteetan "Gobernuaren proposamenetan herritarrek benetan eta eraginkortasunez parte hartzeko irekitako guneak biderkatu” egin direla baieztatu du.
Gardentasunaren arloan, Barkosek gogorarazi du nola "lehen aldiz" Foru Ogasunak "bere jarduerei buruzko urteko oroitidazkia egin eta argitaratu duen; estatutuetan betekizun hori jasota dauka 1999an erakunde autonomo gisa sortu zenez geroztik, baina 20 urtean lehenengo aldiz egin du orain".
Halaber, lehendakariak nabarmendu nahi izan du Gobernuak "funtzio publikoaren eta bere langileen defentsaren aldeko apustu irmoa" egin duela "kalitatezko zerbitzu publikoak eman ahal izateko, behar adina giza baliabide erabiliz, hala herritarrek laguntza eraginkorragoa eta efizienteagoa jaso dezaten".
Eta horren erakusgarri gisa aipatu ditu hiru urte hauetan plantilla osoak izandako % 3,75eko soldata igoera, enplegu-eskaintza publikoetan ateratako 3.219 lanpostuak edota funts gehigarrien xedeari buruz LAB, CCOO eta UGT sindikatuekin egindako ituna.
Toki Administrazioaren alorrean, Barkosek baieztatu duenez, "Nafarroako toki entitateen finantzaketa hobetu dugu, haiei egonkortasuna emateko". Gainera, Nafarroako Toki Erreformari buruzko Lege proiektua nabarmendu du, "Toki Administrazioaren egitura berria eraikitzeko oinarriak ezartzen baititu".
"Toki eremutik abiatuta Nafarroako lurraldeen arteko desoreka murriztea eta zerbitzu publikoen estaldura eta kalitatea hobetzea xede duen prozesu bat garatu dugu", gehitu du.
Barkosek esan du, gainera, Foru Komunitatea "dagoeneko erreferente ageri dela klima aldaketaren arloan", eta baloratu du nola definitu duen Gobernuak Klima Aldaketaren 2017-2030 aldirako Ibilbide Orria, Gobernuko departamentu guztiek klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko elkarrekin koordinatzeko erabiliko duten estrategia taxutzen duena.
"Nafarroak Europako Batzordearen oniritzia jaso du, eskualde batean integratutako lehen proiektua onetsi baitigu, LIFE NADAPTA proiektua", jakinarazi du. Proiektu horrek 8 urterako 15,6 milioi euroko hornidura duela erantsi du, eta "gure komunitatea klima aldaketaren ondorioetara moldatzeko ekintzen programa zabala” garatuko duela.
Uxue Barkosen esanetan, Gobernuak "ingurumenari dagokionez 0ko kostua duten politikak erabili nahi ditu, alegia, birziklapenaren, berrerabileraren eta energia garbien aldeko politikak, bai eta lankidetzazko eredu ekonomikoak ere".
Gobernuburuaren iritziz, "politika ekonomikoen norabidea aldatu behar dugu gure ingurumena eta gure zerbitzu publikoak jasangarri bihurtu nahi baditugu, biek ere ongizatea eta justizia soziala eskaintzen dizkietelako herritarrei. Dagoeneko Nafarroak abian jarri ditu ekonomia zirkularreko proiektuak, hazkunde ekonomiko soilaren ordez oreka ekonomikoa bilatzeko asmo sendoarekin".
Barkosen esanetan, Nafarroa "bere ingurumena zorrotz defendatzeko eta gizarte ekonomiaren aldeko apustu garbia egiteko moduan dago".
Lehendakariak adierazi duenez, "Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko Foru Lege berriak aipamen berezia merezi du. Arau aitzindaria da Estatuan eta Europan, eta benetako norabide aldaketa dakar, prebentzioan, berrerabileran eta birziklapenean oinarritutako hondakin-kudeaketa bermatzeko".
Bestalde, Barkosek esan du hiru urte hauetan zehar bere Gobernuaren "tema" izan dela "Nafarroaren sendotasunean eta Europan joka dezakeen eta jokatu behar duen rolean behinola izandako konfiantza galdua berreskuratzea". Hori dela eta, erantsi du, "harro" dago "bi erabaki estrategikok jada fruitu positiboak eman dituztelako: batetik, Bruselako gure bulegoa berriz irekitzea; eta bestetik, Akitania Berria - Euskadi - Nafarroa Euroeskualdean sartzea.
Esan duenez, "era horretara lortu dugu Europan erreferente izatea zenbait arlotan, eta Nafarroa lehen aldiz izan da buru Eskualdeetako Lantaldearentzat egindako bi txostenetan".
Uxue Barkosek baieztatu du Foru Gobernua "handinahia" dela autogobernu gaietan. "Eskumenei buruz Foruaren Hobekuntzak ezartzen duena bete dadin lortzeko lanari batera heldu behar zaiola uste dugu".
Barkosek azaldu duenez, "hiru urte luze hauetan, Nafarroan bizi izandako egonkortasunaren aldean, guztiz kontrakoa ikusi dugu Espainiako jokaleku politikoan; bitarte horretan hiru legegintzaldi ezagutu ditugu Kongresuan eta lau gobernu Moncloan", eta horrek "gutxi lagundu du Estatuko Gobernuaren eta Foru Gobernuaren artean behar dugun elkar-ulertzea lortzen".
Gobernu zentralaren eta Nafarroaren arteko harremanen zerrendan, Hitzarmen Ekonomikoa sinatu izana nabarmendu du, baina ohartarazi du ezin izan dutela aurrera egin "gure lurraldearen etorkizunerako erabakigarriak diren beste gai batzuetan, hurrenez hurreneko gobernu zentralen ahulezia nabarmenaren ondorioz".
Espainiako Gobernu berria dela eta, Nafarroako Gobernuko buruak adierazi duenez, Pedro Sánchez lehendakariak, "karguaz jabetu zen unetik ia, mahai gainean ditu Foru Gobernu honek egin dizkion proposamenak, lehentasunezkoak diren gaiak, bai bi aldeen artekoak bai interes orokorrekoak, presaz jorratzeko".
Hain zuzen ere, lehendakariaren esanetan "ezinbestekoa da Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Legea aldatzea, edo, behintzat, erkidegoen kalterako interpretazio murriztailea aldatzea, 2017ko superabita erabili ahal izan dezagun finantza aldetik jasangarriak diren inbertsioak egiteko".
Barkosek adierazi du Foru Gobernua "handinahia" dela autogobernu gaietan. "Eskumenei buruz Foruaren Hobekuntzak ezartzen duena bete dadin lortzeko lanari batera heldu behar zaiola uste dugu", esan du, eta gogora ekarri du irailean Gobernu zentralari eskatu ziotela bere ordezkariak izendatzeko Transferentzien Batzorderako, "Nafarroak jada 2017an egin zuen bezala".
"Jaso gabeko transferentziez eta erreklamazio historikoez hitz egin genuen: trafikoa eta bide segurtasuna, ingurumena, polizia-ikerketa eta herritarren segurtasuna eskualdatzea Foruzaingoarentzat, espetxe-osasuna, derrigorrezko hezkuntzaren ondoko eta unibertsitateko ikasketetarako bekak, garapen zientifiko eta teknikoa eta I+G arloa", azaldu du.
Azpiegitura gaietan ere Nafarroako Gobernuak "gogoetak partekatu nahi ditu Espainiako Gobernuarekin Kantauri itsasoaren eta Mediterraneoaren arteko korridoreko Prestazio Handiko Trenbidea dela eta, mistoa eta Europarako irtenbidea duena, bai eta Nafarroako Ubidearen bigarren fasearen inguruan ere".
Lehendakariak "zalantzarik gabe" baieztatu du aurrean dituen erronka nagusietako bat dela "bizikidetzarena, bere adiera zabalenean. Bizikidetza, oraindik ere leundu eta konpondu behar ditugun desberdintasun ekonomikoak bizi dituen gizarte batean; elkartasuna eta gizarte kohesioa oinarri izan behar dituen bizikidetza", esan du.
Bizikidetza hori beharrezkoa dela gehitu du, "gizarte berdinzaleagoa lortzeko, gizarte toleranteagoa lortzeko, bera osatzen duten identitate desberdin guztiez harro egonen dena. Eremu horretan uste dut bide onetik goazela", adierazi du. Beraren iritziz "legegintzaldi honetan urrats garrantzitsuak egiteko gauza izan gara", baina "jabetuta nago aurrean bide luzea dugula".
Haren aburuz, "aniztasun hori aitortzea etorkizuneko gizarte hori eraikitzeko oinarrizko printzipio bat da. Aniztasunean elkarrekin bizitzea hurrengo belaunaldiei egin ahal diegun oparirik ederrena izanen da", azpimarratu du.
Uxue Barkosek esan du legegintzaldi hau "bereziki emankorra" dela eta "gauza asko” egiten ari direla.
Legegintzaldia amaitu arte Gobernuak dituen erronkak aipatu ditu: kalitatezko enplegua lortzea eta zailtasun handienak dituzten kolektiboak laneratzea, baita laneko arriskuen prebentzioa ere, Gobernua kezkatuta baitago "lan-istripuen indizeen eboluzioagatik".
Barkosek azaldu duenez, "lortu dugu buelta ematea gizarte babesaren, hezkuntzaren eta osasunaren arloetako politikei". "Inor ahaztuko ez duen Nafarroako gizartearen alde" agertu da, zeren eta, esan duenez, "horixe baita gizarte kohesionatuagoa, bidezkoagoa eta solidarioagoa lortzeko modu bakarra".
"Aurreikusita daukagu etxebizitzaren, desgaitasunaren, garapenerako lankidetzaren planak eta gizarte zerbitzuen plan estrategikoa onestea", adierazi du. Eta "indartu egin nahi dugu adinekoentzako egoitza-arretaren sistema publikoa, esparru-akordio baten bidez, horretarako erabiltzen diren baliabideak handituz, autonomia sustatzeko programak hobetuz eta zabalduz, eta pertsona ardatz duen egoitza-arretaren eredu berria bultzatuz".
Osasunaren esparruan, "larrialdietako garraio sanitarioko zerbitzua nazioartekotuko dugu; bultzatu eginen ditugu Droga eta Adikzioen III. Foru Plana; Osasun Mentalaren III. Plana; Tuterako hemodialisi zerbitzu berria; Tuterako Ospitaleko erresonantzia magnetikoko arlo berria; Tafallako eskualdeko larrialdi zerbitzuaren ezarpena, eta Berriobeiti, Doneztebe, Mendabia, Ameskoabarrena eta Murchanteko oinarrizko laguntzako zentroetan eta kontsultategian aurreikusitako hobekuntzak, Horiei gehitu behar zaizkie Mutiloako eta Larraun Ibarreko kontsultategien birmoldaketa (jada amaituta dago) eta Buztintxuriko Osasun Etxean ireki den ospitalez kanpoko larrialdietako zerbitzu berria".
Hezkuntzari dagokionez, unibertsitate publikoaren eskaintza handitzea aipatu du, eta azpimarratu du "etorkizunean Medikuntzako Gradua ezartzeko asmoz NUPekin batera egindako lana eta aurrerapena. Orain arteko bideragarritasun azterketek erakutsi dute Nafarroan posible dela Medikuntzako gradu publikoa, konplexua baina posiblea".
Gaineratu duenez, "badugu erronka gehiago, hala nola zientziako, teknologiako, ingeniaritzetako eta matematikako ikasketen (ZTIM) sustapena bultzatzea emakumeen artean, edo hizkuntzen tratamendu integratuan sakontzea".
Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan egin duen lehen mintzaldiaren amaieran, Nafarroa gaur egun "duela hiru urte baino hobeki" dagoela baieztatu du, eta ziur agertu da "urtebete barru are hobeki egonen dela", jabetuta badago ere "oraindik arazo asko ditugula konpontzeko eta lan handia egiteko".
Barkosek esan duenez, legegintzaldi honetan zehar, "lanari eta dedikazioari esker, Nafarroak etorkizun partekatu baten oinarriak ezartzea lortu du, baina hori lantzen segitu behar dugu, aurrera egiten jarraitu behar dugu, eta guztiok batera egin beharko dugu".
Lehendakariaren hitzetan, "behin betiko gainditu behar ditugu krisiaren ondorio sakonenak, oraindik nafar asko daudelako lanpostu egonkorrik gabe, sozietate berdinzaleagoa lortzeko lan asko dugulako egiteko, oraindik ere bizikidetza hobearen alde ahalegindu beharra dugulako. Nagusi gehiegi daude babesik gabe, gazte gehiegi daude emantzipatu ezinik. Erronka handiak ditugu aurrean 4.0 iraultzan zauririk gabe egokitzeko gauza izanen den gizarte hori eraikitzeko garaian, eta oraindik garrantzizko gabeziak ditugu gure aniztasuna onartzeari dagokionez", berretsi du.
Uxue Barkosek baieztatu duenez, "erronka horiei begira, bestalde, uste dut gaur egun egoera hobean gaudela haiek gainditu ahal izateko, eta guztien adostasunaz baizik ezin dugu egin, aldeak eta ikuspegi desberdinak gorabehera, elkarlanean, horrexek ahalbidetuko baitigu aldi berean hobeki ezagutzea gure errealitatea eta jo nahi dugun helmuga".
Ordubete eta 37 minutuko hitzaldiari amaiera emateko, Barkosek deia egin du elkarrekin aurre egiteko "erronka zirraragarri eta garrantzitsu horiei, etorkizunerako nahi dugun bidea finkatuko baitute. Hori elkarrekin egiten asmatuko dugula espero dut, sinetsita nagoelako elkarrekin hobeak garela eta horrela gai izanen garela atzetik datozenentzat Nafarroa hobea egiteko", azaldu du.