Espainiako Gobernua premiatzen da Esako urtegia handitzeko obrak geldiaraz ditzan, segurtasun auziak argitzen ez diren bitartean
Foru Gobernuak urtegiaren eskuineko mazelaren egonkortasunaren inguruan eskatutako ikerketaren emaitzak ezagutu arte, zazpi hilabete barrurako aurreikusten dena
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu “Esako urtegia handitzeko proiektuari eta azpiegitura horren kudeaketari buruzko elkarrizketa ireki eta anitza behar dela, bai gizartean bai erakundeetan”.
Era berean, Legebiltzarrak azaltzen du “ados dagoela presaren segurtasunaren eta kudeaketaren jarraipen-batzorde bat sortzeko erabakiarekin, zeinean egonen baitira –ministerioaz eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaz gain– Nafarroako eta Aragoiko gobernuak, ukitutako udalak, Bardeako ureztatzaileak eta urtegia handitzearen ondorioz ukitutakoen elkarteak”. Halaber, “batzorde horren lana gardentasunez eta zalutasunez egin dadila” eskatzen du.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Espainiako Gobernua premiatzen du “Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Lanbide Elkargoari eskuragarri dagoen informazio guztia aztertzeko xedearekin agindu dion azterlanean kontuan har eta balora daitezen Nafarroako Gobernuaren departamentuarteko lantalde batek 2016ko ekainean egindako “ebaluazio-txosten teknikoaren” konklusioak nahiz Esako urtegiaren eskuineko mazelaren egonkortasunari eta segurtasun-ebaluazioari buruz Nafarroako Gobernuak 2018ko urrian eskatutako txostenetik heldu diren konklusioak eta gomendioak”.
Halaber, hirugarren atalean Espainiako Gobernua premiatzen da “Esako urtegia handitzeko obrak geldiaraz ditzan, salbu eta obren eta presaren segurtasunari dagozkionak, harik eta argitzen ez diren arte segurtasunari buruzko auziak; besteak beste, horretarako eginen diren aztelan independenteen bidez. Geldiarazpen horretan halaber sartuko dira Sigüésen inguruan egiten ari diren obrak eta jarduketak, halako moldez non, baldin xedatzen den betetze-kuotak ez baditu obra eta jarduketa horiek beharrezko egiten, behin betikoz geldiaraziko baitira, eta desjabetze-prozedurak atzera botako”. Atal honen aurka UPN, PSN eta PPNk bozkatu dute.
Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “segurtasunaren arloko legedi eta araudi indardunak alda ditzan; hartara, segurtasun-faktore bat ezarriko da mazelen eta ezponden luizi-arriskuen arloan besteak beste, arlo horretan beste estatu batzuetan –esate baterako, AEBetan, Portugalen edo Italian– duten mailara heltzeko”.
Gainera, eskatzen da “Aspurtzen kokatuko litzatekeen presaren proiektua baztertu dezan eta behin betikoz erretira dezan are hipotesi gisa jasota legokeen plan orotatik”. PSN abstenitu egin da atal honetan.
Azkenik, Espainiako Gobernua premiatzen da “proiektuaren ingurumen inpaktuari buruzko adierazpena ahalik eta azkarren igor dezan”, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren, Institutu Geografiko Nazionalaren eta Mina eta Geologia institutuak aurkeztutako alegazioak direla eta, eta Esako urtegitik bi kilometrora “Mina Muga” proiektua martxan jarri behar izango litzatekeelako segurtasunaren harira. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen eskaerari esker gehitu da atal hau, eta Geroa Bai, PSN eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Baiko hiru parlamentari abstenitu egin dira.
Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek aurkeztutako ebazpenak “urtegiaren segurtasunaren inguruan dauden ezbaiak, iluntasuna eta aurrekontu deskontrola” zalantzan jartzen du, Parlamentuak ekainaren 18an onetsitako adierazpen instituzionalarekin egin bezala, “obrak gelditu ditzaten” Nafarroako eta Espainiako gobernuek agindutako azken ikerketen ondorioak ezagutzen ez diren bitartean.
Segurtasunaren esparrua da “kezkagarriena, mazelen egonkortasuna zalantzan baitago”, eta hori dela eta, oroitarazten da “bereziki larria eta esanguratsua izan zela 2013an gertatutakoa, urtegitik hurbil dauden bi auzoberritako etxebizitzak hustea eta, gero, desjabetzea eragin baitzuen”. Segurtasunaren alorreko “araudi zehatz baten falta” azpimarratzen da, eta horrek “kasuan kasuko kudeatzailearen esku uzten du gisa horretako proiektu bat egitea esate baterako Italia edo AEB bezalako beste estatu batzuetan exigituko litzaizkiokeen bermeak izan gabe”.
Hori dela eta, “segurtasunaren arloko legedi eta araudi indardunak aldatuko dituztelakoan”, ohartarazten da urtegia betetzeak arriskua areagotuko lukeela, eta Aspurtzen kokatuko litzatekeen presaren proiektua baztertu dezan eskatzen da, “presa berri bat eraiki beharko litzateke, eta hamar kilometroko tunela ere bai Leire mendilerroan”.
Proiektuaren finantzazioari dagokionez, 2000 urteko abenduan esleitu zen 113,5 milioi euroan, (beste 6,9 milioi euro segurtasunean) 55 hilabeteko epean egiteko. Hala ere, Estatuaren 2018ko Aurrekontu Orokorretan jasotzen den 188 milioi euroko inbertsioa gehitzen bazaio, proiektuaren kostua 442 milioi ingurukoa izanen litzateke; “hasiera batean aurreikusitakoaren halako lau”.
Horregatik guztiagatik eta hainbat eragile politikok, erakundek eta herritarrek proiektua auzitan jarri dutelako, proiektua birplantea dezaten eskatzen da, “arazo, zalantza eta polemika” iturri amaigabea baita, baita “gardentasunari” dagokionez ere.
-
Mozioa (126. NPAO, 2018-10-23)