Parlamentuak A-25 Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren inguruan egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu du
Legebiltzarraren aurrealdean begizta more bat jarri da erailak edo erasotuak izan diren emakumeekiko konpromisoa, arbuioa eta elkartasuna adierazteko
Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da azaroaren 25ean, eta egun honen harira, Nafarroako Parlamentuak kartel bat ipini du egoitzaren aurrealdean, erasotuak edo erailak izan diren emakumeekiko edo ahultasun egoeran daudenekiko konpromisoa, arbuioa eta elkartasuna adierazteko.
Pasa den azaroaren 12an Eledunen Batzarrak UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren eskariz onetsitako adierazpen instituzionalarekin, baita egun hauetako ekimenekin ere, Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa argi adierazi nahi du edonolako indarkeria sexista gaitzetsiz. Testua talde guztien babesarekin onetsi zen, nahiz eta PPN 4. puntuan abstenitu.
Eledunen Batzarrak azaroaren 12an onetsitako adierazpenak hala dio:
“Nafarroako Parlamentuak:
1. ARBUIATZEN DU emakumeek pairatzen dituzten hainbat diskriminazioren ondoriozko edonolako indarkeria sexistaren aurrean, edozein alor eta testuingurutan.
2. KONPROMISOA adierazten du, Administrazio Publiko den aldetik, lanean aktiboki jarraitzeko emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeriak eta ahuldade egoerak sortzen dituzten desberdinkeria guztien aurka. Horren xedea da bai gobernuak eta erakunde publikoak bai nazioarteko erakundeak eta gizarte zibila hausnarketara eta konpromisoak hartzera bultzatzea.
3. ELKARTASUNA adierazten du erasoak pairatu dituzten edo erailak izan diren emakumeekin eta indarkeria sexistari aurre egin behar dioten emakume eta neskatoekin.
4. HERRITAR GUZTIAK GONBIDATZEN DITU jarrai dezaten emakumeen aurkako indarkeria arbuiatzen, eta konpromisoa erakusten indarkeria horren deuseztatzearekin, kontrol patriarkalaren adierazpen eta emakumeen askatasunerako eta autonomiarako muga eta baldintzapen oro salatzen, eta parte har dezaten azaroaren 25aren inguruan antolatzen diren ekitaldi guztietan”.