2019rako zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuari buruzko irizpena onetsi da
Lanaren errenta txikienetarako kenkari eta salbuespenak gehitu eginen dira eta progresibitate fiskalaren printzipioa aplikatuko zaio seme-alaben kopuruaren araberako kenkariari
Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordeak 2019rako zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektuari buruzko irizpena onetsi du gaur. Testua zeharkakoa da, eta aldaketak egiten ditu hamaika legetan.
Irizpenean jasotako berritasunetako bat da lanarengatiko kenkariak igo eginen direla errenta txikienetarako, halako moduan non 9.100 eta 10.500 euro bitarteko errentak ere salbuetsi ahalko baitira. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren zuzenketa aho batez onartu da.
Alor horretan, eta 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 11.250 eurotik 12.600era igoko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako aitorpena egin beharra sortzen duten urteko lan-etekin osoen zenbatekoa. UPN, PSN eta PPNk ez dute babestu laukoaren proposamena.
Ildo horretan, progresibitate fiskalaren printzipioa erabiliko da seme-alaben kopuruaren arabera aplika daitezkeen kenkarietan, diru-sarrera txikienak dituzten gurasoen gastuei aurre egiten laguntzeko. Laukoaren zuzenketa hori ere ez dute sustengatu UPN, PSN eta PPNk.
PFEZean egindako beste aldaketa batean xedapen gehigarri bat erantsi da, kuota diferentzialaren kenkarien ordainketa aurreratuak “modu orokorrean” aipatzen dituena, itzulketa horiek zergen itzulketatzat jo daitezen, “kontuan hartu gabe alargun-pentsioen kenkariei edo kotizazio gabeko erretiro-pentsioengatiko kenkariei dagozkien” (orain arte bezala). “Kuota diferentzialeko beste kenkariei, ordainketa aurreraturako eskubidearekin etorkizunean ezar daitezkeenei” ere egokitu ahalko zaizkie. Laukoaren zuzenketa baiespenez onartu da.
Bada PFEZari dagokion beste arau-aldaketa garrantzitsu bat: zergapetze bikoitza saiheste aldera (batez ere 50 urtetik gorako langileena), urtean 3.500 euroko beste muga independente bat ezarriko da enpresek partaideei egotzi zaizkien aurreikuspen sozialeko sistemetarako ematen dituzten laguntzengatiko zerga-oinarrian aplikatu beharreko murriztapenetarako.
Beraz, egotzitako enpresa-ekarpenek 3.500 euroko zenbatekoa gainditzen badute, ekarpen horiek kontuan hartuko dira aurreikusten den guztizko gehieneko muga —3.500 edo 6.000 euro, kasuen arabera— aplikatzerakoan. Era horretara, berriz ere aho batez, “aurreko egoera hobetzen da, eta inor ez da kaltetuta ateratzen”.
Sozietateen gaineko zergari dagokionez, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak xedapen gehigarrietako batek, zerga horretatik salbuesten dituenak, zenbait baldintza betetzen direnean, beren produktuen lehen eraldaketa egiten duten nekazaritzako sozietate zibilak (ustiapen txiki eta familiarrak). Horrela indartu egin nahi da “lehen mailako ekoizleen lehiakortasuna, nekazaritzako elikagaien katean sarraraziz”. Laukoaren zuzenketa hori aho batez onetsi da.
Bestalde, “desegokia” delakoan, betekizun hau kendu da: film luzeak eta ikus-entzunezko serieak (fikziokoak, animaziokoak nahiz dokumentalak) finantzatzeko kontratua izenpetuta edukitzea ekoizpena hasi aurretik. Hala ere, “ekoizpena garatzen hasiko den zergaldia amaitu baino lehenago” aurkeztu beharko da kontratu hori, kenkarirako eskubidea izateko. Laukoaren zuzenketa aho batez onetsi da.
Zerga-pizgarria lortzeko eskakizunen maila igo egin da produktuaren kredituei dagokienez, non, “Nafarroa sustatzeko neurri gehigarri gisa”, Nafarroako Gobernuaren eta Film Commission-en logotipoak sartu beharko baitira. Gainera, agerrarazi beharko da ekoizpena “Foru Komunitateko Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legean aurreikusitako zerga-pizgarrien eskemari atxiki zaiola”. Laukoaren zuzenketak aurrera egin du PPN abstenituta.
Kultur mezenasgoari aplikatu beharreko zerga-pizgarriak ere aipatzen dira, eta kasu horretan hauxe lortu nahi da: “baldintza berak beterik, kultur mezenasgoaren onuradun izan ahal izatea jarduera artistikoak egin ohi duten pertsona edo entitateak, edozein dela ere haien forma juridikoa”. Laukoaren zuzenketa aho batez onetsi da.
Berrikuntza gehienak teknikoak badira ere, irizpenean jasotako lege-proiektuak baditu zenbait aldaketa nabarmen, eta horietako bat da saltoki handien gaineko zerga berreskuratzea 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Tasa horren helburua da saltoki eta merkataritzako establezimendu handien ahalmen ekonomikoa kargatzea, “kanpo-efektu negatiboak sortzen baitituzte, bizitza kolektiboan eragina duten kostu ekonomiko eta sozialak bere gain ez hartzeagatik, bereziki hiriguneetako ehunari eta jarduerei, lurraldearen antolamenduari, ingurumenari eta azpiegiturei dagokienez”.
Gogoratuko denez, Nafarroako Parlamentuak zerga hori indarrik gabe utzi zuen, Auzitegi Gorenean eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegian errekurtso bana jarri izanak segurtasun juridikorik eza eragin zuelako. Europako auzitegiak adierazi du zerga hori guztiz bat datorrela Europako legeriarekin, eta Auzitegi Gorenak ez du onartu foru legearen aurkako errekurtsoa. Beraz, segurtasun juridikoaren inguruko auzia ebatzita, 2019an berriro ezarriko litzateke 2014tik 2015era bitartean indarrean egon zen zerga hori, eta lehengo araudi bera izanen du.
Batzordean gehitutako xehetasun guztiak Gobernuari eusten dioten lau taldeek eskatu dituzte, eta denek jaso dituzte PSNren babesa eta UPN eta PPNren aurkako botoa. Horietako batek dioenez, “subjektu pasibo izanen dira lokala edo lokal multzoa zuzenean edo hirugarrenen bitartez ustiatzen duten jabeak. Jabe bat baino gehiago egonez gero, establezimendu osoa unitate ekonomikotzat joko da”.
Zerga-egitatea zehazteko garaian, saltoki handitzat jotzen dira (banakakoak zein kolektiboak) “produktuen salmenta eta erakusketarako 2.000 metro koadrotik gorako azalera erabilgarria dutenak”. Ez dira kolektibotzat joko “mugaz haraindiko eremuetan kokatuta daudenak, nahiz eta merkataritza gune berean egon; etxebizitza, hotel edo bulego eraikinetako beheko solairuetan daudenak, betiere eraikin horiek erabilera nagusia bizitegitarakoa duen hiri lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian badaude; eta udal merkatuak eta handizkako salmentan bakarrik jarduten duten establezimenduak”.
Azalera osoaren zerga-oinarria produktuen salmenta eta erakusketarako azalera erabilgarria izanen da. Kontaketan sartuko dira merkataritzako jarduera guztiak, bai eta aisialdiko, ostalaritzako eta ikuskizunetako enpresek ematen dituzten zerbitzuak ere. Kontzeptu hori “murriztuta kontatuko da, 2.000 metro koadroko azalera salbuetsirik”.
Ez dira azalera erabilgarritzat hartuko bulegoak, aparkalekuak, jendeak bisita ez ditzakeen zamalanetarako eremuak eta biltegiak, eta, orokorrean, jendearen sarrera murriztuta duten leku guztiak.
Batzordean egindako eztabaidan 33 zuzenketa eztabaidatu dira (horietatik 5 in voce), eta 17 onetsi dira, denak ere Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek aurkeztuak.
Oposizioak aldeztutako zuzenketetako batek proposatzen zuen amatasun eta aitatasun prestazioak salbuestea 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera. UPN, PSN eta PPNren ekimen horrek ez du beste ezeinen babesik jaso.
Irizpenaren eztabaida hasi baino lehen, UPNk eta PSNk Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordeko Mahaia premiatu dute (Eledunen Batzarrak goizean haien errekurtsoak ezetsiak zituen) birpentsa zezan 2014ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitarteko zergaldietako amatasun eta aitatasun prestazioei egindako atxikipenen itzulketa eskatzen zuen zuzenketa (PPNk ere sinatua) ez onartzeko erabakia.
Irizpena onetsi ondoren, 2019rako zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Lege proiektua abenduaren 20an eta 21ean egitekoa den osoko bilkuran aurkeztuko da behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.
Eguneratzea, egokitzea eta interpretatzea
Zuzenketen bidez Batzordean gehitu diren zehaztapenak albora utzita, Nafarroako Gobernuak igorri duen lege-proiektuak zerga-araudiaren eguneratzea aldezten du, egokitzapenak egiteko eta interpretazioaren inguruko zenbait arazo konpontzeko, “gaur egungo errealitate eta egoera sozialekin” bat etorriz.
PFEZari dagokionez, lau onura fiskal berri nabarmentzen dira, xede hauek dituztenak: Nafarroako enpresen finkapena eta enpresa-jarraipena hobetzea eta langileak enpresan inplika daitezen sustatzea, baita akziodun gisa ere. Zehazki, langileei enpresa eskualdatzen dioten enpresaburuen ondare-gehikuntza salbuetsiko da; langile horiek enpresa eskuratzeko ordaintzen duten zenbatekoak % 15eko kenkaria izanen du kuotan; eta, zenbait baldintza betetzen direnean, akzioen eskualdaketa ez da gauzazko ordainsaritzat joko. Beste alde batetik, beren enpresetan patente berriak lortzen laguntzeagatik langileek jasotzen dituzten sariak salbuetsita egonen dira.
PFEZarekin lotuta, halaber, azpimarratzekoa da salbuespen berri bat ezarri dela berrinbertsioarengatik, 65 urtetik gorakoen ondare-gehikuntzak kargarik gabe uzten dituena, baldin eta lortutako diru kopurua biziarteko errenta bat eratzeko erabiltzen bada. Neurri horren bidez zaharren bizi kalitatea hobetu nahi da bizi-itxaropena gero eta handiagoa den gizarte honetan.
Eta notarioaren aurrean adostutako mantenurako urteko ordainsariek PFEZean duten tratamenduari dagokionez, ordainsari horiek prozedura judizialen ondoriozkoekin parekatuko dira. Izapidea zergadunarentzat azkarragoa eta erosoa izan dadin lortu nahi da neurri horren bidez.
Sozietateen gaineko zergan, berrikuntza nagusiek inbertsioengatiko eta I+G+b jarduerengatiko zerga-onurari eragiten diote, erraztu eta malgutu egiten baita; eta, bereziki, zinema ekoizpenetan egindako inbertsioengatiko onura fiskalari, horren baldintzak aldatu egiten baitira. Hala, % 25etik % 40ra igo da inbertsio osotik Nafarroan egin beharko den portzentajea, eta badaezpada 3 milioi euroko sabaia ezarri da kenkarirako muga gisa.
Era berean, proiektu horien finantzatzailearen figura sustatzen da, I+G+b jardueretan bezala, eta, bi kasuetan ere, IET (interes ekonomikoko taldea) deritzon forma juridikoaren erabilera eragozten da, ez delako egokia pizgarri horien bidez lortu nahi den helbururako. Aldaketa horien xedea da onura fiskalen itzulketa ekonomikoa areagotzea, onura horiek jasotzen dituzten proiektuen bideragarritasuna bermatuz.
Berrikuntza nagusietako batek oinordetza eta dohaintzen gaineko zergari eragiten dio, autolikidazioa nahitaezkoa izatea planteatzen baita zerga horretarako. Jaraunspenen kasuan, ez da beharrezkoa izanen berariazko onarpena zerga-egitatea sor dadin.
Azkenik, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren aldaketa batzuk jaso dira proiektuan, eta horien artean nabarmentzen dira iruzur fiskalaren aurkako borrokarekin zerikusia dutenak. Ildo beretik, zehapenak aldatu egiten dira, Ogasunak aurretik errekerimendurik egin gabe zergak epez kanpo aurkezteko pizgarriak emateko. Horrela, beti izanen da merkeagoa borondatez erregularizatzea Administrazioaren errekerimendua jaso eta gero erregularizatzea baino.