Familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko Foru Lege proposamenaren gaineko irizpena onetsi da
Espezifikotasuna eman nahi zaio familia mota horren estaldura sozial, juridiko eta ekonomikoari, adingabeen, mendekotasuna dutenen eta emakumeen babes integralean aurrera egiteko
Eskubide Sozialetako Batzordeak Familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko Foru Lege proposamenaren gaineko irizpena onetsi du gaur (familia gurasobakarra esaten denean, gurasoei buruz ari da, eta halakotzat hartzen dira bai aita, bai ama).
Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioak bultzatutako foru lege proposamen horren helburua da familia gurasobakarren aitortzea sustatzea, baita egoera hori behin-behinekoa denean ere, gizarte bazterketaren arriskutik babestuko dituzten zerbitzu publiko funtsezkoetarako sarbidea bermatzeko, kalteberatasun handiko familiak izaten baitira (18 urtetik beherako seme-alabak dituzten etxeen % 12 dira).
Testuinguru horretan, adingabeei, mendekotasuna dutenei eta emakumeei babes integrala eman nahi zaie, horrela, “tipologia guztietako familiei lagunduz”, ekarpena egiteko “garapen pertsonalerako eta gizarte kohesiorako”. Horren haritik, beste autonomia erkidego batzuetan, batez ere Valentzian eta Katalunian, izandako aurrerapenak aipatzen dira, eta familia gurasobakarren estaldura sozial, juridiko eta ekonomikoari “espezifikotasuna” ematearen garrantzia azpimarratzen da.
Berariazko onurak eta abantailak sustatzeaz gainera —betiere, errentaren aitorpenari eta gutxienez ere urtebetez etenik gabe benetako bizilekua Foru Komunitatean izateari loturik—, arauak aurreikusten du familia ugariei aitortzen zaizkien laguntza berberak ematea familia gurasobakarrei. Familia gurasobakarra gehien ugaritu diren familia motetakoa da.
Hasteko, arauak familia gurasobakarra eta guraso bakarreko egoeran dagoen familia bereizten ditu. Lehenengoan sartzen dira, seme-alabekin batera, guraso bat, Erregistro Zibilean halakotzat izena emanda dagoena (bera bakarrik); edo alargun bat nahiz antzeko egoeran dagoen pertsona bat; edo guraso-ahala modu esklusiboan daukan pertsona bat. Halaber familia gurasobakarra osa dezakete pertsona batek eta horrek gutxienez ere urtebetez adopzioan edo harreran dauzkan adingabeek, edota aurretik harrera iraunkorrean eduki dituen adin nagusikoek.
Inongo kasutan ere ezin izanen du familia gurasobakarraren tituluaren onuradunaren izaera lortu alargun batek edo horren pareko egoeran dagoen batek, baldin eta giza hilketaren dolozko delitu batengatik zigortu bada, hilketa horren biktima ondorengoak partekatzen zitueneko pertsona (bikotekidea edo bikotekide ohia) edo harekin antzeko afektibitate-harreman baten bidez lotutako beste pertsona bat izan denean.
Familia bat guraso bakarreko egoeran dagoela aitortzen da, gurasoetako batek seme-alaben zaintza eta jagoletza modu esklusiboan badu, edo elkarrekin bizi diren gurasoetako bat espetxean badago edo mendekotasun handia, ezintasun iraunkor absolutua nahiz baliaezintasun handia aitortua badu, eta, hiru kasuetan, unitatearen diru sarrerek Errenta Egokiaren araberako Erosteko Nahikotasuna (SARA) adierazlea halako 1,7 gainditzen ez badute. Seme-alabak bere kargu dituen gurasoak genero-indarkeria pairatu dueneko kasua ere hor sartzen da, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko 14/2015 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.
Eduki ditzaketen zamen arabera, guraso bakarreko familiak edo guraso bakarreko egoeran daudenak kategoria berezikoak edo kategoria orokorrekoak izan daitezke. Kategoria berezian sartzen dira hiru seme-alaba edo gehiago dituzten familiak, edo, seme edo alaba bakarra izanda, SARA adierazlea gainditzen ez duten diru-sarrerak dituztenak urtean. Bi seme-alaba dituzten unitateak ere bai, baldin eta familiako buruak % 65eko edo gehiagoko desgaitasun-gradua, mendekotasun handia, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia badu, edo bi seme-alabetako batek % 33ko edo gehiagoko desgaitasun-gradua, ezintasun iraunkor absolutua edo mendekotasun handia aitortua badu. Kategoria berezikoak dira, era berean, genero-indarkeria pairatu duen emakume batek osatutako familiak. Goian azaldutako egoeretan ez dauden pertsonak kategoria orokorrean sailkatzen dira.
Familia guraso bakarrak edo guraso bakarreko egoeran daudenei berariazko baremoak aplikatu ahalko zaizkie, liburuetarako, eskola-materialerako, jantokietarako eta garraiorako laguntzak eta bekak emateko, unibertsitateaz kanpoko hezkuntzako etapa guztietan. Babes-ekintza unibertsitate-hezkuntzara ere hedatuko da eta etapa horretan beka bereziak emanen dira, irakaskuntza, joan-etorri eta ostatu gastuak estaltzeko.
Gainera, Nafarroako Gobernuak hobarien sistema bat garatuko du gizarte-etxeetako, aterpetxeetako, tokiko kanpalekuetako eta aisiako jardueretako tarifetan, garraio publikoan eta eskola-garraioan, bai eta Nafarroako administrazio publikoen menpekoak diren eta Foru Komunitatean garatzen diren kultur ondasunetarako, kirol jardueretarako eta aisiako jardueretarako sarbidean ere.
Arlo soziosanitarioan, laguntzak emanen dira ortodontziako, entzumeneko, oftalmologiako, ortopediako, psikologiako, pedagogiako edo etxez etxeko laguntza zerbitzuetako tratamenduetarako.
Etxebizitza gaietan, eta, zehatzago, babes ofizialeko etxebizitzen adjudikazioetan, zeinetan aginduzkoa den deialdi publikoa ateratzea eta baremoak aplikatzea, berariaz puntuatuko da eskatzailea familia gurasobakarra edo guraso bakarreko egoeran dagoen familia izatea.
Gerora erregelamenduz egin daitekeen garapen sektoriala (Hezkuntza, Ogasuna edo Gizarte Zerbitzuak) ezertan eragotzi gabe, onurak eta abantailak sustatuko dira bai administrazio publikoen esparruan bai enpresa pribatuenean. Aipatu beharra dago zergen arloan ere familia gurasobakarrei edo guraso bakarreko egoeran dudenei familia ugarientzako tratamendu fiskal bera emanen zaiela.
Oro har, familia gurasobakarraren tituluaren indarraldia seme edo alaba batek 21 urte betetzen dituen egunak determinatuko du (behin-behineko tituluak eman ahalko dira, gehienez ere sei hilabeteko indarraldia dutenak). Hala ere, indarraldia luzatu ahal izanen da egoera bereziak gertatzen direnean: ikasketak (26 urtera arte), harrera (harrerak iraun bitartean eta harrerapekoa adin nagusitasunera iristen denetik bi urte igaro arte), genero-indarkeria (bost) edo askatasun-gabetzea (espetxean 12 hilabete egin eta handik urtebete igaro arte).
Halaber, adina edozein dela, tituluaren indarraldia luzatu eginen da % 33ko edo % 33tik gorako desgaitasuna, mendekotasun egoera, lanerako ezintasuna edo baliaezintasun handia izanez gero. Eta kategoria familia-unitatearen diru-sarreren araberakoa denean, indarraldia urtebetekoa izanen da. Horri dagokionez, mendekotasun ekonomikoa dagoela jotzen da seme-alabetako bakoitzak ez duenean jasotzen, urtean, OAEAParen % 100etik gorako diru-sarrerarik, aparteko ordainsariak barne. Ez dira kontatuko zurztasun-pentsioetatik heldutako diru-sarrerak.
Familia gurasobakarrak edo guraso bakarreko egoeran dagoenak bere izaera galduko du familiako burua ezkontzen bada edo izatezko unitate bat eratzen badu, legeria indardunean ezarritakoari jarraituz, edo familiak legean ezarritako baldintzetatik edozein betetzeari uzten badio.
Familia gurasobakarraren titulua duten familia-unitateetako titularrek jakinarazi egin beharko dituzte, 15 eguneko epean, inguruabarretan gertatzen diren aldaketak, baldin eta horiek kontuan hartu beharrekoak badira emandako titulua aldatzearen edo azkentzearen eraginetarako. Esparru horretan, titulua lortzeko prozedurari buruzko arauak erregelamendu bidez aldatu ahalko direla azaltzen da. Eta, hori dela eta, ohartarazten da prozedurari amaiera ematen dion ebazpena aurkaratu ahalko dela 15/2004 Foru Legean eta administrazio prozedura erkideari buruzko arauetan ezarritakoari jarraituz.
Xedatzen da, azkenik, eskumena daukaten administrazioek, sei hilabeteko epean, foru legean ezarritakoak aplikatzeko behar diren jarduketak sustatuko dituztela.
Batzordean egindako azterketan 51 zuzenketa eztabaidatu dira, horietatik 24 in voce zuzenketak, eta 25 onetsi dira: 3 UPNrenak, bat PSNrena, eta 23 Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek batera sinatuak.
Irizpena onetsi ondoren, Familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko Foru Lege proposamena Osoko Bilkurara eramanen da urtarrilaren 31n ziur aski, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.
Bakartxo Ruiz (EH Bildu talde parlamentarioa) izan da gaur arratsaldeko bilkurako burua, eta parlamentari hauek bertaratu dira: Mónica Doménech, Carmen Segura, Pachi Irízar, Luis Zarraluqui (UPN talde parlamentarioa), Isabel Aranburu, Virginia Alemán, Consuelo Satrustegi (Geroa Bai talde parlamentarioa), Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu talde parlamentarioa), Tere Sáez, Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioa), Nuria Medina, Ainhoa Unzu (PSN talde parlamentarioa), Javier García (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).
-
Foru lege proiektua (84. NPAO, 2018-06-15ekoa)
-
Zuzenketak (150. NPAO, 2018-12-11koa)