Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen Dekretua indargabetu zezan Gobernua premiatzen zuen mozioa baztertu da
PPNk baieztatzen du Gobernuak komunikazio eta dokumentu ofizialetan euskararen presentzia areagotu duela eta horrek erkidegoaren errealitate soziolinguistikoaren aurka egiten duela
Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat atzera bota du gaur UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin, Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuena “Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen dekretua indargabetu zezan”.
Baztertutako mozioak bigarren atal bat zeukan, Foru Gobernuari eskatzen ziona “Nafarroaren errealitate soziolinguistikoa errespeta zezan, 100 nafarretik 7k bakarrik erabiltzen baitute euskara egunerokoan”.
Zioen azalpenean, PPNk sustatutako mozioak Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren VI. Inkesta Soziolinguistikoak eta Soziolinguistika Klusterrak Foru Komunitatean euskararen erabilerari buruzko emaitzak aipatzen ditu, lehenengoan %6,6 eta bigarrenean %6,7, eta baieztatzen du , Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen 2017ko dekretuak “nafar gehienak gutxiesten eta erdeinatzen dituela, gaztelaniadunak baitira”.
Era berean, aipatzen da “Gobernuak euskararen presentzia areagotu nahi izan duela, hainbesteraino non dokumentu, komunikazio, seinale, afixa eta publizitate guztia egiten baitira orain ele bitan, euskara gaztelaniaren gainetik edo aurretik jartzeraino, eta horrek erkidegoaren errealitate soziolinguistikoaren aurka eta legediaren aurka egiten duela; gure erkidegoko arau nagusiak ezartzen baitu euskara ez dela ofiziala”.
-
Mozioa (3. NPAO, 2019-01-15)