Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Otsailak 5

Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordeak bisita egin du “Larrabide Estadioa” Kirol Teknifikazioko Zentrora

Lehiaketa ofizialetarako erabil daitekeen atletismo pista berria eta errendimendu handiko kiroleko jarduketen egitaraua ezagutzeko

Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordeak gaur bisita egin du, Geroa Bai taldeak eskaturik, “Larrabide Estadioa” Kirol Teknifikazioko Zentrora. Instalazio publiko hori goi mailako kirolarien prestakuntzarako erabiltzen da, teknifikazio programen eta hautespenen bidez.

 

Parlamentari hauek bertaratu dira: Luis Zarraluqui, Mónica Doménech (UPN talde parlamentarioa), Consuelo Satrustegi, Virginia Alemán (Geroa Bai talde parlamentarioa), Miren Aranoa, Esther Korres (EH Bildu talde parlamentarioa), eta Carlos Gimeno (PSN talde parlamentarioa).

 

Consuelo Satrustegik azaldu duenez, bisitaren helburua izan da “bertatik ezagutzea birmoldatze obrak eta ekipamendu horretan egiten den jarduera”. Instalazioaren zati bat irekita dago klub eta partikularren kirol jarduerarako, errendimenduko programek hartzen ez dituzten orduetan.

 

Larrabiden Parlamentuko ordezkariei harrera egitera joan zaizkie Rubén Goñi Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko (NKGI) zuzendaria, Primitivo Sánchez NKGIko zuzendariordea, Adela González Gazteriaren zuzendariordea eta Alfonso Gogorcena “Larrabide Estadioa” Kirol Teknifikazioko Zentroaren zuzendaria.

 

Ondoren egin duten bileran, Alfonso Gogorcenak, Kirol Teknifikazioko Zentroaren kudeatzaileak, ekipamendu hori kudeatzeko estrategia eta kudeaketa-eredua azaldu ditu. Errendimendu handiko kirolarientzat sortua da, eta joan den abendutik atletismo pista berri bat dauka, aurreko urtean xabalina eta pertika eremuetan instalatu zenaren berdin-berdina, baina oraingoan kontrol teknikoa errazteko behar den teknologiaz hornitua (txipen bidezko kronometrajea eta beste tresna elektroniko batzuk).

 

Berritze eta pintatze lanak amaitu ondoren, Larrabide Estadioak lehiaketa ofizialetarako erabil daitekeen atletismo pista bat dauka, Espainiako Atletismo Federazioak homologatua Epaileen Batzorde Nazionalaren bitartez. Zaharberritze lanak 2018ko irailaren 14an hasi ziren eta 422.500 euro kostatu dira, gehienbat 5.900 metro zoladura jartzeko, Sportflex Super x 720 motakoa, 13,5 milimetro lodi, IAAFk ziurtatutako materialarekin egina.

 

Atletismo pista zaharberritzeko lanak (lehengo pistak 15 urte zituen) Larrabide Estadioa modernizatzeko prozesuaren barnean egin dira. Harmaila berriak ere eraiki behar dira, eta horien barnealdean kokatuko lirateke muskulazio gimnasio bat, abiadurako pista zuzen bat, jauzi eremu bat eta mailu, xabalina, disko eta pisu jaurtiketarako beste bat. Hornidura hori Inbertsio Finantzarioki Jasangarriei buruzko hasierako planean zegoen, baina azkenean obren zerrendatik kanpo gelditu zen abenduan onetsitako legean.

 

Rodrigo Domínguezek, Nafarroako Atletismo Federazioko buruak, “premia handikoa” dela esan du. “Nafarroa gune estali baten faltan dago oraindik. Proiektuak hein batean asetzen zituen Nafarroako atletismoaren beharrak, atletismoa izugarri hazi baita. Kontua da hemen ez garela kabitzen. Hala ere, aitortzen dugu ahalegina egin dela gainerako instalazioetan, bereziki pistan”. Heldu den uztailean Autonomia Erkidegoen arteko Espainiako Atletismo Txapelketa eginen da pista horretan.

 

Alfonso Gogorcenak aitortu egin du Larrabidek dena emanda funtzionatzen duela. Goizetan eliteko kirolariak izaten ditugu funtsean, baina arratsaldeetan, haiez gainera, atletismoko kirol eskoletako 250 bat haur entrenatzen dira. Instalazioak erabiltzeko lehentasunen hurrenkera bete behar da: lehendabizi teknifikazio programak, gero hautespenekoak eta azkenik gainerakoak”.

 

Larrabiden aurreikusten diren gainerako kirol modalitateetako entrenamenduak ere aipatu ditu Gogorcenak (saskibaloia, eskubaloia, boleibola, futbola, areto-futbola, arte martzialak, mahai-tenisa eta trinketa), eta zehatzago, errendimenduko programek hartzen ez dituzten orduetan irekita dagoen eremu gisa, 2016an zaharberritutako futbol zelaia aipatu du.

 

“20 urtez erabili ondoren belar sintetikoko soropil berria instalatu zenez geroztik (205.791 euro), Larrabideko zelaia bete-betean erabiltzen da. Alokairuen martxa honekin uste dugu inbertsioa bost-sei urte barru amortizatuko dela”.

 

Nafarroako errendimendu handiko kirolarekin lotutako jarduketen eta instalazioen berri jaso ondoren, UPN, Geroa Bai, EH Bildu eta PSN taldeetako eledunek azalpenak eskertu dituzte, eta Larrabiden egindako modernizazio obren emaitzarekin ados agertu dira.

 

Larrabide Estadioa 1959an eraiki zen, eta Nafarroako Gobernua du jabea eta kudeatzailea. Hango instalazioetan daude errendimendu handiko kirolarientzako Kirol Teknifikazioko Zentroa, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa (KAIMZ) eta kirolarientzako Fuerte Príncipe egoitza.