Garapen ekonomikorako proiektua epe luzerako dela defendatu du Gobernuak
PSNren interpelazio bati erantzunez, zeinak zioen Gobernua egunerokotasuneko arazoetan zentratu dela hazkunde ekonomikoa probestu gabe
Manu Ayerdik, Garapen Ekonomikorako Lehendakariordeak, Gobernuaren kontrolerako Osoko Bilkuran baieztatu du bere departamentuak lau urte hauetan “epe luzerako” lan egin duela, PSNren interpelazio bati erantzunez.
Kontseilariak PSNren akusazioari uko egin dio, epe motzean soilik lan egin dutela baitzioen. Adierazi du “ezin dela ukatu legegintzaldi honetan eragile pribatuekin epe luzera begira egin den elkarlana”, nahiz eta esan duen, “beti bezala lan hau hobe egin zitekeela”.
Hala, Garapen Ekonomikorako Kontseilariak azaldu du legegintzaldian zehar klusterren irudia sustatu dela, banda zabalean lan egin dela eta S3-Espezializazio Adimendunerako Estrategia ere bai, “gelditzeko etorri diren beste hainbat aspektutan bezala”.
“Hori da S3a, 2020 urtera arteko 24 erronka, guztiak plangintza eta ibilbide orriarekin” azpimarratu du, “batzuk atzeratuago daudela? Egia da, hori onar dezakegu, baina ez ezazu esan ez dugula epe luzera pentsatu, hori faltsua da”.
Ayerdik nabarmendu duenez, “garrantzitsuena epe luzerako ikuspegi elkarbanatu bat” sortu izana da, eragile guztien elkarlanaren bidez.
Guzmán Garmendiak (PSN) oroitarazi du egungo Gobernua “gauzak aldatzeko” iritsi zela, eta adierazi du lau urte hauetan “Nafarroa etorkizunerako prestatu behar zela”, eta ez dela hala izan.
Zentzu horretan, kritikatu du kontseilariak “egunerokotasuneko arazoetan denbora galdu duela. Haizea alde eduki dugu, ekonomiaren hazkunde global bat egon da eta aprobetxatu beharra zegoen, baina Gobernuak ez du aukera probestu”.
Garmendiak adierazi du Ayerdik “teoria besterik ez duela eskaini” eta “kudeatzera” mugatu dela soilik, lau urtetan “ez die errepideei kasurik egin, ezta S3ri ere, ez berrikuntza edo garapenari”. Horrez hain, kontseilariak Sodena enpresa publikoa nola kudeatu duen kritikatu du.
Carlos García Adanerok (UPN) adierazi du kontseilariak “ez dituela egin esan zituen gauza gehienak” eta “Nafarroan egiten ari diren inbertsio publikoak UPNk Espainiako Gobernuarekin egindako akordioen fruituak direla”.
Rafael Erasok (Geroa Bai) departamentuaren lana defendatu du, PSNren akusazioei uko egin eta adierazi du eguneroko arazoak “ere konpondu behar direla”. Ohartarazi du interpelazioak “titularra, hautetsontzia eta botoa” bilatzearen usaina duela.
Maiorga Ramirezek (EH Bildu) sozialistei eskatu die “ez dezaten beren burua eredutzat jarri, ez baitute harro egoteko arrazoirik”.
Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai) adierazi du “datu guztiak positiboki garatu direla”.
Ana Beltránek (PPN) salatu du “inork ez diola hainbeste kalte egin autogobernuari” egungo Gobernuak bezain beste, “herritarrak inpostuen bidez odolustu” baititu eta euren “interes propioetan” oinarritu direla. “Zuekin ekonomia okerrera doa”, adierazi du.
José Miguel Nuinek (I-E) adierazi du “legegintzaldi hasieran egin ziren aurreikuspen guztiak, Nafarroako hondamen ekonomikoari buruz, interpelazio batean gelditu direla ez baita hondamendi ezta apokalipsirik gertatu”.