Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa abian jartzeko 2.094.912 euroko kreditu berezi bat onesten duen Foru Legea
Osoko Bilkuran onetsia. 2019ko otsailaren 28an
Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-E taldeen aldeko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin foru lege bat onetsi du, 2.094.912 euroko kreditu berezi bat ematen duena Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa abian jartzeko.
Kreditu berezi horren zenbatekoa Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa izeneko hiru partidatan aplikatuko da (1.889.041 + 3.000 + 202.871 euro), eta Asistentzia adingabekoentzat (1.664.309), Genero indarkeriaren arreta integralerako ekipoak (202.871 euro) eta Gizarteratze- eta laneratze-zerbitzuetako kontratuak (227.732 euro) partidetan dauden kreditu erabilgarrien kargura finantzatuko da.
Gizarte zerbitzuak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa Eskubide Sozialetako Departamentuari atxikita dago, eta zenbait zerbitzu zuzenean kudeatzea du helburu. Zerbitzu horiek, zuzeneko kudeaketarako sortu ziren arren, hirugarrenei esleituta egon dira kontratazio publikoaren bidez. Hala, gizarte zerbitzuetako zentroak eta beste zerbitzu publiko batzuk gainbegiratzeko eta koordinatzeko eginkizunak berreskuratu dira, bai eta adingabeen babesgabetasun kasuetako balorazio teknikoa ere.
Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak ezartzen du foru legez arautu behar direla Nafarroako aurrekontu orokorrak, bai eta haietan egindako aldaketak ere, kreditu bereziak edo kreditu-gehigarriak emateari buruzkoak badira. Beraz, 2018ko Aurrekontuan esleitutako kreditua nahikoa ez denez, bidezkoa da legea onestea, kasu honetan irakurraldi bakarrean.
-
Foru lege proiektua (13. NPAO, 2019-12-01ekoa)