Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Martxoak 5

“Hauteskundeak eta Europako Parlamentuaren erronkak” aztergai Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelako hitzaldian

Parlamentuko lehendakariak “kontratu sozial berri eta berde” bat eskatu du, “Europako gizarte-ongizatearen eredu berria definituko duena XXI. menderako, pobrezia ezabatuko duena kontinentean”

Nafarroako Parlamentuan gaur "Europako Parlamentua etorkizunera begira: hauteskundeak eta erronkak” izenburuko hitzaldia egin du Mario Kölling UNEDeko Politika Zientziako irakasle eta Manuel Giménez Abad fundazioko ikertzaileak.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak Europako hauteskundeetako hitzorduaren garrantzia azpimarratu du. Izan ere, “urruna iruditzen bazaigu ere, hark markatuko ditu azken batean gure lurraldeetako bakoitzean aplikatuko diren politikak”.

 

Lehendakaria sinetsita dago “maiatzeko Europako hauteskundeen emaitzak ziurtasunaren eta errealitatearen ikuspegia eskainiko digula eta Europako erronka existentzialei erantzunen diela, horixe izanen baita Europar Batasun honen zeregin nagusia”.

 

Parlamentuko lehendakariak “kontratu sozial berri eta berde” bat eskatu du, “Europako gizarte-ongizatearen eredu berria definituko duena XXI. menderako, pobrezia ezabatuko duena kontinentean: austeritatea albora utziko duen bake-proiektu bat”. Bukatzeko, honako hau nabarmendu du: “hau guztia erabakigarria izanen da Europar Batasuneko erakundeen urruntasuna sentitzeari uzteko”.

 

Mario Köllingek Europako Parlamentuaren funtzionamendua ulertzeko gakoak eman ditu. Parlamentu “bitxia” dela esan du, haren berezitasunengatik eta parlamentu nazional edo autonomikoekin dituen aldeengatik.

 

Ikertzaileak konparatu egin ditu Europako aurreko hauteskundeak egin zirenean zegoen egoera, Europak 2016an bizi zituen gertaerak eta egoera politikoa eta aurtengo hauteskundeetako hitzorduaren testuinguru politikoa.

 

Köllingek adierazi du aurten eztabaidarik handiena dela “europazaleen eta euroeszeptikoen artekoa, Europar Batasunaren etorkizunari buruzko eztabaida irekia”. Hauteskundeen beste gako bat ere azaldu du: “hirugarren alderdi baten beharra izanen da gehiengo osoa lortzeko, ez dutelako berez lortuko ez talde sozialistak ez talde popularrak”.

 

“Europako Parlamentuari buruz ezjakintasun handia” dagoela uste du Köllingek, eta horixe dela “parte-hartze urriaren arrazoia”. Hauteskunde hauek gure egunerokoan nahiz ongizatearen estatuari begira izanen duten garrantzia nabarmendu du, baita hauteskunde nazionalek Europako politikan duten eragina ere.

 

Asunción de la Iglesia Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelako zuzendariak eman dio hasiera ekitaldiari, hura egiteko aukera eskertuz Parlamentuari eta haren lehendakariari, horrela “sustatzen ari baitira gazteek politika ezagutzea”.

 

Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela "unibertsitateko komunitate osoaren zerbitzurako tresna izateko sortua da, eta beraren bidez sakonean ikertu eta ezagutu nahi dira sistema politiko-parlamentarioa eta sistema juridiko-konstituzionala".

 

Mario Kölling Politika Zientziako irakaslea da UNEDen, eta ikertzaile aritu da Europako eta Alemaniako hainbat unibertsitate eta zentrotan. Gaur egun Giménez Abad fundazioko ikertzailea da. Fundazio horrek xedetzat du “parlamentu-erakundea eta Estatu autonomikoko boterearen lurralde-banaketaren eredua ikertzen, ezagutzen eta ezagutarazten laguntzea, askatasunaren, berdintasunaren eta bizikidetasun libreari eta ideologia-aniztasunari zor zaien errespetuaren balioei eutsiz eta hala etengabe gorazarre eginez Manuel Jiménez Abadi”, ETAk 2001eko maiatzean hildako politikari, abokatu eta irakasleari (Aragoiko Gorteetako diputatua, senataria eta Aragoiko PPko presidentea izan zen, Aragoiko Gorteetako letradu nagusi, eta irakasle Nafarroako Unibertsitatean, Granadako Unibertsitatean eta Administrazio Publikoaren Aragoiko Institutuan.