Nafarroako Gobernua premiatzen da lehenets dezan zaintzaren eta laguntza pertsonalaren afera ekonomia sozialaren esparruan
Arrazoi ekonomikoak eta genero justiziazkoak aipatzen dira erakundeei konpromisoa eskatzeko, politikak pertsonen beharretan oinarritu daitezen
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “onar dezan zaintzaren eta laguntza pertsonalaren afera inbertsio bat eta ekonomiaren nahiz gizartearen aldetik lehenetsi beharreko sektore bat dela, genero-justiziakoa izateaz gain”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko tokiko itunak babestu eta bultza ditzan, bai eta udaletan pertsona-, familia-, lan- nahiz gizarte-bizitzako ardurakidetza jorratzen duten gainontzeko akordioak ere”.
Azkenik, Gobernuari eskatzen zaio “zaintza-lanei buruzko itun instituzional bat egin dezan, Nafarroako Gobernuko departamentu guztiek pertsonen zaintza eta beharrak beren politika, plan, programa eta jarduketa guztien muinean kokatzeko konpromisoa jasotzeko (programa-akordioaren 2.5 Berdintasuna ataleko 23. neurria)”.
Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak defendatzen du “zainketak erdigunean dituen politika publikoa berreskuratzea, birformulatzea eta sustatzea”, lan honen garrantzia ikustarazteko, “gutxietsia den lan hau oro har emakumeek bere gain dute familia-harremanak direla kausa (ez merkataritza-harremanengatik), etxeko esparru ikusezinaren barruan, edo, bestela, gaizki ordaindutako emakumeek; gehienak, herrialde txirotuetako emakume migratzaileak dira, asko eta asko egoera irregularrean daudenak”.
“Zainketaren krisia” delakoari aurre egiteko eta “aldaketa sakon” bat ezarri ahal izateko, ohartarazten da “Mendekotasun Legeak prestazio eta zerbitzuetan atzera pausoak eman izanak, politika sozialetan zainketak erdigunean ez egoteak, eta ongizateko sistema publikoak arian-arian desegiteak” dituen ondorioez.
Sustatzailearen hitzetan, zainketen estaldura publikoa “behar adinakoa ez izatearen ondorioz gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna betikotzen da, gizartearen estratifikazioa sendotzen da eta, jakina, laguntza pertsonalaren premia duten pertsonenganako tratu txar bat mantentzen da”.
Hala azaltzen da Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen egoerari buruz Nafarroako Berdintasunerako Institutuak 2017ko abuztuan egindako diagnostikoak, zeinak dioen nafar emakumeek gizonezkoek baino ordubete eta berrogeita lau minutu gehiago eman zutela egunero etxeko eta familiako lanetan, eta ordubete eta hogeita hamar minutu gutxiago, berriz, ordainpeko lanetan.
Bestalde, aipatzen da anekdotikoa dela oraindik ere amatasun-baimenaren zati bat baliatzen duten gizonen bolumena, izan ere, senitartekoak edo haurrak zaintzeko eszedentziei dagokienez, Nafarroan, 2015ean, emakumeek hartu zituzten seme-alabak zaintzeko eskatutako 1.539 eszedentzien % 94,2.
Senitartekoak zaintzeko eszedentziei dagokienez (zaharrak edo mendekotasunen bat dutenak zaintzeko izan ohi dira), 2015ean emakumeek baliatu zituzten eszedentzien % 79,8, eta gizonek, berriz, % 20.
Gauzak honela, sustatzaileak “aldaketa sakon” bat eskatzen du egungo egoerari buelta emateko, “azken hamar urteetan ez baitu eboluzio esanguratsurik eduki”.
-
Mozioa (39. NPAO, 2018-04-05ekoa)