Noiz argitaratua Asteazkena, 2019.eko Martxoak 20

Nafarroako Gobernua premiatzen da beste herri batzuetara Lanbide Heziketa egitera doazen ikasleen garraio-zerbitzuaren gastuak finantza ditzan

Derrigorrezko eskaintza honen izaera inklusiboa azpimarratzen da ikasle hauek hezkuntza sisteman jarraitzea errazteko

Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Oinarrizko Lanbide Heziketan matrikulatutako ikasle guztien garraio-zerbitzuaren gastuak finantza ditzan, baldin eta, derrigorrezko hezkuntza jasotzeko adina izanik, beste herri batzuetara joan behar badute bizi diren herrian Oinarrizko Lanbide Heziketarik ez dagoelako”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “hartu beharreko neurriak har ditzan garraio-zerbitzu hori abian jarri ahal izateko”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak argudiatzen du Oinarrizko Lanbide Heziketaren helburua “ikasleek hezkuntza sisteman jarraitzea erraztea” dela, eta ikaslegoaren ezaugarriei dagokienez, aipatzen da “gehienek derrigorrezko eskolatuta egoteko adina dutela eta oro har ikastetxeetako irakasle-taldeek bideratu dituztela prestakuntza ziklo horietara, jatorrizko ikastetxeetako orientatzaileek eta ikuskaritzak ere parte hartu baitute erabaki horretan, eta askotan erabaki horrek berekin dakarrela bizileku duten herritik atera behar izatea ziklo hori egin ahal izateko”.

 

Ildo horretan, eta otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuaren 13. artikuluan –oinarrizko arauen izaera du– aniztasunaren tratamenduari dagokionez jasotzen denez, zehazten da “aniztasunaren tratamendurako hartzen diren neurriak bideratuta egonen direla ikasleen hezkuntza premia zehatzei erantzutera”, eta hortaz, “garraio-zerbitzua finantzatzeko” eskubidea aitortzen zaie ikasleei.

 

Consuelo Satrustegi (Geroa Bai) batzordeburu izan duen saioan izan dira Alberto Catalán, Begoña Ganuza, Carlos García Adanero, Ana San Martín (UPN), Isabel Aranburu, Jokin Castiella (Geroa Bai), Esther Korres, Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu), Mikel Buil, Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu), Nuria Medina, Ainhoa Unzu (PSN), Javier García (PPN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).