Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Martxoak 21

Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2019ko martxoaren 21ean

Parlamentuko Osoko Bilkurak 1950eko urtarrilaren 1etik aurrera Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko Foru Legea onetsi du gaur Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen eta I-Eren aldeko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin.

 

Testu horrek ordeztu egiten du apirilaren 10eko 16/2015 Foru Legea, 2015eko martxoaren 15ean (VIII. legegintzaldiko azken aurreko osoko bilkuran) onetsi zena. Konstituzio Auzitegiak lege horren zati handi bat deuseztatu zuen 2018an, “jurisdikzio penalari dagozkion eginkizunetan esku hartzen” ari zela iritzita. Izquierda-Ezkerrak sustatu zuen, eta Socialistas de Navarra, Bildu eta Aralar-Nabai taldeen babesa ere jaso zuen. UPN eta PPN aurka jarri ziren.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerra taldeek bultzatutako lege proposamenaren xedea da eskuin muturreko taldeen edo funtzionario publikoen indarkeriazko jardunak eragindako biktimen errekonozimendua eta, kasua bada, erreparazioa sustatzea, “baliabideak eta mekanismoak arautuz biktimatzat aitortuak izan daitezen eta, kasua bada, erreparazio integralerako eskubideen onuraduntzat”.

 

Horretarako, “motibazio politikoko indarkeriaren” ingurune horretan egindako “giza eskubideen urraketak” gogoan, prozedura administratibo bat ezartzen da, zeinaren bidez, abstentzioaren, konkurrentziaren eta pronuntziamendu judizialekiko loturaren betebeharraren kalterik gabe, biktima horien lege-babesik eza zuzendu nahi baita.

 

Foru legearen aplikaziotik “berariaz at gelditzen dira” xede terroristaz armak edo lehergaiak manipulatzeagatik hildakoek edo zauritutakoek”, baita horren bidez bilatzen zena baldin bazen “segurtasun kidegoen eta indarren jarduketa legitimoei aurre egitea edo ekiditea” ere. 

 

Zigor-xederik gabe, legearen bidez osatu egin nahi da arloko araudi indarduna, hartara, izaera politiko nafarra izanda, beste betekizunik gabe, eskuragarri egon dadin Foru Komunitatean nahiz kanpoan jasandako urraketen ordaina —maila administratiboan—, baldin eta Estatuko edo beste autonomia erkidego bateko erakundeek kalte berberengatik ez badute‑ ordainik eman.

 

Ildo horretan, biktima gisa errekonozimendua emateko eta antzeko ekintzek kaltetutako gainerakoen eskubideekiko homologazioa egiteko, Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea sortzen da. Gaitasun egiaztatua duten bederatzi kide izanen ditu, eta egitateen nahiz inguruabarren ezagutzaren, dokumentazioaren eta argitzearen inguruan konfiguratutako egiarako eskubidearen babesean bideratutako espedienteak ebatziko ditu urtebeteko epean.

 

Batzordeko bederatzi kideetatik lau Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak hautatuko ditu gehiengo osoz, talde parlamentarioek, parlamentari elkarteek edo giza eskubideen nahiz memoriaren arloan diharduten gizarte-erakundeek proposatuta, sei urterako. Sortzetiko kideak izanen dira Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia eta Nafarroako Memoriaren Institutuko burua. Bi peritu forentse eta psikologo bat ere izanen dira Batzordean. Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak izendatuko ditu, biktimen arloan esperientzia duten profesionalen artetik.

 

Eskaera bakoitzeko txosten bat eginen da eta urtebeteko epean helarazi beharko zaio bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen arloko arduradunari; horrek beste hiru hilabete izanen ditu ebazpena emateko, eta hilabeteko epea izanen du ebazpena interesdunari helarazteko. Biktima deklaratzeak berekin ekarri ahalko du, osasun laguntzaz gainera, kalte “fisiko edo/eta psikologikoengatiko eta kalte materialengatiko” kalte-ordain ekonomikoak aitortzea. Errekurtsoak aurkezteko aukera aurreikusten da.

 

Espediente bakoitzean txosten tekniko bat egon beharko da, Batzordeko kide diren gutxienez bi peritu forentseek egina, gutxienez, zeinean iritzia emanen baitute alegatutako tratu txarrak edo lesioak eta egitate kausatzaileak bateragarriak izateari buruz. . Baliaezintasun handiaren eta ezintasun iraunkor partzialaren, erabatekoaren edo absolutuaren kasuan (agintari eskudunak ziurtagiria emanda), iritzia eman beharko dute egiaztatutako lesio horiek alegatutako egitateekin daukaten lotura-mailari buruz.

 

Foru legean ezarritako baldintzak ez betetzeak edo aurkeztutako datuak faltsuak izateak berekin ekarriko dute biktimaren errekonozimendua galtzea eta, bidezkoa denean, itzuli behar izatea jasotako diru kopuruak, gehi dagozkien legezko interesak.

 

Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordearen helburuak betetzearekin zerikusia duten pertsona eta entitate publiko nahiz pribatu guztiek zehazten den moduan laguntzeko betebeharra izanen dute. Urtero, Batzordearen emaitzak oroitidazki batean jasoko dira, eta dokumentu hori Parlamentuan aurkeztu, argitara eman da eta herritarren artean zabalduko da.

 

Zehazki, artxibo ofizialetarako sarbidea erraztu beharko dute eta eskura dauden baliabideei buruzko informazioa eman beharko dute, baita eremu judizialean ere, ebazpenak biktima izaera ziurtatzen duenean. Lehenago ere, Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordearen iritziz espedientea irekitzetik ondorioztatu ahalko balitz legez kontrako jarduketaren bat, organo judizialei jakinaraziko die eta horren berri emanen die eskumena duen administraziori.

 

Eta jakiten denean irekitako kausa judizialak badaudela, eten eginen da prozeduraren izapidetzea bide judiziala agortu arte. Berdin jokatuko da irekitako zehapen-prozedura administratiborik badagoela jakiten denean.

 

Urteroko oroitidazkiak eta garatuak izan ditzakeen lan osagarriak oinarri hartuta, Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordeak, eratu eta gehienez ere lau urteko epean, bi txosten eginen ditu. Lehenbizikoan 1951tik 1978ko abenduaren 28ra bitarteko epeari buruzko jarduketak azalduko ditu, eta bigarrenean, azken egun horretatik gaur egundainoko epeari buruzkoak. Lan horiek ere Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dira.

 

Halaber, Nafarroako Gobernuari agintzen zaio Batzordea finantza dezala, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan berariazko partida bat ezarriz. Eta dokumentazio, ikerketa eta koordinazio lanak eta gainerakoak egiteko behar dituen giza baliabideez eta baliabide materialez horni dezala.

 

Ekintzak aurreikusten dira, era berean, heziketaren arloan (ziklo, ikastaro, mintegi eta biltzarrak) eta erakundeen arloan, azken kasu horretan, “errekonozimendu publiko” gisara. Errekonozimendu horrek bateragarria izan beharko du biktimak bere intimitatea gordetzeko daukan eskubidearekin, berariaz hala eskatu duenean.