Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Martxoak 28

Foru Berria aldatzeko eta gaurkotzeko Foru Legea onetsi da

45 urteren buruan testua harreman pertsonalen errealitateari egokitu zaio eremu pertsonalean, familiarrean eta ekonomikoan, eta ohitura mantentzen da Zuzenbidearen lehen iturri gisa

Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioa edo Foru Berria aldatzeko eta gaurkotzeko Foru Legea onetsi du gaur aho batez.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerrak bultzatutako ponentziaren ondorioei buruzko txostenean oinarrituta Gobernuak igorri duen legeak xedetzat du Foru Berria berrikusi, eguneratu eta Nafarroako XXI. mendeko errealitateari egokitzea. Izan ere, aurreko bertsioak, 1973an sortuak, ebazten zailak ziren paradigmak sortzen zituen Nafarroako araudiaren eta Estatuko nahiz beste autonomia-erkidego batzuetako legeen artean.

 

Hura eguneratu beharra zegoen, jada 45 urte igaro direlako onetsi zenetik eta apirilaren 1eko 5/1987 Foru Legeak hein batean baino ez zuelako aldatu, Konstituzioaren esparrura egokitzeko soilik. Egokitze hori irekita utzi bazen ere aldatze eta garatze lan zabalago baterako, ez zitzaion 2006. urtera arte ekin lan horri. Orduan sortu zen Foru Zuzenbide Zibilaren Aholku Kontseilua, baina haren jarduera ez zen inolako proposamen zehatzetan islatu.

 

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioa testu oso bat da, eta barne hartzen dituen xedapenak tradizionalki zuzenbide zibila osatu duten gaiei buruzkoak dira: pertsona, familia, oinordetzak, jabetza eta kontratuak. Beraz, herritarren harreman pribatu guztiei eragiten die.

 

Nafarroako gizarteak eremu pertsonalean, familiarrean eta ekonomikoan izan dituen aldaketek ez dute isla egokia izan haren zuzenbide pribatuan, eta, ondorioz, elkarrengandik urrundu egin dira instituzioen erregulazioa eta harreman pertsonalen errealitatea. Foru lege proiektuaren bidez zuzendu egin nahi da egoera hori.

 

Nafarroako Zuzenbidearen instituzio historikoen kontserbaziotik abiatu da irekiera (diskriminatzaile izateagatik kendu diren batzuk alde batera utzita). Instituzio horiek gaurkotu egin dira, bai harreman pertsonalen aldetik bai ondareari eta ekonomiari begira garai batean haien konfigurazioaren oinarri izan ziren familia ereduez bestelakoei lekua egiteko. Betiere, estrapola daitezkeen ereduak dira, Nafarroako Zuzenbidearen oinarrizko printzipioak bere egiten dituztenak, hala nola askatasun zibil zabala eremu pertsonalean eta xedapenarenean, edo itunaren lehentasuna legearen gainetik.

 

Eguneratze horren helburua da pertsona guztiak babestea euren banakotasunean eta familiarteko, bizikidetzako eta ondarezko harreman pribatuetan, euren askatasun zibilarekiko errespetua oinarri hartuta (eta arreta berezia jarrita adingabetasunari, desgaitasunari, mendekotasunari, adinekoa izateari edo hala behar duen bestelako bizi egoera bati), eta Foru Berriaren ardatza izatera igaro da; lehen zituen 596 legeak mantentzen ditu, baina banatuta atariko liburu batean eta lau liburutan.

 

Atariko liburuan eguneratzeko asmoari ekiten zaio lehenbiziko legetik, zeinak, Konpilazio kontzeptua mantenduta, islatzen duen Nafarroako gizarte errealitatera egokitu dela eta aurreikusten eguneratuta sartzea testuan lege berezien bidez jada araututako instituzioak.

 

Lehenbiziko liburuak Pertsonak, familia eta Etxe nafarra du izenburua, eta figura berri bat dakar, familian desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen ondareak bereziki babesten dituena.

 

Familiaren heterogeneotasunaren aitortza ere badakar, errealitate sozial plural gisa, bai eta pertsonen oinarrizko eskubideen eta askatasun indibidualen adierazpen gisa ere. Arautu egiten ditu ezkontza, bikote egonkorra (segurtasun juridikoa emanez figura horri), bikote egonkorra osatu ez duten bizikidetzako harremanak, familia berrosatuak eta familia gurasobakarrak.

 

“Guraso-ahala” deitu denari “guraso-erantzukizuna” deitzen zaio, eta gurasoen arteko gurasotasun-ituna sustatzen da lehen aukera gisa, familia-harremanak arautzeko eta gatazkak ekiditeko.

 

Bigarren liburuan jasotako aldaketen funtsa xedapen askatasun osoaren aitortza da. Kendu egin dira zenbait instituzio, Konstituzioaren ikuspuntutik zalantzazkoak izateaz gain familietan gatazka larriak eragin dituztenak eta premia bereziak dituzten ahaideen babesa eragotzi dutenak.

 

Aitortza hori, bestalde, sistema berri baten barnean konfiguratu da, zeinak testamentu egiteko gaitasunaren babesa indartzen baitu, baita gaitasun horren galera arautu ere, bereziki ermandadeko testamentuan. Muga sentsorialak dituen testamentugilearen intimitatearen gaiari ere ekiten zaio, eta oinordeko izateko ezduintasunaren arautze propioa ezartzen da, eskergabekeria eta jaraunsgabetze kontzeptuetan islatzen dena.

 

Oraingo Hirugarren liburua bi liburutan banatu da. Hala, batetik ondasunen arloko zuzenbidea jaso da (Hirugarren liburua) eta bestetik betebeharren, estipulazioen eta kontratuen arloko zuzenbidea (Laugarren liburua). Bietan ere aldaketa teknikoak egin dira, eta horien artean nabarmentzen da egoera ahulean edo krisi ekonomikoan dauden kontratatzaile eta zordunen babesa.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan in voce zuzenketa bat eztabaidatu eta aho batez onetsi da, UPN, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN, PPN eta I-Ek aurkeztua, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuari sei hilabeteko epea ematen zaion (Legea NBOn argitaratzen denetik hasita) Lege proiektu bat Parlamentuari igor diezaion, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren edo Foru Berriaren lege xedapenak arau batean bilduz.

 

Lege honen sorburuan, aipatu den bezala, ponentzia bat dago, Foru Araubideko Batzordearen 2016ko martxoaren 15eko erabakiaren bidez eratu zena, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerra taldeen ekimenez.

 

Ponentziako burua Arantxa Izurdiaga izan da (EH Bildu talde parlamentarioa), eta kideak, Juan Luis Sánchez de Muniain (UPN talde parlamentarioa), Virginia Alemán (Geroa Bai talde parlamentarioa), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), Javier García (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).

 

Foru Berria berrikusi, gaurkotu eta XXI. mendeko Nafarroako errealitate sozialari egokitu nahian, ponentziak hainbat ekarpen eskatu dizkie operadore juridiko, ikertzaile, arlo juridikoko elkargo profesional eta gizarte-sareko entitateei, besteak beste.

 

Aldez aurretik, 2016ko urtarrilaren 11n eta 12an, Nafarroako Parlamentuan sinposioa egin zen, Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioarekin lankidetzan antolatua, Foru Berriaren erreformaren oinarriak ezartzeko asmotan. Hortik sinposioaren izena: Nafarroako Zuzenbide Zibilaren kodifikaziorantz.

 

Bilera horretan azaldu zenez, jada 2011n seme-alaben zaintzari buruzko foru lege batek Gobernuari urtebeteko epea eman zion “Nafarroako Foru Berria familia zuzenbideari dagokionez aldatzeko lege proiektu bat aurkezteko, gainerako instituzioekin integratuta sistema koherente bat osatu behar baitu”.

 

Sinposioaren justifikazioan argudiatu zenez, Nafarroako Foru Berria izan zen “onartutako azken konpilazio zibil-forala eta haren osoko berrikuspenak atzerapen-egoeran jarri du Nafarroako Foru Komunitatea berriro”. Izan ere, Nafarroak artean ez zuen gainditua kodetzearen erronka, “eta bai, aldiz, Balearrek (1990), Euskal Autonomia Erkidegoak (1992, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Lege berrian eguneratu den araua), Galiziak (1995 eta 2006), Valentziak (2007), Kataluniak (2010) eta Aragoik (2003 y 2011). Eta baita Asturiasek ere; Asturiasen 1998tik zuzenbide propioa jasotzeko lan handia egiten ari da Asturiasko ohiturazko zuzenbideko batzorde berezi bat, Espainiako Konstituzioaren 149.1.8 artikuluak zabaltzen dituen birtualitateez baliatuta”.