Kontuen Ganberak berriz ere gomendatu die talde parlamentarioei jasotzen dituzten dirulaguntzen berariazko kontabilitatea eraman dezaten
Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza Zerbitzuak eta Zerbitzu Juridikoek proposamen bat taxutu dute, hautestontzietatik heldu den organo berriak onetsi beharko duena.
Kontuen Ganberako lehendakari Asun Olaecheak ostegunean eman zion Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzari Nafarroako Parlamentuaren 2018ko kontuei buruzko txostena. Txostenak dioenez, “urteko kontuen aurreproiektua bat dator, alderdi adierazgarri guztietan, funts publikoen kudeaketari aplikatzekoak zaizkion arauekin”. Halaber, eta ekitaldi guztietan bezalaxe, Kontuen Ganberak zenbait gomendio egin ditu, legegintzaldi honetan lehen aldiz eraman direnak Mahaira, aplika daitezen.
Oraingo honetan, Kontuen Ganberak azpimarratu du beharrezkoa dela talde parlamentarioei esleituriko ordainsarien kontrolerako prozedura batzuk ezar daitezen, “aintzat harturik talde parlamentario horiei eskatu ahal izatea jasotako dirulaguntzen berariazko kontabilitate bat, diru-laguntza horiek behar bezala erabili direla egiaztatze aldera”.
Txostenean gogorarazten denez, Mahaiak talde parlamentarioen ordainsarien igoera onetsi zuen 2018ko urtarrilean, halako moduan non ordainsari horiek 2,88 milioi euro egiten baitute.
Kontuak kontrolatzeko organoak azaltzen duenez, ordea, 2018an ez da prozedurarik ezarri talde parlamentarioen ordainsariak kontrolatzeko. “Halere, Nafarroako Parlamentuko Kontu-hartzailetza Zerbitzuak eta Zerbitzu Juridikoek talde parlamentarioen ordainsariei buruzko arauak aldatzeko proposamen bat taxutu dute; horren arabera, talde parlamentarioek kontuak aurkeztu behar dituzte nahitaez, non balantzea, emaitzen kontua eta oroitidazkia jasoko baitira”. Arau horiek oraintsu taxutu dira, eta 2019ko maiatzaren 26ko hauteskundeetatik heldu den Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko ditu.
Parlamentuaren berariazko auditoriari dagokionez, Kontuen Ganberaren txostenak dio Nafarroako Parlamentuaren zorra 2018ko ekitaldiari buruzko urteko kontuen aurreproiektuan jasotako jarduketak, aurrekontu- eta finantza-eragiketak eta informazioa bat datozela, alderdi adierazgarri guztietan, funts publikoen kudeaketari aplikatzekoak zaizkion arauekin.