Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Ekainak 25

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak asteazken honetan ekingo dio bilera errondari I-E, Podemos-Ahal Dugu eta EH Bildu taldeekin

Gobernuko Lehendakaritzarako hautagaitza bat proposatu asmoz, ostegunean Geroa Bairekin, PSNrekin eta Navarra Sumarekin osatuko du bilera erronda

Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria, Unai Hualde, asteazken honetan, hilak 25, hasiko da Parlamentuan ordezkaritza duten talde eta alderdi politikoek izendatutako ordezkariekin egingo duen bilera errondarekin, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuko Lehendakaritzarako hautagaitza bat proposatzeko helburuarekin.

 

Ezarritako ordenari jarraiki, ordezkari gutxien dituen taldetik hasita, Izquierda-Ezkerrarekin hasiko du erronda (10:30ean Lehendakaritzako bulegoan). Ordu erdiko tartearekin, Unai Hualde Podemos-Ahal Dugurekin (11:00) eta EH Bildurekin (11:30) elkartuko da.

 

Errondari ostegunean emango dio jarraipena 10:00etatik aurrera. Geroa Bairekin Bildu ostean, 30 minutuko tartearekin, PSN eta Navarra Sumako ordezkariak jasoko ditu Lehendakariak.

 

Ganbera osatu ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko hurrengo lehendakariaren inbestidurarako epeek aurrera egiten dute.

 

Zehazki, Parlamentua osatzen denetik hamar eguneko epean, Parlamentuaren Presidenteak parlamentuan ordezkariak dituzten alderdi edo talde politikoek izendatu dituzten eledunekin kontsultak egin eta Foru Komunitaterako hautagai bat proposatu beharko du. Horretarako, osoko bilkura bat deituko du gutxienez 3 egun lehenago.

 

Txanda amaitu ondoren, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak hautagaia proposatuko dute eta Osoko Bilkura deituko dute.

 

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin zirenetik (maiatzaren 26a) hiru hilabete igaro ondoren ez bada hautagairik aurkeztu edo aurkeztu direnetatik ez bada inor hautatu, Parlamentua deuseztatuko da eta hauteskunde berriak deituko dira berehala.

 

Bisita instituzionalak

 

Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren lehen bilkuraren ondoren, Unai Hualdek komunikabideen aurrean agerraldia egin du datozen egunetan egingo dituen bisita instituzionalen berri emateko.

 

Horrela, asteazken honetan Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko Lehendakariarekin bilduko da (12:30). Ostegunean, ekainak 26,  Iruñeko Udalera bisita egingo du Enrique Maya alkate berriarekin biltzeko (12:30).

 

Datorren asteartean, uztailak 2, Unai Hualde Foru Erkidegoko Arartekoarekin, Javier Enérizekin bilduko da (10:00), Kontuen Ganberako lehendakari den Asun Olaechearekin (11:30) eta baita Espainiako Gobernuko ordezkari den José Luis Arastirekin ere (13:00).