Nafarroako Gobernua premiatzen da irakaskuntza publikoaren garapena lehenets dezan
Eskolatze-araudia aldatzeko eskaera egiten da, baita langile-taldeak planifikatzeko orduan PILEren aplikazioa eta berandu hasten diren ikasleak kontuan har daitezen
Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “irakaskuntza publikoaren garapena lehenets dezan eta, beraz, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoen hazkundea babestu dezan, guztiei hezkuntza sozializatzailea eta kalitatezkoa bermatze aldera”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “ez dezan eskola-unitaterik ken ikastetxe publikoetan, baldin eta eskaria behar adinakoa bada”.
Azkenik, hirugarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen da “eskola-postu bat berma diezaien ikastetxe publiko batean ikaspostu bat eskatzen duten ikasle guztiei”.
Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak gogorarazten du Gobernua babesten duten lau taldeek sinatutako gobernu-programak irakaskuntza publikoa garatzeko konpromiso argia jasotzen duela Nafarroako hezkuntza sistemaren ardatza den aldetik.
Helburu horrekin, “gizartearen erronkei eta herritarren hezkuntza-beharrizanei ikastetxe publikoetatik erantzuna emateko”, aipatu Akordioak jasotzen dituen neurriak aipatzen dira eskatzeko, esaterako, “Eskolaratze-araudia alda dadin, ikasleak hezkuntza publikoan eta beren inguru familiar eta sozialetik ahalik eta gertuen eskolaratzeko”, edo “langile-taldeen planifikazioa egiterako orduan ikastetxe publikoetan behin ikasturtea hasita sartzen diren ikasleak kontuan har daitezen, bai eta eskola-ordutegian PILE (atzerritarren hizkuntza murgiltze programa) aplika dadin”.
Bestalde, eta Irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko 2018-2022 urteetarako itunari dagokionez, non zehazten den “matrikula arrunteko eta bereziko prozedura orokorrean zehar automatikoak izanen direla bikoizketak”, Eultzako ikastetxe publikoan matrikulazioko prozedura arruntean, bi eskola-unitate mantentzeko deia egiten da (3 urteko bat deuseztatu baitzen), “baita egoera berean dauden beste ikastetxeetan ere”.
Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak: Pedro González, Iñaki Iriarte, Javier García, Elena Llorente, Raquél Garbayo, Ángel Ansa (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Carlos Mena (PSN), María Solana, Jabi Arakama (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu), eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
-
Mozioa (19. NPAO, 2019-10-01ekoa)