Parlamentuko Lehendakariak Nafarroako Unibertsitateko Errektoreari harrera egin dio
Unai Hualdek Parlamentuaren konpromisoa helarazi dio “duela zenbait urte erakundea unibertsitate munduari eta gizarteari hurbiltzeko helburuarekin sortutako elkarlanarekin jarraitzeko"
Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Unai Hualdek, Alfonso Sánchez Tabernero Nafarroako Unibertsitateko Errektoreari harrera egin dio gaur, baita honekin batera etorri den Asunción de la Iglesia Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelako zuzendariari ere.
Alfonso Sánchez Tabernerok azaldu duenez, lan bilkura bat izan da “Parlamentuaren eta Unibertsitatearen arteko harremana indartzen duten lankidetza formulak, Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela eta Parlamentu hiritarra, berrikusi eta eguneratzeko. Oso esperientzia emankorra da eta bizirik manten dadin nahi dugu”.
Unai Hualdek Nafarroako Parlamentuaren konpromisoa helarazi dio “duela zenbait urte erakundea unibertsitate munduari eta gizarteari hurbiltzeko helburuarekin sortutako elkarlanarekin jarraitzeko, izan Ikasgelaren bidez edo eta beste edozein ekimenen bidez”.
Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgela "unibertsitateko komunitate osoaren zerbitzurako tresna izateko sortua da, eta beraren bidez sakonean ikertu eta ezagutu nahi dira sistema politiko-parlamentarioa eta sistema juridiko-konstituzionala". Helburu hau garatzeko, gai ezberdinen inguruko hitzaldi eta jardunaldiak antolatzen ditu ikasgelak, maila altuko hizlari eta adituak gonbidatuz.
Ikasgela Nafarroako Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbide Departamentuak kudeatzen du, Nafarroako Parlamentuarekin 2002an sinatutako hitzarmen baten ondorioz.