Unai Hualdek harrera egin dio Nafarroako Albistari Grafikoen Elkarteari
Adierazi du Parlamentuak “informazio askatasunaren” aldeko konpromisoa duela eta interesgarria litzatekeela lan saio bat egitea batzorde parlamentarioan
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak gaur legebiltzarraren egoitzan harrera egin dio José Luis Larrión Nafarroako Albistari Grafikoen Elkarteko buruari. Iñaki Porto elkarteko idazkaria eta Adolfo Lacunza kidea ere bileran izan dira.
José Luis Larriónek azaldu duenez, bileraren gai nagusia izan da "sektorean zabalduz doan lan-prekarietate kezkagarria”, zeina ez baita ezkontzen "berriemaile grafikoek, bakoitzak bere hedabidean, eguneroko lan profesionalean beren gain hartzen duten erantzukizunarekin"; eta “lanbidea bere eskubide guztiekin batera” aintzat har dadila eskatu dute.
Ildo horretan, elkartearen ordezkariek “herritarren segurtasunari buruzko lege indardunaren kontrako arbuioa” helarazi diote lehendakariari, “informazio askatasunerako eskubidea eta informazioaren pluraltasuna mugatzen dituelako”.
Beste alde batetik, elkarteak ohartarazi du “irudiak modu ezegokian” erabiltzen ari direla, eta legearekin eta nazioarteko tratatuekin bat egile-eskubide "moralak eta materialak" defendatu behar direla aldarrikatu du.
Unai Hualdek bere sostengua eskaini dio sektoreari, eta legebiltzarrak “informazio askatasunaren” aldeko konpromisoa duela adierazi du. Lehendakariak interesgarritzat jotzen du lan saio bat egiteko aukera, elkartearen ibilbidea aurkezteko eta sektorearen kezkak eta aldarriak talde parlamentarioen bitartez bideratzeko.
Nafarroako Albistari Grafikoen Elkartea (NAGE) 2018. urtean sortu zen, eta helburu hauek ditu: prentsa argazkigintza eta bideogintza profesionala sustatzea, kolektiboa batzea, elkarteko kideen irudia eta lana sustatzea, kideei lege-babesa ematea, aholkularitza juridikoa eta akreditazioa eskainiz "beren lana egoki bete ahal dezaten"; kideen interes profesionalak ordezkatzea, "konpromiso profesionala sustatzea", eta egile-eskubideen defentsa indartzea.